ATZEKOZ AURRERA. Txomin Goioaga. Margolaria

«Pintatzen ari naizela, pareko erretratuari hitz egiten diot»

Bertsolari, olerkari eta euskal abeslariak margotzen dabil Goioaga 1976. urteaz geroztik. Ehundik gora erretratu egin ditu denbora horretan guztian, haientzako omenaldi gisa.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sei urterekin hasi zen Txomin Goioaga (Zeberio, Bizkaia, 1939) marrazten. Gaztaroan jarraitu zuen afizioa, baina, ikasketak zirela medio, ezin izan zuen jarraitu. Lanean hasi zenean berreskuratu zuen zaletasuna, eta, 1976an, Xalbadorren erretratua egin zuen. Ordutik, bertsolari, abeslari eta olerkari euskaldunen hamaika erretratu egin ditu. «Denbora honetan guztian, ehundik gora bai». Joan den urtean, semeak esan zion erakusketa bat egin behar zuela. Esan eta izan. Galdakaon (Bizkaia) Euskerean bidetik izeneko erakusketa eduki berri du. Ehunka erretratu horietatik 54 jarri ditu bertan ikusgai.

Erretratuei eutsi diezu, gaur egun hain ohikoa ez den genero bat.

Ez da ohikoa, ez. Eta oso zaila da, gainera.

Ehundik gora egin dituzu ordea...

Oporretara familiarekin joaten nintzenean, haiei egiten nizkien erretratuak. Jesartzen nituen, eta pintatzen hasten nintzen. Halakoak asko egin ditut. Gainera, inpresionisten koadroak-eta ikusten nituen, baina batez ere gustatzen zitzaizkidan egiten zituzten erretratuak. Ostera,egiten saiatzen nintzen, eta ez zitzaizkidan ateratzen. Egin eta egin, eta ez ziren ateratzen. Baina, 40 urterekin, berez hasi zitzaizkidan ateratzen.

Gustatzen zaizun formatua da, nortasuna erakusten dutelako?

Pintatzen nagoenean, aurrean lagun bategaz egongo banintz bezala nago. Askotan, berba egiten diet. Zenbatetan esango nion Lauaxetari ea zer egin zuen 32 urterekin fusilatua izateko...

Batzuek landareekin bezala, zuk koadroekin hitz egiten duzu, orduan?

Bai, ni pertsonaiarekin egoten naiz pentsatzen, eta bere izpiritua ez badut hartzen, neure buruarekin haserretu egiten naiz. Koadroak eduki behar du bere izpiritua. Hori gustatzen zait, eta hori lortzean pozik geratzen naiz.

Euskaltzaleak izan behar al dute zure koadro batean ateratzeko?

Bai. Ez zait burutik pasatzen beste zerbait egitea. Esate baterako, ez dakit ba nik...

...torero bat?

Bai, hori da. Torero bat ez nuke egingo, gainera zezenketen aurkakoa naiz. Nire pintura Euskal Herriko giroa da.

Zergatik hasi zinen bertsolari, kantari eta olerkari euskaldunak erretratatzen?

1976an, Xalbador hil zen, eta beti asko gustatu zitzaidan. Erabaki nuen hura marraztea, eta gero hasi ziren hiltzen Uztapide, Basarri... Eta horiek ere marraztu nituen. Ostera, bizi zirenak ere pintatzen hasi nintzen, eta horrela jarraitu dut.

Konturatu gabe afizio hori ernatu zen zuregan?

Bai, eta gero [Erramun] Martikorena, Mikel Laboa, [Xabier] Lete edo Lurdes Iriondo erretratatu nituen. Horiek gure gazte denboran idoloak ziren guretzat. Ordu asko sartu ditut, pentsa, 1976. urtetik zenbat urte pasatu diren, eta ehundik gora egin ditut.

Kasik euskalgintzako erreferente denak marraztu dituzula esan daiteke, ala?

Bai, horixe. Bilbon ikasketak egiten egon nintzenean, euskaraz antzerkia egiten zuen Txinparta taldea zegoen, eta hor sartu nintzen barrura. Bertan euskara lantzen genuen, eta hori zen helburua. Gaur egun, euskarak badauka bere prestigioa, baina gure garaian mespretxatu egiten zen. Eta hori izan da erakusketaren helburua.

Hain zuzen, erakusketan euskararen bidea landu zuten bertsolari, olerkari eta abeslariei omenaldi egin nahi izan diezu. Beharra dago oraindik?

Bai. Euskerearen bidetik dauka izena katalogoak, eta nire gogoa beti izan da Euskal Herriko olerkariak, bertsolariak eta abeslariak gogoratzea. Haiei omenaldi bat egitea bezala da. Gehienak hilda daude, eta nire oroimenean niretzako egindako erretratuak ziren. Ez zihoazen inora. Semeak esan zidan zerbait egin behar genuela horrekin, gu bezala euskaldun den jendeak ikusi dezan egindako lana. Azken finean, euskararen alde lan egin duten pertsona horientzat guztientzat omenaldi gisako bat izan da erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.