Ezarian. Musika tresnak

Pinturatik musikara

Evaristo Bretos luthier nafarra parte hartzen ari den proiektu baten bitartez, artelanetan ageri diren antzinako musika instrumentuak berreraikitzen ari dira.

Koadroetan oinarrituta egiten ari dira antzinako musika instrumentuak. Jaume Serraren koadroan oinarrituta egindako biola. EVARISTO BRETOS.
Iruñea
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Artelanaren oihaletik musika noten doinua entzuteraino musika tresnek egin dezaketen bidaia luzearen lekuko da Evaristo Bretos luthierraren lana. Bihuelak, lauteak, Barroko gitarrak, harpak, lirak... artista handiek margotutako artelanetan irudikatu zituzten instrumentuak dira guztiak. Orain beste bizitza bat hartzen ari dira artelana oinarri hartuta, bizia eman zaielako.

Espainiako sei museoren proiektu batean, antzinako musikako dozena bat instrumenturen erreplikak egiten ari dira. Lan hori egiteko, instrumentuak margotuta ageri diren artelanak hartu dituzte. XIV. mendetik XVII. mendera doan tartean (1350etik 1650era) Europa osoan erabiltzen ziren musika tresnak berregin nahi dituzte. Baina garai hartako artisau lanetik lekuko gutxi gelditzen dira, eta dauden instrumentu bakanak oso egoera txarrean daude. Hutsune hori bete nahi du Javier Martinez Musak, Musika eta museoak programaren koordinatzaileak. Javier Martinezek (Teruel, Espainia, 1959) Evaristo Bretos (Iruñea, 1965) luthierra du bidelagun lan horretan.

Proiektuak 96.000 euroko diru-laguntza jaso du Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriotik. Zenbait koadrotan oinarriturik egiten ari diren instrumentuak, gainera, ez dira apalategian gorderik geldituko. Kontzertuak emango dituzte instrumentu horiekin, koadroen ondoan, Artelanak entzuten izenburuko ekitaldiaren barruan.

Lehenengo bi emanaldiak jada egin dituzte, bata ZaragozakoArte Ederren Museoan (Espainia) eta bestea Valentziako Arte Ederren Museoan (Herrialde Katalanak). Hurrengo emanaldiak Espainiako beste lau museotan izanen dira.

Lan zaila

Kontzertu horietako protagonistak instrumentuak dira, eta instrumentuak bi lantokitan egiten dira: horietako bat Nafarroan dago eta bestea Zaragozan. Evaristo Bretos luthierrak hilabeteak daramatza zeregin horretan Garesen duen lantokian, Nafarroan. Biolina eta biola ikasketak egin zituen, eta jotzeko biolin egoki bat ezin aurkituak eraman zuen biolinak egitera, duela hogei urte.

Instrumentuak egiteko erabiltzen duen egurra atzerrian erosten du. Bi urtean behin Cremonara (Italia) joaten da familiarekin, egurra erostera. Artzia eta izeia erosten ditu. Pizkundeko musikarekin liluratuta, biolak eta bihuelak egiten hasi zen. «Biolak garai hartako gitarrak direla esan daiteke, eta bihuela gitarraren arbasoa da. XIII, XIV eta XV. mendeetan jotzen zen gitarra zen bihuela», azaldu du.

Bretosek bihuela arkuduna, bihuela barroko bat eta K.a. harri batean ageri den lira bat egiteko lana hartu du. Eta ez da nolanahiko zeregina izaten ari. Artelanen bereizmen handiko argazkiak atera dira «instrumentuek dituzten xehetasun guztiak harrapatzeko», dio Bretosek. Martinezek duen argazki artxiboak aukera ematen die instrumentuen informazio zehatza bertatik bertara izateko. Argazki horiek aintzat hartuz ekin dio lanari. Berregin zuen lehen instrumentua bihuela arkuduna izan zen. Zaragozako Arte Ederren Museoan dagoen Jaume Serraren taula batean ageri da instrumentua. Jarri zioten baldintza bakarra egiten zuen musika tresna artelanean agertzen den instrumentuaren faksimila izatea izan zen. «Artelanean margotuta dagoen instrumentura zenbat eta gehiago hurbildu, ohartzen zara margolariak xehetasun osoz egin duela musika tresna: egurraren zainak, hariak, dena ikus dezakezu. Harrigarria da». Xehetasunak aintzat hartuz, garai hartan erabiltzen ziren material bertsuekin egin du bihuela arkuduna.

Jada musikarien eskuetan da haren lehen lana, eta orain gitarra barrokoa bukatzen ari da. Garesen duen lantokian hasi zuen, eta Iruñeko etxean horretarako egokitua duen txokoan bukatzen ari da. Valladolideko Eskultura Museoan (Espainia) dagoen Jesusen aurkezpena tenpluan artelanean agertzen den biola edo Barrokoko gitarra egiten ari da orain. Uztaia, atzealdea eta masta artzi egurrarekin egin ditu, eta estalkia, izeiarekin. Artelanean bezala, estalkia eta atzealdea landuak daude, eta lodiera ongi neurtu da, ahalik eta doinu hoberena lortzeko. Estalkian ageri diren f hizkiak, zubia eta larako etxea koadroan bezala berregin ditu. Berniza ere naturala izanen da, eta arkua artzi egurrarekin eta zurda beltzekin egin du, koadroko arkua zehatz-mehatz kopiatuz.

«Lan fina da. Galdera asko eragiten dizkizuna, jada ez dauden musika tresnak direlako. Koadroan jotzen ageri den pertsonaren jarrera ere ikusi behar da, horrela ere antzematen zaiolako instrumentuaren neurriari», azaldu du Bretosek, gitarra esku artean duela. Gai honetan asko sakondu daitekeela dio, eta margolariak musika tresna egoki ez margotu arren irizpide jakin batzuk jarraitu behar direla beti. «Hainbat gozatze modu daude. Bibrazio formaren luzeran oinarritu gara gu. Instrumentuek neurri jakin bat dute, eta ez hori baduzu errespetatzen horrek ez du sekula funtzionatuko». Ordu asko eskaini beharreko lana da berea.«Bihuela batek 200 orduko lana du, baina Barroko garaiko biolak lan gehiago eman dit. Hiru hilabete oso egon naiz astean 40 ordu sartuz». Gitarra margotzea bakarrik falta zaio orain, eta egun gutxi barru bidaliko dio Martinezi.

Erronka handiena: lira

Bihuelak eta biolak egiten eskarmentua badu, baina lirak egiten ez du esperientziarik Bretosek. Berregin behar diren musika tresnen artean, egiten zailena egokitu zaio: Zaragozako Arte Ederren Museoan dagoen hilarri batean ageri den lira egiten dihardu. Hilarria K.a. VIII. edo VII. mendekoa da, Kalkolitokoa, eta xehetasunak atzematzen zailagoa da.

«Ez dut sekula horrelakorik egin, eta ez dakit nolako soinua izanen duen. Grabatuan agertzen den saltorapilo afinatze sistemarekin egin dut, eta probak egiten ari gara». Lira klase asko daude, eta hilarrikoa zeini dagokion ez dago argi. Horregatik, Afrikan ere horrela gozatzen diren antzeko instrumentuekin probak egiten dihardu. «Denak badu lotura. Hemen desagertu egin ziren, eta han mantendu egin dira. Morfologia antzekoa dute. Antzinako musika jotzen dutenak familia handi bat dira, azkenean musika egitea delako helburua», dio.

Lanean presaka ibili den arren, lortzen ari den emaitzekin pozik dago Bretos. «Harginak harrian zizelkatu zuena interpretatu behar da. Lirak hari bat askatua zuela dirudi, eta egurrez egina zegoela». Horregatik, intxaurrondoa eta zedroa ari da erabiltzen lana egiteko. «Geometria, proportzioak, apaindura eta gainaldea ahalik eta gehien errespetatzen saiatu naiz». Deusen okerrik ez bada, ekainerako bukatuko du lana.

Lira ez da Erdi Aroan, Errenazimendu edo Barrokoan jotzen zen instrumentua, baina lira berregitea antzinako musikari «keinuedo omenaldi bat» egiteko modua dela dio Martinezek. «Historiak dio Orfeok asmatu zuela musika, eta lira izan zela musika egiteko erabili zuen lehen instrumentua». Egitasmoarekin antzinako musika omendu nahi dutenez, lan horretan aritu zirenak izan dituzte gogoan. Antzinako musikaren aurrekoak, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.