ATZEKOZ AURRERA

Piramideko harri bat gehiago

Julen Kaltzada apaiz antifrankista eta helduen euskalduntzean sustatzaile izan zen ekintzaileari omenaldia egin diote jaioterrian. Busturiko plaza herritarrez eta lagunez bete da.

Julen Kaltzadaren omenez atzo Busturian egin zuten ekitaldia. Kanturako tartea ere egon zen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Busturia
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ikusten dituzu orain zure belaunaldikoek eraikitako piramideak?». Oholtzaren gainetik egin zuen galdera Edorta Jimenez idazleak. Berba horiek aste honetan hil den Julen Kaltzadari egin zizkion, bere belaunaldiko kideek 1960ko hamarkadatik aurrera egindako guztiaren omenaldi gisa. Astelehenean hil zen, 82 urte zituela, apaiz antifrankista, ekintzaile sutsua eta helduen euskalduntzearen sustatzailea. Hitz batean definitu ezin zen horietakoa baitzen Kaltzada, eta atzo Busturia (Bizkaia) jaioterrian elkartu ziren ehunka pertsonak ere hori nabarmendu zuten.

Arratsaldean Kaltzadaren omenez egin zen elizkizunaren ostean hasi zen herritarrek antolatutako ekitaldia. Udaletxe pareko plazaren alde batean ikurrina eta haritz zein gorosti adar batzuk zeuden lurrean. Mikrofonoa, eta, ondoan, Kaltzadaren errautsak pausatu zituzten. Omenaldiak aurrera egin ahala, AEK-ko eta Herri Batasuneko banderak agertokiaren parte bihurtu ziren. Oholtzak itxura hori zuela, handik igaro ziren ordezkari eta lagunek behin eta berriro adierazi zuten Jimenezek nabarmendutako ideia hori: Kaltzadaren belaunaldiak egindako lanaren gorespena.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere ideia hori azpimarratu nahi izan zuen: «Haren bizitza Euskal Herriaren ispilua da, historia tragikoaren ispilua. Gerraren semea izan zen, eta herri honetako gizon eta emakume askok bezala jazarpena zer zen ezagutu zuen». Egoera horri aurre egiteko, haren belaunaldiak egindako borroka antifrankista eta gaur arte iraun duen «herri mobilizazioa» goretsi zituen. «Euskal berpizkunde bati hasiera eman zion belaunaldi bateko kidea izan zinen zu, Julen». Eta egindako lan horregatik eskerrak eman zizkion ezker abertzaleko ordezkariak.

Kaltzadaren belaunaldiak eraikitako piramide horretan, AEK-ko koordinatzaile nagusi ohia harri bat gehiago izan zen. Hala eman zuen aditzera Mertxe Mujika AEK-ko egungo koordinatzaile nagusiak: «Izan zirelako gara, eta garelako izango dira esaldiak inoiz baino esanahi handiagoa dauka gaur; Julen, zure lanik gabe ezer ez zen gauza bera izango». Korrikaren bultzatzaileetako bat ere izan zen Kaltzada, eta gaur oraindik ere hark ereindako haziak ureztatzen jarraitu behar dela nabarmendu zuen Mujikak. «Euskal Herria euskaldundu arte zure bideari jarraituko diogu».

Bertsoak eta kantuak

Helduen euskalduntzean egindako lan handia behin eta berriro nabarmendu zuten atzo, eta, horregatik, inoiz baino ozenago kantatu zuten oholtzatik Euskal Herrian Euskaraz kantua. Kantuari Busturiko plazan bildutako ehunka pertsonaren ahotsek lagundu zioten. Baina ez zen hori izan Kaltzada kantuan oroitu zuten une bakarra. 1969an apaiz antifrankisten Gogor taldeak argitaratu zuen diskoko Ez dut nai abestia ere ozen entzun zen.

Bertsotarako tartea ere egon zen. Juan Mari Areitiok ekarri zuen gogora lehenik Kaltzada adiskidea. «Zuk egindako lan guzti horiek/ hemen geldituko dira», kantatu zion. Ostera etorri zen Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolarien omenaldia. Eta bertso horietan ere presente egon zen Kaltzadak egindako ekarpena. «Aski opari utzi diguzu/ Julen zure memorian», kantatu zuen Paiak. Horrela jarraitu zuen Estiballesek: «Militantea zinen zu Julen/ pentsakeran eta lanean/ hitzaren zentzu gordinenean/ eta zentzu zabalenean».

Ideia hori ere behin eta berriro entzun zen Busturian egindako omenaldian: Kaltzadaren izaera aldarrikatzaile eta konprometitua. «Bizitza oso batean» borrokalaria izan zena, Rodriguezek azaldu zuenez. Eta horregatik esan zuen Kaltzada ezinbesteko pertsona bat izan zela, bizitza osoa borrokan aritu zelako. «Txinaurria izan zen, eta horregatik diogu pertsona eredugarria izan zela». Gorespen hitz horiekin eman zioten azken agurra, eta piramide bateko harri bat izan zela nabarmendu. Baina harri garrantzitsu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.