Donostiako Aste Nagusia. Xabi Garre. Xabi ta Petti bikoteko kidea

«Petti eta biok musika egiteko eta ondo pasatzeko elkartu ginen»

Xabi ta Petti bikotea Kursaaleko terrazan izango da gaur. Euren gitarra hotsekin kalea girotuko dute eguerdian eta gauean.

2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Duela urte eta erdi elkartu ziren Xabi Garre (Donostia, 1970) eta Juan Luis Perez Petti, musika egiteko eta gozatzeko. Bide ezberdinetatik datoz, baina bi gitarra jotzaileek erraz lortu dute bat egitea eta euren musikarekin besteek ere ongi pasatzea. Bertsioak egiten dituzte gehienbat, baina irailean kaleratuko duten diskorako lau abesti sortu dituzte. Donostiako Kursaaleko terrazan izango dira gaur, 13:30etik 14:30era eta 21:00etatik 22:00etara. «Ezagutzen ez gaituztenei etortzeko gonbita egiten diet, eta diberti daitezela».

Nolatan elkartu zineten Petti eta zu? Zein helbururekin?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta beti izan dugu elkarrekin zerbait egiteko gogoa. Azkenean, duela urte eta erdi lortu genuen bi bideek bat egitea. Elkartzen eta entseguak egiten hasi ginen, eta joan den otsailean egin genuen lehen kontzertua. Musika jotzea eta ondo pasatzea da gure helburua, eta jendeak kontzertuetan gozatzea, besterik ez.

Zein musika jotzen duzue?

Gustatzen zaizkigun abestien bertsioak egiten ditugu; 50eko hamarkadakoak, batez ere. Dena den, gure abesti propioak sortzen hasi gara orain, disko berrirako. Rock-and-rolla egiten dugu funtsean.

Bat al dator musika hori elkartu aurretik egiten zenutenarekin?

Badu zerikusia; azken finean, bioi gustatzen zaiguna da. Egia da musika ezberdina egiten genuela Petti eta biok. Nik musika gogorragoa egiten nuen, eta Pettik gehiago jotzen zuen bluesera, baina bat egin dugu, eta ez zaigu arraroa egiten orain egiten dugun musika. Orain arte bakoitzak bere aldetik egin duenaren jarraipena baino ez da. Lehen momentutik elkar ulertu dugu, eta, egia esan, ez dugu eztabaida handirik izaten.

Disko bat atera zenuten abenduan. Besteren bat ateratzeko asmorik baduzue?

Bai. Abenduan atera genuen diskoa biniloan aterako dugu orain, lau abesti berri gehituta. Guk sortuak dira abesti berri horiek. Grabaturik dago dagoeneko, eta pentsatzen dut irailerako edo urrirako kalean izango dela.

Uda honetan, Euskal Herritik kanpo ere izan zarete kontzertuak ematen. Nolako harrera izan duzue?

Bai, zortzi bat egunez izan gara kanpoan, eta duela gutxi etorri ginen. Benidormetik hasi eta Bartzelonara, kostalde guztian jo genuen. Egia esan, oso ondo hartu gintuzten, eta bizi-bizia izan zen. Iaz ere izan ginen han, eta jendeari hainbeste gustatu zitzaionez, aurten ere joateko eskatu ziguten.

Donostiako Aste Nagusian, Kursaaleko terrazan izango zarete. Zertaz gozatuko du zuek ikustera joaten denak?

Gu ikustera joaten denak bi lagun ikusiko ditu, rock-and-rolla jotzen eta ondo pasatzen. Hori helarazi egiten da, eta jendeak ere ondo pasatzen du. Gainera, eguerdian eta gauean joko dugunez, abesti pila bat jotzeko aukera izango dugu. Bi emanaldiak ez dira berdinak izango inola ere. Musikarekin jolasten gara, eta jotzen ari garela erabakitzen dugu zer joko dugun, giroaren arabera.

Nolako harrera espero duzue Donostian?

Betikoa, oso ona. Beti hartzen gaituzte ondo. Beraz, ez dugu besterik espero. Dantzan eta barrez ikusten dugu jendea, gozatzen. Ezagutzen ez gaituztenei etortzeko gonbita egiten diet, eta diberti daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.