Udako proposamenak

Pilotaren sehaska ezagutzen

Azkoitian barrena bisitak antolatzen ditu Ander Ugarte turismo gidariak. Haietako bat, pilotan oinarritzen du: herriko frontoiak erakusten ditu, eta bertako pilotarien istorioak kontatu.

Kontzejupe frontoia, Azkoitiko udaletxeko arkupeetan. LOIOLAKO TURISMO BULEGOA
Kontzejupe frontoia, Azkoitiko udaletxeko arkupeetan. LOIOLAKO TURISMO BULEGOA
urko iridoy alzelai
2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pilota eta pareta. Ez da ezer gehiago behar. Frontoi moduan erabiltzen diren pareta asko daude munduan. Azkoitian (Gipuzkoa), Euskal Herriko hainbat herritan bezala, udaletxe azpiko arkupeak pilotan jolasteko erabili izan dira. Horrela sortu zen Kontzejupe frontoia, eta bertan hazi zen Atano III.a, euskal pilotako jokalari arrakastatsuenetarikoa. Ander Ugarte turismo gidariaren ustez, euskal kirola erabat eraldatu zuen pilotari hark. Uda osoan, Ugartek hainbat bisita gidatu egiten ditu Azkoitian barrena, eta haietako bat pilotan oinarritzen du. Pilotalekuak, pilotariak, historia, anekdotak... denetarik jorratzen du Ugartek bisitan.

Herriko lau txokotatik pasatzen da Ugartek egiten duen ibilaldia. «Udaletxeko arkupeetan hasten dugu bisita, Kontzejupen. Hor hasteak badu bere garrantzia, Azkoitiko pilotari txapeldun ugarik bertan egin zituzten-eta haien lehen tantoak», azaldu du Ugartek. Azkoiti pilotaren sehaska dela esan izan da, hain zuzen ere, bertan jaio eta hazi zirelako hainbat txapeldun. «Txapeldun asko izan dira hemen, baina denetatik Atano III.a gailentzen da, noski. Atzerako jaurtiketa gogorrak ziren ohikoak haren garaian, baina berak aurrealdeko jokoa sustatu zuen, aurreko joko bihurria. Hori, Kontzejupen jokatzen ikasi zuen, bertan ez baitago ezkerparetarik, eta, frontoi txikia denez, mugimendu azkarrak nagusitzen dira». Horregatik, udaletxe azpiko frontoia erakusten du lehenbizi gidariak, eta Azkoitiko txapeldunen istorioak kontatzen ditu.

Herriko Plazaren beste aldean, Goiko Losa pilotalekua dago, eta hori da ibilaldiko bigarren geltokia. «Goiko Losan erakusten dugu nolakoa den benetako pilotaleku bat. Badu ezkerpareta, badu frontisa, koadroak ere hor daude... Motz eta luze zer diren azaltzen dugu, eta sakea ateratzeko arauak zein diren, adibidez». Goiko Losan herriko armarria agertzen da, eta haren azpian, Atano III.a pilotariaren aurpegiaren marrazkia. 

Goiko Losatik ez oso urrun, Jorge Oteizak diseinatutako Pilotartea gunea dago. Bertan, eskultorearen lanez hitz egiten du Ugartek. «Oteiza oriotarra zen, baina aita Azkoitikoa zuen, Olabazeta baserrikoa. Bazuen herriarekin harremana, eta, noski, baita pilotarekin ere. Hil aurretik, pilotalekuen inguruan buruan zuen diseinua egitea lortu zen, eta hortxe dugu emaitza. Euskal lurraldeak elkartu zituen bere obran, eta bakoitzari pilota modalitate bat eman. Gipuzkoak esku pilota du; Lapurdik, trinketa; Zuberoak, ezkerparetarik gabeko pilota; eta, Nafarroa Behereak, plaza librea, besteak beste». Espazioen hutsuneak nabarmentzen zituen Oteizak bere lanetan, eta horren jokoa argi ikusten da Pilotartean.

Ikasitakoa praktikan jartzen

Bisita Azkoitiko Gurea pilotalekuan amaitzen da. Bertan museo txiki bat dago. «Museo horretan pilotarako behar diren material guztiak daude. Era guztietako pilotak ikus daitezke, bigunenetik hasi eta gogorrenera. Pilotaren barruko materiala ikusteko aukera era badago. Pilotariek eskuan jartzen dituzten takoak ere erakusten ditugu, eta noski, erabiltzen duten arropa». Materialaz gain, pilotariek erabilitako kamiseten bilduma bat ere badago frontoian. «Argazkiak ere badaude, Azkoitiko pilotarien argazkiak. Nabarmentzekoa da emakume erraketistek badutela protagonismoa erakusketan». Materiala ikusi ondoren, Jon Egurbide pilotariak pilota klase batzuk ematen dizkie bisitariei, eta amaitzeko, denek dute jokatzeko aukera.

(ID_17527599222715) (/EZEZAGUNA) Azkoitiko gurea pilotalekua
Azkoitiko Gurea pilotalekua. LOIOLAKO TURISMO BULEGOA

Bask Alive enpresaren izenean ematen ditu bisitak Ugartek. Enpresaren webgunean aurkitu daiteke harremanetan jartzeko modua. Horrez gain, Loiolako Turismo Bulegotik hainbat bisita antolatu dituzte udan Azkoitian. Altzolarats errotako bisita nabarmendu nahi izan dute turismo bulegoko kideek; abuztuaren 2an egingo da. Errotaz gain, bertan dagoen baserria bisitatzeko aukera izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.