Miguel Claveria. Margolaria

«Pinturak asko lagundu dit: harekin jaio nintzen, eta harekin hilko naiz»

Ijitoen bizitza irudikatu du Claveriak bere koadroetan: batik bat, jazarpenaren ondoriozko joan-etorriak. Minbizi batek karrera artistikoa eten zion; ez, ordea, sortzeko grina.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Elkarrizketa bat da, baina solasaldi baten antz handiagoa du, kasik korro bat osatzen baitute kazetariak, elkarrizketatuak, haren emazteak, haren alabak eta argazkilariak, Bilboko Otxarkoaga auzoko egongela batean. Miguel Claveria pintorea da protagonista (Arrasate, Gipuzkoa, 1943), baina baita, ezinbestean, haren emazte eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen elkarteko presidente Purificacion Jimenez Jimenez eta Marimar Claveria Jimenez alaba ere: 1980ko urteetan, Miguel Claveriak minbizia eduki zuen, eta, trakeotomia baten ondorioz, ia ezin du hitzik egin; interprete lana egin dute emakumeek, haren memoriaren makulu ere izan dira tarteka, eta txertatu dituzte euren bizipenak ere. Puztu dira oroitzapenak, elkarrizketa paraleloak sortzeraino hainbatetan. Gizonaren ahots ahul eta lasaia, eta andreen hizketaldi bizi eta indartsua: kontrasteek josi dute jarduna.

Arrasaten jaio zinen. Zenbat denbora egin zenuen han?

Jaio eta berehala alde egin genuen handik. Ijitook ez genuen asko irauten leku berean; ez ez genuelako nahi, baizik eta ez zigutelako uzten. Guardia Zibilak botatzen gintuen, umetan bizi izan nuen; hori, eta baita gose handia ere.

Joan eta etorri ibili zinen umetan?

Herrien kanpoaldean geratzen ginen, ez baitziguten sartzen uzten. Leku batean hiru egun egoten ginen, botatzen gintuzten, eta beste leku batera joaten ginen; handik ere botatzen gintuzten, eta berriro lekualdatzen ginen... Ni Arrasaten jaio nintzen, baina herriz herri ibili izan naiz.

Zenbat lagun zineten?

Gurasoak eta seme-alabak: hiru neska eta bi mutil. Ahal zuen lekuan erditzen zen ama: arreba bat Mendabian jaio zen [Nafarroa]; beste batzuk, Logroñon [Espainia]; Bilbon ere bai bat...

Noiz heldu zinen Otxarkoaga auzora?

Logroñon egon ginen bizitzen, eta handik Bilbora etorri ginen, 1950eko hamarkadan. Ordutik, ez gara Bilbotik mugitu. Ezkondu aurretik, Los Cañosen bizi ginen [Bilboko La Peña auzoan], txabola batean. Txabolak bota zituzten, eta hango payo-ei etxebizitzak eman zizkieten; ijitoei ez. Esan zieten bakoitza bere herrira itzul zedila. Garai hartan, nire aitak txatar biltzaile egiten zuen lan Jose Angel izeneko batekin, eta gizon hori ijitoen orduko elkarteko kidea zen; harekin lan egiten zutenek etxe bat lortu zuten Otxarkoagan; tartean, gu. Geroztik, bizitza osoa egin dut auzoan.

Zer ekarpen egin dio Otxarkoagak zure begirada artistikoari, zure koadroei?

Ekarpen handia egin die. Baina nik txikitatik margotu dut; txikia nintzela, asko margotzen nuen. 2 urterekin, Logroñoko margolari batek pare bat erretratu egin zizkidan, eta orduan piztu zitzaidan pinturarekiko interesa. Nire anaiak pintore bat ezagutzen zuen [Jose Luis Aldekoa Etxebarria], eta hark erakutsi zidan pinturaren teknika, olioa, koloreak... Harekin hasi eta sei hilabetera, erakusketa bat antolatu zidan, Bilbon. Eta, hortik aurrera, margotzen jarraitu nuen, ebakuntza egin zidaten arte.

Aldekoarekin hasi baino lehen, autodidakta zinen?

Bai, bakarrik ikasi nuen.

Zer pintatu duzu? Zerk piztu dizu interesa?

Erretratu asko egin ditut, eta paisaiak ere islatu ditut: oporretan, hondartzara joan beharrean, mendira joaten ginen, eta leku horiek pintatzen nituen. Baserriak ere gustatu izan zaizkit. Baina, batez ere, ijito herria margotu dut: bizitza, bizipenak, nola joaten ziren ibaietatik, herriz herri; zaldiak deskantsatzen, karroak bazterretan... Gurasoek bizitakoak erakutsi ditut, haiek kontatu dizkidaten gauzak, baita nik bizitakoak ere: batez ere, nire aurreneko urteetako bizitza islatu dut, joan-etorri horiek.

1972an izan zen zure lehenengo erakusketa. Hainbat etorri ziren gero, ezta?

Guztira, sei erakusketa egin ditut Bilbon. Donostian, hiru aldiz erakutsi ditut lanak; baita Iruñean, Gasteizen, Logroñon eta Torrelavegan ere [Espainia].

Erakusketa gehienak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egin zenituen?

Bai. Nire anaia zena zen nire agentea, Antonio: hark lortzen zituen erakusteko tokiak, erakusketak prestatzen zituen, obrak saldu...

1970eko urteetan, beka bat eskaini zizuten Erromara joateko ikastera. Uko egin zenion. Zergatik?

Ezin nintzen joan; lan egin behar nuen: emaztea nuen, eta, ordurako, jada bost ume. Guztira, bederatzi dira; bederatzi ume ditu [emaztea seinalatu du, eta barre egin du].

Eta 1980ko hamarkadan egin zizuten ebakuntza, eta hitz egiteko gaitasuna galdu zenuen.

Eta erakusketak bertan behera utzi nituen [2007. urtera arte]. Baina pintatzen jarraitu nuen, eta oraindik ere pintatzen dut. Ebakuntzaz geroztik, hiru erakusketa egin ditut.

Zergatik utzi zenion lanak erakusteari?

Jendeak ez ninduelako ulertzen. Oso gogorra izan zen: ezin nuen adierazi, ez nuen hitz egiteko gogorik...

Artea ez da zure ogibidea izan.

Ez. 1970eko urteetan, txatarrarekin egiten nuen behar. Eta, gero, kaleko salmentan, merkatuan. Pinturak ez du bizitzeko lain ematen. Zenbat balio du koadro honek? [Sofaren gainean dagoen artelana seinalatu du: haren emaztea ageri da, gaztetan, belar gainean etzanda, lore artean. Nahiko handia da: alde bakoitzak metro bat pasatxo du]. Orduak egon zen horrela [barre egin du]. Markoa bera hirurehun euro kostatzen da. Eta olio pintura oso garestia da: lau potetxok 90 euro balio dute, eta bakoitza bost bat zentimetro luze da; kolore bakoitzeko potetxo bat erabiltzen dut koadro bakoitzean. Denbora asko eskatzen dute: detaile asko daude, kolore asko...

Saldu izan dituzu?

Erakusketetan, bai, asko: Iruñean, ez zen bakarra geratu; Gasteizen, ia denak saldu nituen; Donostian ere, asko. Baina, hala ere, ez du ematen. Aretokoek zati bat hartzen zuten, koadro bat beretzat hartzen zuten... [«Eta Euskal Entziklopedian agertzeagatik ere ordaindu behar izan genuen, gogoan dut», esan du emazteak].

1978an agertu zinen entziklopedian. Aipamena ordaindu behar izan zenuen?

Bai, bai. Baina, entziklopedian sartzeko, ona izan behar duzu.

Nolakoa da zure estiloa?

Ez dago estilorik [irribarre].

Baina artelanak detailez beteta daude, hondoa oso zaindua dago... Zein da irizpidea?

Adibidez, seme-alabei argazki batzuk egiten nizkien, eta gero margotzen nituen. Eta oporretan, Benidormera joan beharrean [Herrialde Katalanak], Plentziarajoaten ginen [Bizkaia], Soriara, Burgosera [Espainia]... Paisaia horiek harrapatzeko.

Hitza galdu zenuenean, pinturak lagundu zizun?

Ebakuntza gauzarik okerrena izan zen. Nire karrera gelditu zuen, nire momenturik onenean gertatu zen. Pinturak asko lagundu dit, nire bizitza da: harekin jaio nintzen, eta harekin hilko naiz. [Berba egin bitartean, bere beste koadro batzuen argazkiak topatu ditu sakelako telefonoan, biltegitik igo ez dituenak, saldutakoak, oparitutakoak...]. 50 koadro inguru egin ditut, guztira. [Argazkietako batzuk erakutsi dizkie ingurukoei].

Atentzioa ematen dute koadroetako koloreek.

Gustuko dut pintatzea egunsentiko eta ilunabarreko argiak.

Beste lan batzuek hondo oso-oso ilunak dituzte, eta elementuak asko nabarmentzen dira: pertsonen jantzi zuriak, esaterako. Kontrastearekin ere jolasten zara?

Gustatzen zait kontrastea eragiten duen argi hori, bai. Eta gehien gustatzen zaidana da eguzkia sartzen denean sortzen den argi ahulagoa. Horrek atentzio handiagoa ematen dio ikusleari. Koloreei dagokienez, Goyak inspiratu nau gehien, haren iluntasunak.

Artea bada memoria jagoteko modu bat ere?

Noski, ez baitut nahi galdu dadin ijito herriaren memoria, kultura... Eta ez dut nahi ahaztu dadin egin digutena; erakutsi nahi dut nolakoa izan den gure bizitza. Indar hori islatu nahi dut.

[Elkarrizketa egongelatik estudiora lekualdatu da. Gela txiki bat da, eta leiho bat dauka. Itsasadarraren koadro bat, bukatzear dagoena, mahaiaren gainean utzi du, haren tokia hartu baitute biltegitik igo dituen koadroek].

Koadro hauetako batzuetan agerikoa da hondo ilun hori, eta kontrastea.

Bata ezkontzeko mandatu bat da. Eta, bestea, ezkondu aurreko agurra. Emakume ijitoak ari dira dantzan.

Beste horretan, eguzkia ezkutatu berri da, eta mendien tontorretan haren argi ahula ikusten da oraindik.

Zaharrena da; entziklopediako aipamenean agertu zen. Ez dut saldu nahi. Halakoak gustatzen zaizkit gehien, erabateko iluntasuna dutenak baino gehiago; argi horrek alaitasuna ematen du.

Otxarkoagako gizarte etxean zure lanaren atzera begirako bat eskaini zenuen apirilean. Erakusteko gogoa piztu al zaizu ostera?

Auzoan egin nahi nuen erakusketa, urte asko daramatzadalako hemen. Oso arrakastatsua izan zen: jende asko etorri zen. Nahi dute berriro has nadin artelanak erakusten; erakusketa asko eskaini dizkidate: Zaragozan [Espainia], Bartzelonan... Baina ikusiko dut. Erakusketa bat egitea asko kostatzen da: koadroak aretora eramatea... Lan horiek guztiak garestiak dira. [Bitartean, sakelakoa miatzen ari da ostera ere. Argazki bat hautatu du, senar-emazteen erretratu bat: hondo berde argia du, eta zuriz jantzita ageri dira. Artelan hori mediku batek dauka. «Oso gazte pintatu zenuen zeure burua, zimurrik gabe», bota dio alabak]. Antza badut, ezta? [Barre egin du].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.