Aurtengoa greba urtea izan da Hollywooden, eta, zinemak bezala, telebistak ere igarri du gidoigileen eta aktoreen plantoa. HBOk 2025era arte atzeratu ditu Euphoria eta The White Lotus-en denboraldi berriak, Paramount plataformak 2024 amaieran emango ditu Yellowstone-n agurreko atalak, hau da, aurreikusi baino bi urte geroago, eta Netflixek noiz arte zehaztu gabe atzeratu du Stranger Things-en akabera.
2023ko uztari dagokionez, grebak baldintzaturiko telesail bat izan da urteko izar nagusietako bat: apokalipsi giroko The Last of Us. Craig Mazinek mundu osoa txunditu zuen Chernobyl-ekin, eta, lau urte eta pandemia bat geroago, zinema kutsu eta zama emozional sakoneko atalak ondu ditu berriz ere HBOrentzat.
Israelek Ukraina mediatikoki irentsi aurretik, errusiar disidenteen inguruko istorioak ere lehen lerroan kokatu dira pantaila txikian. Filminen eskutik heldu da Litvinenko, Putin lau haizeetara kritikatu ostean polonioz pozoituta erail zuten izen bereko espioiaren inguruko fikzio britainiar soila. Errumaniako Spy/Master-ek, berriz, thriller estilotsu eta entretenigarria osatu du Nicolae Ceausescuri bizkarra eman eta AEBetara ihes egin zuen zerbitzu sekretuetako agente baten inguruan.

Homeland telesailean zortzi denboraldiz espioi protagonista gisa aritutako aktorea izan da urteko beste izen propio bat: Claire Danes. Izar estatubatuarrak bi nobedade estreinatu ditu ia aldi berean: batetik, Fleishman is in Trouble dibortzio drama sentikorra, eta, bestetik, neo-noir estiloko Full Circle bahiketa thrillerra. Steven Soderberghek mahai kolpea eman zuen udan kapitalismoa eta talka kulturalak esploratzen dituen lan labirintiko horrekin, eta puntako tokia merezi du urteko telesail onenen zerrendan.
Agur seinalatuak eta umore beltza
Pantaila txikiaren zale gutxik egin diote izkin aurten Succession-en agurrari. Jesse Armstrongek sekulako erakustaldia egin eta maisuki borobildu du negozioen munduko familia drama garratz hori, aspaldiko telesailik gogoangarriena bilakatzeraino.
Antiklimax kutsuko amaiera izan dute azken aldiko bi telesail britainiar seinalatuk. Monarkiari buruzko The Crown hustuta iritsi da azken txanpara, hastapenetako handitasun dramatikorik gabe. Sex Education komedia jostariaren diskurtsoa, berriz, mamitsuago bilakatu da urteen poderioz, eta aparteko ekarpena egin du nerabeen sexualitateari buruzko dozenaka tabu hautsi nahian. Tamalez, ahalegin ausart horretan zangotrabatu da.
Institutuko gaztetxoen tankerako liskar bat da, hain justu, urteko telesailik onenaren motorra. Netflixeko Beef dramedia asiar-amerikarrean, gizon batek eta emakume batek elkarrenganako amorru jasanezina sentituko dute, auto istripu bat ozta-ozta saihestu ondotik. Ordu erdiko hamar ataletan, Lee Sung Jin sortzaile korearrak klase arrakala, senideen arteko tentsioak eta benetako amodioa esploratu ditu, egia emozional handiko gidoi bizi bat eta primerako interpretazioak baliatuta. Drama bikaina ez ezik, komedia dibertigarria ere bada, edonori gomendatzeko modukoa.
Dena den, lan arloko The Consultant thrillerrak jorratu du giza gatazken alderik makabroena. Christoph Waltz aktore ezagunak ikaragarrizko lana egin du enpresa teknologiko baten emaitzak hobetzeko Elon Musken itxurako aholkulari tiraniko eta manipulatzailearen larruan. Umorerik beltzena zukutzean funtzionatu du hobekien.
Antzeko zerbait gertatzen da Filminek berreskuratu dituen beste bi telesailekin, biak ala biak errealitatean oinarrituriko fikzio britainiarrak. The Thief, His Wife and the Canoe istorio aztoragarria da: hila den plantak eginda identitate faltsu batekin beste bizimodu bati ekiten ahalegindu zen John Darwinen eta haren emaztearen istorioa. The Curse, berriz, inoizko urre lapurretarik handienetako bat egiten duen Londresko lagun talde baldar baten abentura malapartatua. Iraupen laburreko gutizia ederrak dira bata zein bestea.
Sinesmenaren misterio makurrena
Espainian La Mesias izan da urteko telesailik esanguratsuena. Flos Mariae eta sekta ultrakatolikoak inspirazio hartuta, Los Javis bikote artistikoak, mugarik gabe arriskatu, eta drama paregabe bat sinatu du, ikusleen barrenak mugituko dituen narrazio eta forma izugarri aberatseko lana.
Alex de la Iglesia bilbotarrak ere, erlijio kontuekin jarraitu, eta bere ibilbideko lanik ausartena osatu du 30 monedas telesailaren bigarren denboraldirako. Indarkeria eta fantasia bor-bor, audientzia markak hautsi ditu, eta gehien ikusitako telesailen artean kokatu da HBO Maxen mundu osoko zerrendetan.
Bien bitartean, Itxaso izan da ETBn fikziozko nobedade bakarra. Surfaren mundua eta dolua uztartuta, bazirudien familia drama hori izango zela Primeran euskarazko streaming plataforma berriaren lehen hilabeteetako ikurra. Telesaila, ordea, oihartzun apala bildu, eta nerabeentzako saio bat gehiago besterik ez da izan. Netflixen ere ikusgai dago dagoeneko.

Urteko harribitxi ezkutua frantsesez entzun liteke, baina ez dator Paristik, Montrealdik baizik. Xavier Dolan zinemagile gazte transgresoreak estreinako telesaila plazaratu du, La nuit où Laurier Gaudreault s’est réveillé. Bortxaketa baten ondorioz hautsitako laguntasuna ardatz, bere ibilbideko proposamen sakon, ilun eta helduena da.
AURTENGO TELESAIL ONENAK
Beef (Lee Sung Jin, Netflix).
Full Circle (Steven Soderbergh, HBO Max).
La nuit où Laurier Gaudreault s’est réveillé (Xavier Dolan, Filmin).
The Last of Us(Craig Mazin, HBO Max).
La Mesías (Los Javis, Movistar Plus).
Spy/Master (Christopher Smith, HBO Max).
The Consultant (Tony Basgallop, Amazon Prime Video).
The Thief, His Wife and the Canoe (Chris Lang, Filmin).
The Curse(James De Frond, Filmin).
Litvinenko (George Kay, Movistar Plus).