Hamaika trikimailu erabiltzen dute pilotariek 22 tantora heltzeko. Bi paretak, ezker gantxoak... txokora ere bidaltzen dute tarteka pilotaren bat. Begi bistakoa ez bada ere, harreman estua izaten du pilotariak azken horrekin: jokalariak pilotak ematen dizkio txokoari; txokoak, askotan, tantoak itzuli. Duela hilabete ingurutik, are estuagoa da harremana: martxan da Pelotadenda(www.pelotadenda.com), pilotari nahiz pilotazaleek sarean duten txokoa.
Hanka puntetatik bururaino. Goitik behera pilotari profesionalen gisan janzteko behar den guztia eros daiteke sareko pilota dendan: oinetakoak, galtzak, elastikoak... Jantziez gain, beste hainbat osagai daude eskuragarri; pilotek, palek, kaskoek, kirol poltsek, garaikurrek eta abarrek betetzen dute dendaren erakusleihoa. «Denda komertzial soil bat izateaz gain, pilotazaleari txoko bat egin nahi izan diogu, beste informazio batzuk eskura izan ditzan», dio Koro Barrenetxea Pelotadendako arduradunak. Pilota munduko albisteak, araudiak, eta euskal pilotaren inguruan argitaratu diren liburu zein bideoak ikus daitezke atarian, besteak beste.
Abantaila ugari eskaintzen ditu Pelotadendak. Harpidedunentzat eskaintza bereziak daude; hilero zozketak egiten dituzte erosleen artean.
Euskal Herritik nahiz kanpotik
Ordutegien menpe ez egotea ere abantailatzat dauka Barrenetxeak: «Larunbat eta igandeetan ere egin daitezke erosketak; gainera, oso erraza da: klik gutxirekin artikulua saskian duzu, eta ordaintzeko, hainbat modu eskaintzen ditugu».
Joan den urriaren 4tik eskaintzen du zerbitzua Pelotadendak. Euskarri fisikoa Hernanin du (Gipuzkoa), eta webgunean dauden produktu guztiak eskura daitezke han. Martxotik aurrera, gainera, Mitxel kirol dendak atal berezi bat eskainiko dio pilotari. Horrela, Interneteko artikuluak ikusteko aukera izango da: «Ukitu beha-rreko materiala da pilotan erabiltzen dena, eta jendea telefonoz edo Internetez harremanetan jartzen da gurekin materiala probatu nahi duela esateko».
Euskal Herritik ekartzen dituzte produktu gehienak. Baina urrunetik ere iristen da produkturen bat; paleta argentinarra, kasu. Baita eskaerak ere: lehenengoa Galiziako O Porriño herritik etorri zen. Herrian bertan ez dago frontoirik, eta ondoko herri batera joaten direla azaldu zion erosleak Barrenetxeari: «Materialarekin oso pozik zegoela esateko deitu zidan erosleak. Han zailagoazaie materiala lortzea; aulkien azpian jartzen diren itsasgarriak jartzen zituzten orain arte, ez irristatzeko».
Lehen hilabeteko emaitzak ikusita, pozik daude Pelotadendan; jendea gustura dago dendako eskaintza zabalarekin. Gainera, irabazi ekonomikoez harago, badago zerbait gehiago: «Kontua ez da saltzea bakarrik, sor daitekeen harremana baizik; Internetdagoen tokian, ez dago distan-tziarik», dio dendako arduradunak.
Hasierako helburua lortu dute, pilotarako behar den guztia eskuragarri jartzea: «Ni, pilota munduan nenbilenean, eskasia zegoela konturatu nintzen artikuluak aurkitzeko orduan, horretan hutsune bat zegoela». Geroz eta produktu gehiago gehitu nahi dizkio Koro Barrenetxeak Interneteko dendako erakusleihoari. Kopuruan gora joan, neskak pilota munduan doazen moduan.
Atal berezia eskaini die Pelotadendak neskei, eta etorkizunera begira produktu berriak jarri nahi dituzte haien eskura, mutilek eta neskek jantzi eta tresnetan aukera berdina izan dezaten: «Tenisean neskentzako jantziak baldin badituzte, pilotan zergatik ez?».
Jendetza mugitzen duten kirolekin ezin da konparatu pilota. Baina Euskal Herrian kasu egiten zaion kirol bat da, praktikatzen da eta estimatua da. Hedabideek tarte bat eskaintzen diote azken albisteen berri emateko. Baita Internetek ere; informatzeaz gain, pilotaren munduan murgildu eta pilotari peto-petoen antzera janzteko aukera ematen du orain. Pilotak badu bere tokia, badu bere txokoa.
Pilotak sareko txokoan egin du tantoa
Pilotari eta pilotazaleentzako txokoa da Pelotadenda. Pilotan jokatzeko materiala saltzeaz gain, kirol horren inguruko albisteak ematen ditu Interneten duen atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu