Azken urteetan bezala, Donostiako Piratek Irrikitaldiarekin amaituko dituzte jaiak. Mozorroturik aterako dira kalera, urte osoan Donostian gertatu diren gauza esanguratsuenen parodia egiteko. Kritika egitea da ekitaldiaren helburua, baina umorez.
Bulebarretik aterako dira piratak, 17:00etan, eta Santa Maria elizaraino joango dira Pasai txarangarekin batera. Elizaren aurrean, antzerkia egingo dute. Jaien hasierako kanoikada izango da aurtengo antzerkiaren gai nagusia. «Geure buruaz barre egingo dugu, hori ere beharrezkoa baita», azaldu dute piratek.
Dena den, beste gai askoren inguruko parodia ere egingo dute. Urtetik urtera, Donostiako kuadrillek gero eta mozorro landuagoak egiten dituzte, eta imajinazioa ere ederki lantzen dute. Gero eta ekitaldi jendetsuagoa da, gainera. Iaz, 200 lagun inguru irten ziren kalera mozorrotuta. Eta, aurten ere, jende asko espero da, bai mozorroturik, bai antzerkia ikusten.
Antzerkia egin ondoren, piratak trago batzuk hartzera joango dira Parte Zaharrera, Pasai txarangarekin. Eta horrela emango diote amaiera aurtengo Aste Nagusiari, Irrikitaldia baita piraten egitarauko azken ekitaldia. Kanoikada emanez hasi zituzten jaiak, eta kanoikadaren parodia eginez amaituko dituzte.
Piratek gonbita egin dute, nahi duten guztiak gaur Bulebarrera ager daitezen, mozorroturik edo ikuskizunaz gozatzera.
Donostiako Aste Nagusia
Piratek Irrikitaldiarekin emango diete amaiera jaiei, mozorroturik
Jaien hasierako kanoikadaren parodia egingo dute Santa Maria elizan, euren buruaz barre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu