Bilboko Aste Nagusia

Pilotaren modalitateak, kalera

Bilbon frontoi mugikor bat jarri dute, zesta punta, pala, xarea eta esku pilotaren nondik norakoak erakusteko

Mikel Goñi pilotaria Frontainerrean izan zen, atzo, txupinera eta pregoilariarekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Jendea frontoira ez badoa, frontoiak plazetara eramatea. Hori da Bilbo Jai Alai elkartearen helburua, eta, horretarako, frontoi mugikor bat jarri dute Erripan, pilotaren modalitate guztien berri emateko asmoarekin. Egitasmoak Frontainer du izena, frontoi eta kontainer hitzaren arteko elkarketaren ondorioz. Eta hitz elkarketak dioen bezala, bi elementu horiek lotzen ditu Bilbo Jai Alairen ekimenak. «Kontainer bat hartu, eta kantxa bat izateko moduan jarri dugu», dio Iranzu Arginzoniz elkarteko presidenteak. Euren helburua betetzeko, hainbat herritako plazetan jartzen dute Frontainerra, pilotan nola jolastu erakusteko.

Zesta punta, pala, xarea eta esku pilotan nola aritzen den azaltzen dute ekimen honetan, eta orain arte harrera beroa izan dute, Arginzonizek azaldu duenez. «11:00etan zabaldu, eta gaueko 9ak arte, jende ugari iristen ari zaigu egunero, gelditu gabe ari dira lanean gure irakasleak».Uste du kokapena dela arrakasta horren giltzetako bat. Izan ere, hiriaren erdigunean egoteaz gain, jaia dagoen lekuan ere jarri dute Frontainerra. Hara inguratzen ari baitira konpartsetako kideak, gazteak, helduak, haurrak, eta abar.

Arrakasta horrek atzo jo zuen goia. Izan ere, Mikel Goñi pilotariak atzo eskuz nola jokatu behar den erakutsi baitzien inguratu zirenei. «Sekulako ikusmina zegoen, goizetik ari zen jendea hona inguratzen jakitearren ea noiz etorriko zen, eta zer egingo zuen», Arginzonizen esanetan. Batez ere, pilotan jokatzen ez dakitenentzako eskola izan zen, eta posturak nola hartu, pausoak nola eman eta beste erakutsi zuen. Horren ondoren, haurren aurka partidatxo bat ere jokatu zuen pilotari nafarrak.

Baina ekintzek aurrera jarraituko dute frontoi txikian. Gaur bertan, konpartsako kideak izango dira Erripan elkarrekin pilota txapelketa bat egiteko, hainbat modalitatetan. Horren ondoren, xisterarekin gomazko pilota errekaren alde batetik bestera jaurtitzen saiatuko dira konpartsakideak. «Ez da erraza izango, egun hauetan saiatu baikara, eta zaila da». Giro ona, eta jendea, bederen, bermatuta egongo da.

Euskal Herrian zehar

Bilboko Aste Nagusian estreinakoz jarri dute Frontainerra Erripan, baina aurretik ere egitasmoa egon da hiriburuan. Urte honetako Aste Santuan ere jarri baitzuten turismo kanpaina baten barruan. Horrez gain, Donostian eta Gasteizen ere jarri dute frontoi mugikorra. Eta aurrerantzean leku gehiagotara ere eraman nahi dute.

Helburua nagusia hainbat kirol modalitate ezagutaraztea den arren, asmoa da bereziki zesta punta eta pala bultzatzea, «apurka galtzen ari diren pilota modalitateak baitira bi horiek». Hala ere, lan horretan helburua apurka betetzen ari dela uste du Arginzonizek. Eta alde horretatik, saiakera berezia egin dute Bilboko Aste Nagusian. Izan ere, Frontainerra jartzeaz gain, zesta puntako txapelketa ere antolatu baitute. Ostiralean eta zapatuan izango da Deportiboko frontoian 12 euroren truke. «Munduko jokalaririk onenak izango dira; goi mailako txapelketa bat izango da, beraz». Erripako frontoian lehen pausoak eman dituztenek beharbada etorkizunean pilotari izango dira. Beraz, Bilbo Jai Alaiek helburua bete duen seinale izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.