Areetan jaio zen, Getxon, eta Plentzian hazi, beti Bizkaian. EHUn egin zituen unibertsitate ikasketak: «Garai ezin hobea izan zen, nire bokazioaz ohartu nintzenekoa». Geologiarekiko beti izan duen pasioak mundu zabaleko hainbat lekutara eraman zuen. Aurrena Bartzelonara, doktore tesia egitera. Gero, Kielera (Alemania) 12 urtez, ikerlari gisa. Eta, azkenean, Kataluniara berriro. Institucio Catalana de Recerca i Estudis Avancatseko ikerlaria da 2005etik. Adopzioz katalana da jadanik. «Baina ez dut jaioterriarekin harremanik galdu; urtero joaten naiz».
Ozeano Atlantikoa kostalde batean gertatutako haustura baten ondorioz sortu zela jakina da, baina nola gertatu zen hori? Nola azal daiteke edonork ulertzeko moduan?
Lurraren egitura osatzen zuten plaka tektonikoak apurtu egin ziren duela milioika urte. Zenbait norabidetatik tira egiten zuten indar tektonikoek. Plakak tenkatu egin ziren, apurtu eta mehetu, eta, hala, itsasoan hondoratu ziren. Plakak apurtu ondoren, magma beroa atera zen itsas hondora, ozeanoari geruza berria emanez. Prozesuak aurrera jarraitzen du gaur egun Atlantikoaren Erdiko Dortsalean. Horregatik gero eta urrunago daude Iberiako penintsula eta plaka amerikarra.
Zertan datza zuen ikerketa? Nola lortu duzue itsasoaren zoruari dagokion eredu bat finkatzea?
Geologia arloan Lur planetako eremu ezezagunenetakoa ikertu dugu. Lurraren plakak haustean eta banatzean sortzen diren ertz kontinentalen ezaugarri geologiko nagusien eredu tektonikoa eskaini dugu. Galizia eta Ternua hartu ditugu oinarri, arketipotzat jotzen baitira prozesu geologikoen ikerketetarako. Kontinente ertzak sortu aurretiko aldagai ezezagun batzuei erantzuna eman diegu. Denbora geologikoaren arabera, zer-nolako arroka motak aurkitu ahal diren argitzen dugu, eremuak zehaztuz, gainera.
Kostaldetik abiatu eta itsaso aldera hainbat kilometro ikertu behar izan dituzue itsas zoruan. Nola lortu duzue hori? Zer tresneria mota baliatu duzue?
Lur zoruan barna hedatzen diren soinu uhinak baliatu ditugu. Hainbat muga geologikotan egiten dute talka uhinek, eta guregana iristen dira bueltan; hidrofonoek jasotzen dituzte emaitzak, eta gero, software sofistikatuei esker, irudi bihurtzen dira. Lur azpiko egitura geologikoaren ezaugarriak lortzen ditugu modu horretan. Ikusgarriak izan dira emaitzak: lurraren geruzaren egitura islatzen duten irudi berriak lortu ditugu.
Galizia eta Ternua loturik zeuden duela 110 milioi urte. Euskal kostaldea ere Ternuari lotua al zegoen, edo agian egungo beste bati?
Galizia, Ternua eta Euskal Herria kontinente masa handi baten erdigunean zeuden, hura banatu aurretik. Emeki-emeki egun ezagutzen ditugun kontinenteak sortu ziren banatze hartatik. Euskal Herria egungo Bretainia aldeko kontinente ertzari loturik zegoen. Ertz armorikarra esaten zaio eremu horri; Europako plakaren zati da. Hala Galizia eta Ternua, nola Euskal Herria eta Europa, garai berean banatu ziren. Haatik, Euskal Herriko geologia konplexuagoa da, bi plaka tektonikek gurutzatzen baitute, Iberiakoak eta Europakoak. Euskal Herriko zati bat Europako plakan dago, eta bestea Iberiakoan.
Zure ikerketa gasa eta petrolioa bilatzeko baliatuko dutela esan dute. Azalduko zenuke hori?
Gure lanaren bidez eskaini dugun eredua oso lagungarri izan daiteke hidrokarburoak antzemateko prozesuetan, gutxi ikertu diren Lurreko eremuetan batik bat. Kontua da ereduak aurreikusten duela nolako harri mota egongo den eremu batean edo bestean (3-6 kilometroko sakoneretan), eta harri mota horrek, era berean, finkatzen du hidrokarburoak modu oparoan aurki daitezkeen edo ez.
Cesar Rodriguez Ranero. ICREAko geologoa
«Planetako eremu ezezagunenetakoa ikertu dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu