I rrintzi tabernako barran askotariko pintxoak egon ohi dira. Hemendik aurrera, gainera, horiek guztiak liburu batean jasota dastatu ahal izango dira, Marian Vallejo eta Yoli Chicanok Soul & Pintxos liburua argitaratu berri baitute. Baina ezohiko pintxo liburu bat da hori. Errezetarik ez da agertzen, eta horren ordez, musikak eta zinemak hartzen du lekua. «Ez genuen errezeta liburu ohiko bat egin nahi, ukitu artistiko bat eman nahi genion», azaldu du Vallejok. Julian Vallejorengana jo zuten, eta berak proposatu zien liburuan pintxoak, musika eta zinema uztartzea, «zerbait ezberdina egitearren».
Liburua zabaldu bezain laster, gastronomiarekin zerikusia duten abestiak proposatzen dizkigute Irrintzi tabernaren jabeek. Horien artean daude, esate baterako, White Rabbit (Jefferson Airplane), Dame comida (Siniestro Total), eta La barbacoa (Georgie Dann). Azken abesti hori «sukaldeetako tipikoa da; beraz, jarri beharrekoa zen, inondik ere», esan du Vallejok. Abesti guztiak liburua irakurtzen den bitartean entzuteko modukoak direla azpimarratu dute sortzaileek.
«Musikan baino areago, zineman egon ohi da gastronomia presente», Chicanoren hitzetan. Eta hori aprobetxatuz, besteak beste, Do the Right Thing (Spike Lee, 1989), La grande bouffe (Marco Ferreri, 1973) eta The Cook,the Thief, His Wife, and Her Lover(Peter Greenaway, 1989) filmetako eszenetako ilustrazioak agertzen dira liburuan.
Pintxoak, etxera
«Tabernara etortzen den jende askok argazkiak ateratzen dizkie pintxoei, eta orain argazki kamerarik ekartzen ez duenak liburuan eraman ahal izango ditu argazkiak», diote txantxetan. Liburua argitaratzeko ideiaren abiapuntua ere antzekoa izan zen, «gure pintxo guztiak erretratatu nahi izan baikenituen bere garaian», dio Vallejok. Hala egin zuten, baina libururik ateratzeko inongo asmorik gabe, bilduma bat edukitzearren bakarrik. Argazkien kalitatea ona zela ikusi zuten ordea, eta orduan hasi ziren pentsatzen, liburu bat argitaratu beharko zutela. Baina liburuan ez daude diren guztiak; «edizio kontuengatik pintxo batzuk kendu behar izan genituen», azaldu du Chicanok. «Horiek sartzeko, hurrengo liburuaren zain egon beharko dugu», diote txantxetan.
Soul & Pintxos liburuaren 500 ale argitaratu dituzte; «bigarren argitalpenean agian euskarazko testuak ere sartuko ditugu», esan dute. Izan ere, liburua gaztelaniaz, ingelesez eta japonieraz argitaratu dute. «Tabernara etortzen den jende asko da euskalduna, eta hemen ingurukoa. Baina kanpoko jendeari begira argitaratu dugu liburu hau», dio Vallejok. Horren erakusgarri da Irrintzi tabernaren argitalpena Bartzelonako Macba eta Madrilgo Reina Sofia museoetan salgai egotea dagoeneko.
Japonieraz bitxitasun moduan argitaratu dute; «azken finean, tabernan bertan Japoniako kulturako hainbat osagai baitauzkagu, eta gustatzen zaizkigu, gainera, horrelako detaileak». Hala, tabernara inguratzen diren japoniarrak ere kontuan hartu dituzte; «Euskal Herrira etorri eta euren hizkuntzan dagoen liburu bat topatzea bitxia izango da benetan...», azaldu dute.
Pintxoak soul doinuan
Bilboko Zazpikaleetan dagoen Irrintzi tabernak 'Soul & Pintxos' liburua kaleratu berri du. Bertako pintxoak era berezi batean ikus daitezke: film eta musikaz lagunduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu