Dimitri Azebaze. Euskal Herrira legez kanpo etorritako kamerundarra

«Pilotakadaka hartzen gaituzte, eta balekin ere tiro egin izan dute»

Paperik gabe heldu zen Dimitri Azebaze Euskal Herrira. Bost urtez egon zen lanik gabe edo legez kanpo beharrean. Gerora ipuin kontalari, tailer interkulturalak eskaintzen eta automobilgintzan aritu da.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Berriozar
2015eko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamar urte dira Dimitri Azebaze (Duala, Kamerun, 1978) Iruñerrira ailegatu zela, baina bidaia haren oinazea gogoan du oraindik. Hegoaldea eta iparraldea banatzen duen hesia saltatu behar izan zuen, eta ondorengo bizipenak ez ziren samurragoak izan. Legez kanpo lanean aritu behar izan zuen, eta, horregatik, 1.000 eurotik gorako isuna jaso zuen. Berriozarren (Nafarroa) bizi da. Oraindik ere begiak bustitzen zaizkio garai horiek gogora ekartzean.

Duela hamar urte ailegatu zinen Iruñera; nola?

Ceutatik ailegatu nintzen 2005eko otsailaren 11n. Iruñera, ekainean; bi hilabetez etorkinen zentro itxietan izan ninduten, hegoaldean etorkinentzako duten kartzelan. Hainbat hilabete egon nintzen han, eta hona ekarri ninduten deportatzeko, baina ez zuten egin, eta eskale utzi ninduten. Bost urtez gora eta behera ibili nintzen, bizimodua handik edo hemendik ateratzen, baina ez zegoen aukerarik. Legez kanpo lan egin behar izan nuen utzitako dokumentazioarekin. Nire bizitzako garai zail bat izan zen, esperientzia txarra. Kartzela batean bezala bizi nintzen, ez zegoen ateratzerik, gauzak modu legalean egiterik, ezta familiako kideei dirua bidaltzerik ere. Dokumentaziorik gabe aurrera egitea oso zaila zen.

Zergatik erabaki zenuen Nafarroara etortzea?

Gutako gehienek ez genuen helmuga zehazturik, senak eta zailtasunek gidatzen gintuzten. Inork nonbait ezagunik izanez gero, Gurutze Gorriak bidaia, ogitartekoa eta ur botila ordaindu, eta hara bidaltzen zuten autobusean. Autobusera igo nintzenean, mapa bat eman zidaten. Pasatutako guziarekin Nafarroak erakarri ninduen, bandera gorria zuelako. «Nire bidea gorria denez, hara joanen naiz bandera horren esanahia ulertzeko», pentsatu nuen. Lehenbiziko egunean aterpetxe batean lo egin nuen, eta pixkanaka hemengo kamerundarrak ezagutu nituen.

Zein da euskal kulturarekin izan duzun harremana?

Nire amak zioen toki batera joan eta jendea biluzik doala ikusiz gero ni ere biluzteko. Gainera, kulturarik gabeko herri bat garaitutako herria da. Zein da kultura baten oinarria? Bere hizkuntza. Ni frantsesez eta ingelesez mintzo naiz, baina ezin dut hizkuntza horiekin konfidentzia egin. Horretarako nire ama hizkuntza behar dut: yemba. Hemen nintzela ikusi nuen gaztelera denek hitz egiten zutela, beraz, ingelesa eta frantsesaren gisakoa zen. Euskara ere bazen, baina ez zuten denek hitz egiten. Euskal kultura ezagutzeko euskaldunen hizkuntza ezagutu beharra dago; beraz, ikasi nahi nuen, baina ez zegoen modurik. Gaztelera doan ematen ziguten, baina euskara ikasteko garesti ordaindu behar zen. Arraro egin zitzaidan bertako hizkuntza ikasteko ordaindu behar izatea.

Zu ez zara mintzatzen, baina alabak euskarazko ereduan ikasten du.

2013an nire familia etorri zen, eta haurra euskarazko eredura eraman nuen, gure familian norbaitek euskaraz jakin dezan. Gainera, etxean ingelesa, frantsesa eta yemba ikasten ditu. Bien bitartean, aterabide baten zain nago, hizkuntzen arteko desorekak gainditu eta denok euskara ikasteko aukera ere izan dezagun, gaztelania bezala.

Sorterria uztea erabaki gogorra da. Zerk bultzatu zintuen Kamerun uztera?

Sentitzen dut, nire erantzuna ez delako izanen nahiko zenukeen bezain argia. Jendeak arrazoi askorengatik alde egiten du bere sorterritik. Haietako bat da gatazka demokratikoena, bere garaian Kamerunen gertatu bezala. Nire herrialdeko mundu politikoarekin bat egin nuen, ez politikari moduan baina. Afera batzuetan sartu nintzen, baina ez zitzaidan ongi joan. Giroa baretu arte alde egiteko gomendioari jarraitu nion, baina, Txadera ailegatu nintzenean, ez nuen gelditu nahi izan. Bizimodua zaila zen han, jende asko zegoen eskean. Bidaia ezezagun bati ekin nion, helmuga ezezagun baterako bidean.

Nola ailegatu zinen Ceutara?

Lehenbizi, Libian egon nintzen, esaten zigutelako errazagoa zela handik Europara ailegatzea. Baina Tripolin nintzela ikusi nuen dena gezurra zela. Itsasoa zabala da, asko ordaindu behar zen, eta are gehiago arriskatu, eta ordurako asko sufritu nuen basamortua zeharkatzen. Ez nengoen bizia itsasoan berriz ere arriskatzeko prest. Marokotik pasatzea erabaki nuen; Aljeria gurutzatu, eta hegoaldean deportatu egin ninduten. Guruguko mugan Guardia Zibilaren oldarraldia izan genuen; gogor jo ninduten, gaixotu nintzen, eta basoan etzanda eman nuen hilabete. Nire onera etorri nintzenean, Gurugutik —Melilla ingurutik— Ceutara joan nintzen, 450 kilometro inguruko bidaia eginda. Hesia berriz ere. Lehenbizi, igerian saiatu nintzen, baina saiatzen ginen bakoitzean Guardia Zibilak harrapatzen gintuen. Bederatzigarrenean lortu nuen: gauaren ilunean salto egin nuen.

Hesia igaro arte, nola bizi zinen?

Bizi? Kontatzen badizut, adituko duzu, baina ezinen duzu sentitu. Ezin duzu imajinatu ere egin zenbateraino jota eta mespretxagarri egon litekeen gizaki bat. Harrien gainean lo egin, kalean, Marokoko Polizia atzetik duzula esnatzeko beldurrez... eta makurrena, zaborretan dagoenarekin elikatzea. Etxe inguruetara ere ezin zara joan galdetzera edo eskatzera; Poliziak harrapa zaitzake, eta Aljeriako mugara deportatu. Eta han, berriz ere atxilotu eta Malira deportatzen ahal zaituzte. Arriskatu baino, jendeak nahiago du basoan eutsi, hotza eta euria bada ere. Ezatsegina zen, baina ez genuen beste aukerarik; hura zen azkenengo muga. Haraino ailegatu eta oso jende gutxik egin du atzera. Nahiago dute ahaleginean hil, itzultzen bizia galdu baino. Esperientzia oso txarra da; gogoratzeak ere min ematen du.

Toki ezezagun baterako bidaia zen. Zer zenekien Europari buruz, eta nolakoa uste duzu dela orain?

Nire herrialdean informatika irakaslea nintzen, eta eraikuntza enpresa bat zuzentzen nuen. Egoera onean nengoen, eta ez nuen Europara etortzeko inolako asmorik. Are, ez nuen ideia hori atsegin. Nirea bezalako herriak garapen bidekoak, txiroak edo azpigaratuak direla diote, baina askatasun handiko lurraldeak dira. Hemen arazoak zuregana datoz, bilatu ez arren. Afrikan Europari buruz irakasten digutena gauza politak dira: luxuzko eraikinak, autobideak, lehen mailako autoak... Banekien tentazio txarra zela hura. Adibidez, Kamerunera Etxabakoitz auzoko argazkiak bidaltzean ez dute sinesten hori Europa denik.

Europako agintariek arazo handienetakoen pare jarri dute mugen afera.

Ministro batek esan du azken boladan gazteak lana bilatzera alde egitea kanpo mobilizazioa dela. Herrialde igorleek antzera pentsatzen dute: joan zaitezte eta utzi herrialdea bakean. Haserretu eta herrialdea mugitu dezaketen gazte geroz eta gutxiago, hainbat eta hobeki. Hona arrazoi askorengatik ailegatzen gara, gehienetan ekonomikoengatik. Arazoa ez da falta zaiela, baizik eta Europak kendu egin diela. Afrikako lehengai guziak hemen eraldatzen badira, han ez da lanik sortzen.

Donostiako udalbatzan alkateak esan zion PPko zinegotziari atzerritarrak pilotakadaka jasotzen dituztela. Eta salaketa jarri zion. Ez da egia alkateak esana?

Pilotakadaka hartzen gaituzte. Nire anaia hemen bizi da, eta bizkarrean pilota baten orbaina du, eta hesian pilotakada batekin begia galdu zuen lagun bat dut Alacanten. Zergatik salatu du alkatea? Oker ari dela uste dut. Pilotakadaka hartzen gaituztela egia da, eta benetako balekin tiro ere egin dute. Ni mugan nengoelarik bi nigeriar hil zituzten.

Ez dira garai onak arrazakeriaren aurkako borrokarentzat.

Arrazakeria buruko gaitz bat da, nire aburuz. Espainian politikariek sustatzen dute. Boto bat lortzeko nire aurka hitz egiten duen politikariak arrazakeriaz jokatzen du, eta jendea gaixotzera behartzen du. Interesagatik egiten dute. Baina gizakiak gara. Zenbat eta kolore gehiago, are eta hobeki; ez nuke nahi denek nire antza izaterik. Beraz, politikariek bakean utz gaitzatela halako diskriminazioekin.

Arrazakeria ezjakintasunari lotzen zaio sarri. Mendebaldean badakigu zer den Afrika?

Kamerunen bizi diren europarrak asko dira. Han arrazakeriarik ezagutu dutenetz galdetu beharko genieke. Gure aburuz, denak espezie berekoak gara. Are, Mendebaldeko etorkina Afrikatik datorrena baino hobeki hartzen dugu, hain urrutitik badator gertuagotik datorrenak baino arazo gehiago izanen dituelako. Beltzek haien herrialdeetan jendea ongi hartzen dute, eta urrunetik datorrena ongi tratatzen dute. Hemen, kontrara, diskriminazio handia zegoen ni ailegatu nintzenean.

Egunerokoan arrazakeria agerikoa zen, beraz?

Billabesara igo eta emakume batzuek oso fuerte heltzen zioten poltsari. Neure buruari galdetzen nion: zenbaterainokoa izanen da hauen gaixotasuna? Zer esanen zieten? Lau eserleku dauden tokian jartzen nintzen, eta bidaia osoa bakarrik egiten nuen. Inork ez zuen nire ondoan eseri nahi; zutik geratzen ziren, eta nik irri egiten nuen. Hori zen ezinegona: «Eseri, elkarrekin eginen dugu bidaia, eta hitz egin dezagun». Ondoren, pixkanaka urratsa egin nuen, eta haien ondoan esertzen nintzen. Agurtu, eta ez bazuten erantzuten, isiltzen nintzen. Erantzunez gero, hitz egiten genuen. Neure burua ezagutarazten nien. Ez zidatenez haien atea ireki, nik zabaldu nuen nirea. Horrela hasi nintzen ezagunak eta lagunak egiten. Izan ere, norbait ezjakina baldin bada, lagundu behar zaio.

Ateak irekitzen trebea zara zu. Zure herrialdeko ipuinak kontatzen lan egin izan duzu hemen.

Mugitzen garenero, sakelan dugun diruaz gainera beste aberastasun bat dugu buruan, gurasoek eman digutena. Pena handia dut, hemen zaharrak biloba eta gazteengandik urrundurik daudelako, eta hori kulturaren egiturarako suntsiketa da. Ni aitatxi-amatxirekin hezi nintzen, haiengandik ikasi nuen. Zaharren egoitzan itxiz gero, biblioteka hil egiten da. Nik batzuetan amari hots egiten diot 5 urte nituenean kontatzen zizkidan ipuinak gogorarazteko. Denborarekin aurrera egiten laguntzen digun ahozko transmisioa da hori. Nire kultura da, eta, hemen galtzen ari denez, horri eusten eta hemen zabaltzen saiatu naiz.

Ahoz soilik ez, zure bizipenak El que se rinde, se queda (Amore ematen duenak ez du aurrera egiten) liburuan jaso zenituen.

Irakurri izan dut Afrikan transmisioa ahozkoa dela idatzizkoa izan beharrean. Orduan, hori gezurtatu nahi izan nuen. Ez nuen idatzi denek espero zutena, bidaia; hori aurrerago izanen da. Baina ikusi eta bizi izan dudana idatzi nuen: hemen bizi izandako lehenbiziko bost urteetako esperientzia. Zailtasun eta oztopoen berri ematen dut, Europara etortzearekin amesten dutenek errealitatea lehen pertsonan bizi duen baten eskutik ezagut dezaten erabakia hartu aurretik.

Deportazioaren dramaz mintzatu gara. Ez da afera berarengatik, baina Hassanna Aalia sahararra deportatzeko arriskuan dago. Zer iritzi duzu? Zu ere deportatzeko arriskuan izan zara.

Nork ez du hemen nahi? Nik argi dut: gera dadila, joaten bada hil eginen delako. Zergatik deportatu nahi dute? Interes ekonomiko eta politikoengatik? Horrek ez du balio. Ni deportazioen aurka nago, arrazoia dena delakoa izanda ere. Ni Marokon bizi izan naiz, eta badakit, nire herrialdean bezala, oso erraza dela norbait hil eta familiak deus esaterik ez izatea. Edo ofizialki ez zaituzte hilko, baina jende asko hiltzen da auto istripuetan. Agintari hauekin kontuz ibili beharra dago. Nahiago dut haren bizitzaren alde egitea, eta gero, beharrezkoa bada, epaituko dute.

Kamerunekin lotura mantentzen duzu hemen ere; Twitterren ere hango albisteak jartzen dituzu. Azken boladan Boko Haram taldea hizpide izan duzu. Nola ikusten da hemendik?

Kasu horretan zortea dut Kamerunen ez nagoelako, batez ere iparraldean, gatazka dagoen tokian. Baina min ematen dit, kanpoan gaudenean kamerundarrak bat garelako. Min ematen dit Boko Haramek, lanik gabeko mutilek osatzen duten talde terroristak. Auzoan hazi eta hezi diren mutilek haien arima talde bati eman diote. Gainera, mendebaldeko herrialdeek diruz lagundu dutelako susmoa dago. Hemendik informatzen saiatzen naiz. Hedabide askotatik albisteak hartzen ditut, iturriak egiaztatu eta nire orrialdean argitaratzen ditut, nire herrikoek iparraldeko mugan gertatzen ari denaren berri izan dezaten. Haiek ez dute guziaren berri, badakizu nolakoak diren hedabideak: nazionalek eta pribatuek haien zatia kontatzen dute. Beraz, nire informazioa haiek dakitenaren osagarri da.

Amore ematen duena geratzen da. Zuk ez duzu amorerik eman.

Bizitza honetan amore ematen baduzu, geratzen zara. Bizitza erloju baten antzekoa da. Pilak bukatzen badira, gelditu egiten da, baina bitartean orratzek birak ematen dituzte etengabe. Hori buruan dut beti: jaikitzeko aukera dudan bitartean, goizean esnatu eta ibiltzeko gai naizen bitartean, nire bideari jarraituko diot. Irribarrea ahoan eta animoa gorputzean, gaixotasunak hiltzen ez nauen bitartean, borrokan jarraituko dut, idazten, nire familiarekin egoten, informatzen eta egin behar dudana egiten. Ezin badut, amore eman dudan seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.