Lehenago ere elkartzen ziren gazteak Irurtzunen (Nafarroa) eta haren inguruko herrietan, baina orain hamar urte erabaki zuten lehenengoz gazte jaialdi bat antolatzea. Pikurock izena jarri zioten, herriko Pikuxar deituriko euskal txokoaren izenari keinu eginez. Urtero egin dute geroztik, eta hamargarren urteurrena ospatuko dute aurten. Bestela ezin zenez, jaialdia antolatuz ospatuko dute urteurren biribila. Musika eta festa.
Gau bakarreko festa izango da larunbatekoa, baina gau osokoa. 20:30ean hasiko dira kontzertuak, eta bi agertokitan banatuko dituzte parte hartuko duten artistak. Herriko kiroldegian jarriko dute oholtza nagusia, baina kanpoaldean karpa bat ere jarriko dute, eta han ere izango dira kontzertuak eta DJ saioak. Gauetik goizera arte.
Rocka eta rapa
Handia da, izan ere, izen zerrenda. Zea Mays, Txarrena, Kaotiko, Gatibu eta Irurtzun bertakoa den Kerasy taldeen rock doinuak izango dira nagusi kiroldegi barruan lehenik, eta Tximeleta taldea arituko da, azkenik, jendea dantzan jartzen. Kanpoko oholtzan, berriz, euskal rapa Goienetxe Anaiak taldearen eskutik izango da, eta DJ Bull, DJ Jo Ta Txo eta Kalean Batu taldeek ere eskainiko dute saioa.
Beteta dator kartela artistaz, baina musikak ez ezik, aldarrikapenak ere izango du bere pisua jaialdian. AHTa gelditzearen aldekoa ere bada festa gaua.
15 euroko prezioa izango dute sarrerek jaialdiaren aurreko egunetan erosiz gero, eta 20koa, berriz, bertan erosiz gero. Eta badago sarrerak banku ordainketen bidez erreserbatzeko aukera ere. Autobusak ere jarriko ditu antolakuntzak, Leitza eta Iruñetik, eta jaibusak izango dira Sakanan.
Asteburuko proposamenak
Pikurock jaialdiaren hamargarren urtea
Irurtzun. Hamar urte beteko ditu larunbat honetan Irurtzunen egingo den Pikurock musika jaialdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu