ATZEKOZ AURRERA. Mikel Belaskoain. Artista

«Pinturaren magia ez dut inoiz hala sentitu»

Dooarts sormen laborategiaren sortzailea da Belaskoain. 'Arte Berria' trilogiako bigarren lana aurkeztu du: 'Pertsona'. Neurologiaren gaiari heldu dio, arte plastikoak, dokumentala eta musika uztartuz.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Iruñeko Baluarte jauregiko sarreran obra handi bat dago, 66 oihalez eta 14 irudiz osaturikoa. Pertsona obraren zati bat da, Mikel Belaskoainek egina (Iruñea, 1965). Manuel Murie neurologoak proposatu zion proiektua, eta haren sei pazienterekin bildu da Belaskoain. Arazo neurologikoetara gerturatu da, eta pertsona orok garatzeko duen gaitasuna nabarmendu nahi izan du. Dokumentalak eta musika banda batek borobiltzen dute obra, eta beste sortzaileen laguntza izan du.

Zer ekarpen egin diezaioke neurologiak arteari?

Handia. Nik uste dut gauzak nahasten dituzunean bi aldeek asko hartzen dutela elkarrengandik. Burmuina eta artea. Alderik arrazionalenetik alderik magikoenera lantzen da; hau da, neurologia eta artea primeran moldatzen dira. Pertsonak bagara, hein handi batean, artea eta neurologia.

Urruti egon ohi dira, baina Manuel Muriek dio balioetan oso gertu daudela. Zein dira balio horiek?

Bi diziplina humanista dira. Iduri du ahantzi egin dugula zer den humanismoa. Diziplina horiek ez dute soilik helburu materialista bat; bestelako zerbait bilatzen dute. Manuelen gisako neurologoek gai gizatiar bat bilatzen dute. Horretaz gainera, nik egiten dudan artea pertsonarekin oso loturik dago, eta neurologiak erabateko harremana du pertsonarekin.

Zer ekarpen egin dizu paziente hauekin egoteak?

Pertsonekin kontaktua duzun guzietan dago energia truke bat. Pertsonen arteko enpatia eta intimitate mailaren arabera, kontaktu hori handiagoa da. Pertsona hauekin intimitate handia lortu dut, eta, gaia aurretik ezarria dagoenez, ardura ere sentitu dut. Izan ere, asko zaindu behar da zer esaten duzun, eta zorabio pixka bat ematen du haiek zuk nahi duzun bezala hartuko ote duten pentsatzeak.

Obra ez dago buruturik. Publikoaren elkarrekintzak borobilduko du dokumentala. Zergatik?

Uste dudalako artistak pertsonengandik urrundu garela —eta ez dut artisten lana kritikatu nahi—. Zaila da, bai, gaiei eta istorioei itzuli asko ematen dizkiozulako. Baina uste dut arteak jendearengana gerturatu behar duela, eta horregatik gustatzen zait esperientzialtasuna.

Etiketak zakarretara bota behar dira obra hau ikusteko?

Ikusleei gauza bat eskatuko nieke: pertsonak sailkatzeko joera albo batera utz dezatela; batik bat, pertsonak gaitasunik gabeko gisa sailkatzeko joera. Pertsona horiek ez dira gaitasunik gabeak inondik ere. Inspiratzen duten izaki bakarrak eta bereziak dira.

Dokumentalak nola osatzen du obra?

Prozesu artistikoak dokumentatzea lagungarri izaten da jendearengana hurbiltzeko; hau nondik heldu den azaltzea, alegia.

Zergatik halako artelan handia?

Proiektu honetan ezagutu nuen lehen pertsona Patxi Bikuña pazientea izan zen. Bikuña handia da, eta obra honen osagai monumentalak horrekin lotura zuzena du.

Sormen prozesu berezia izan da?

Pinturaren magia inoiz ez bezala sentitu dut, eta topaketa bakoitzean prozesu berezia sortzen zen. Ni nahiko pertsona arrazionala naiz, baina arteak alde irrazional eta magiko hori ateratzen dizu. Bitxia da nola obrak hartzen duen forma, askotan zure kontrola gaindituz. Pazienteekin egindako topaketek izugarri inspiratu naute, eta pertsonari buruzko hausnarketa oso sakona egitera bultzatu naute.

Aurrekoan emakumea omendu zenuen; orain, neurologiaren gaia. Beti pertsona duzu ardatz.

Ni pertsona naiz, eta pertsonekin harremanak ditut; beraz, hori da hausnarketarik garrantzitsuena. Nire pintura figuratiboa da, eta nork bere pintura ulertu behar du. Konturatzen zarenean figurak margotzen dituzula, zerbaitengatik da. Arteak nire burua ulertzeko balio dit; baita besteak ulertzeko ere.

Artea, neurologia, Pablo Picasso eta Ingmar Bergman batu dituzu.

Filmak modu nahiko obsesiboan ikusten ditut, eta Bergmanen Pertsona uste dut film osoenetariko bat dela. Fotograma bakoitza ia-ia koadro bat da. Eragin hori onartu beharra dut. Manuk proiektua proposatzean su hori piztu zuen. Bergmanen filmeko protagonista hitz egiteko gaitasunik gabe gelditzen den emakume bat da, eta uste dut zuzenean loturik zegoela honekin. Bestalde, denbora honetan askotan bisitatu ditut Madril eta Picassoren koadroak. Eraginak zeintzuk diren onartzea gustatzen zait, nire aburuz ez garelako bakarrik etortzen mundu honetara. Oharturik edo oharkabean, eraginak barnean ditugu.

Trilogia baten bigarrena da hau. Hirugarrena nolakoa izanen da?

Proiektu luze bat egin nahiko nuke, bizpahiru urtekoa. Atal zinematografiko garrantzitsua izanen du, eta baita atal piktoriko garrantzitsua ere. Baina oraindik ez dut argitu nahi. Erabat ezberdina izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.