«Hauek irabaziko dute, ezta?», esan zuen ikusle batek, gutxienez, ostiralean, Pirotecnia Europlaren su festaren azken danbatekoen indarra eta iraupenarekin harrituta. Eta hala izan da: Valentziako (Herrialde Katalanak) etxeak irabazi du Donostiako Su Festen Nazioarteko 52. Lehiaketa. Lehen aldiz hartu dute parte valentziarrek lehiaketan, eta ez dute zekenkeriaz jokatu: tona bat sutauts baino gehiago erre zuten, 2.500 lehergailutan.
Atzo zabaldu zuen epaimahaiak aurtengo saridunen zerrenda. Bigarren saria erdibana eraman dute Pirotecnia Valenciana etxeak Aste Nagusiko lehen ikuskizunarengatik, eta Italiako Parente Fireworksek, abuztuaren 11ko saioarengatik. Lehiaketa zaila espero zuten antolatzaileek, besteak beste Txinako Firevision International etxeak hartu zuelako parte jaialdian. Pekingo 2008ko Olinpiar Jokoak zabaltzeko eta ixteko ekitaldian aritu zen.
Txinatarrak saridunen zerrendatik at geratu dira, eta Pirotecnia Europlak, berriz, lehiaketako beste sari bat ere jaso du: epaimahai gazteak ematen duena. 1977. urtean sortu zuten su etxea. Rock & Rio Madrid jaialdiko ikuskizunak landu zituen 2013. urtean. Donostia ezagutzen zuen etxeak lehendik ere, lehiaz kanpo bada ere: duela bi urte haiek egin zuten su festen lehiaketa amaitzeko argi eta soinu ikuskizuna.
Ostiralean, aurre egin behar izan zioten eguraldiari. Zaparrada gogor bat bota zuen ikuskizuna abian zela, baina horrek ez zuen emanaldia zapuztu. Haatik, haize boladek azkar urrundu zuten kea, eta ikusleek leherketen kolorea goraipatu zuten gero, erritmo eta zaratarekin batera.
«Talde gazte» gisa deskribatzen du etxeak bere burua, eta «originaltasuna, diseinua eta berrikuntza» bilatzen dituela adierazi du. Viktoria Eugenia antzokian banatu zituzten sariak atzo eguerdian, eta Pirotecnia Europlako Jorge Albusacek eskerrak eman zituen hirian jasotako «tratu bikaina» dela eta. Lehiaketan «sekulako ahalegina» egin dutela adierazi zuen, eta erabilitako lehergai «ia guztia» eurek egindakoa dela azaldu zuen.
Bigarren saria eraman duen Italiako Parente Fireworks mende bat baino gehiago dabil lanean,eta sari asko jaso ditu. Zilarrezko Maskorra lortu zuen 1965, 1967, 1969 eta 1975. urteetan, eta urrezkoa, 2008an. Duela hiru urte, gainera, Guinness liburuan sartu zen, munduko su ikuskizunik handiena egiteagatik, Kuwaiten.
Horrekin batera bigarren geraturiko Pirotecnia Valencianak50. urteurrena ospatu du Donostian. 2009. urtean Brontzezko Maskorra jaso zuen.
«Bizpahiru minutu gehiago»
Lehiakideen «kalitate handia» dela-eta irabazleak erabakitzea oso zaila izan dela esan zuen atzo Alfonso Gurpegi Jai zinegotziak, sariak banatzeko ekitaldian. Azaldu zuenez, parte hartzaile guztiek gainditu dute ikuskizunei eskaturiko gutxieneko denbora, nahiz eta «bizpahiru minutu gehiagok lan eta diru asko eskatzen dien». Zinegotziak adierazi zuen Donostiako lehiaketaren kalitatea ezaguna izan arren aurtengoarekin «koskatxo bat gehiago» igo dela.
Ricasa etxearen lehiaz kanpoko ikuskizunarekin amaitu ziren su festak atzo Donostian.
Pirotecnia Europla etxeak irabazi du Donostiako su festen lehiaketa
Tona bat bolbora baino gehiago erre zuten irabazleek.Gazteria Saria ere jaso dute valentziarrek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu