Ezarian. Zientzia. Jeroen van den Bergh. Ekonomia berdearen teorikoa

«Planetaren aldeko diskurtso moralistarekin soilik ez du balio»

Klima aldaketari galga jartzeko ekonomia berdea proposatzen ari dira asko; ehundik gora gobernuburuk eta estatuburuk ahotan hartuko dute gaia Brasilen, gaur zortzi.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Bilbo
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ekonomia berdea izango da Rio+20 garapen iraunkorrari buruzko goi biltzarraren auzi nagusietako bat; ekainaren 20tik 22ra egingo dute, Brasilen. Nazio Batuen Erakundeak gai bera proposatu du aurten Nazioarteko Ingurumen Egunean, aurreko ekainaren 5ean. Eztabaida bizia dago benetako ekonomia berdea zer den eta zer ez den argitzeko. Ekonomia berdearen hainbat teorikok sistemaren goitik beherako aldaketa eskatzen dute, NBEren asmoetatik harago.

Jeroen van den Bergh erreferentzia da munduan ingurumen ekonomiaren alorrean. Van den Bergh Bilbon izan da Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeak gonbidaturik. Mundu mailako neurriak hartzearen aldeko da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ICREA ikerlari eta Amsterdamgo Unibertsitateko Ingurumen eta Ekonomia baliabideetako irakaslea; tokian tokiko neurriak hartzea ez da «eraginkorra», haren ustez. Banakoaren ahalegin boluntarista oso mugatua ikusten du klima aldaketari aurre egiteko, «sistematik ihes egitea oso zaila delako».

Ekonomia berdeaz asko hitz egiten ari da azken urteotan klima aldaketaren galga gisa. Krisi egoerak, ordea, ez du ematen askorik lagundu dezakeenik horretan.

Krisiarekin zaila da herrialdeek energia berriztagarrien aldeko inbertsioak egitea; energia garbiak garatzeko diru laguntza guztiak kentzen ari dira. Bada jendea krisitik atera eta berriro lehengora itzul gaitezkeela uste duena, eta ez dira konturatzen hori ez dela gertatuko.

Zer gertatuko da orduan?

Une historikoan gaude. Energiaren salneurria gero eta garestiagoa da, petrolioaren prezioaren eraginez; baina eskaera asko igotzen ari da, besteak beste, Txina eta Indiaren jarduerengatik. Horrek guztiak egiten du lehengora itzultzea ia ezinezkoa izatea. Energia egungo ekonomiaren oinarrietako bat da, energiaren eztabaidari irtenbidea eman ezean nekez aterako gara krisitik.

Goi agintari gehienek ematen dituzten errezeten artean ez dago ekonomia berdearen aldeko apustu argi bat, ordea.

Kapitalak berak eta lanak energia ordezka dezaketela uste dute, baina hori oso zaila da; hiru aldagai horiek elkar osagarriak dira: jendea behar da (lana) makinak kontrolatzeko; makinek eta jendeak energia behar dute, jendeak mugitzeko eta makinek funtzionatzeko. Energia ordezkatzera jo behar dela argi dago, baina hori nola egin da benetako galdera.

Eta zein da erantzuna?

Herrialde aberatsenetan onartu behar dugu aurrerantzean hazkunde ekonomikoa txikiagoa izango dela; horrek ez dauka atzera bueltarik. Hazkundeari begira neutraltasunean kokatzen dut neure burua, eta esan dezaket gure herrialdeetan hazkunde ekonomikoak ez diola jendeari zoriontasun handirik eman. Berdintasunaren kontzeptuan sakontzea garrantzitsuagoa da. Krisi hau mugarria izan daiteke berdintasunera jotzeko. Petrolioarekin edota etxeen salerosketarekin diru asko irabazi eta diru asko galdu duena dago nonahi. Etxeen salerosketa jartzen dute Espainian krisiaren eragile nagusi gisa, baina zerbait garrantzitsua aldatu dute salerosketaren araudiaren inguruan? Ez. Hor adibidez badago aukera ederra berdintasunerantz abiatzeko.

Klima aldaketaren aurka borrokatzera deitzen dute agintariek han eta hemen, banakoari bere ardurak azalduz. Ados zaude politika horrekin?

Ondo dago herriaren iritzia aldatu nahi izatea; diskurtso moralista bat egiten dute planetaren alde, baina horrekin bakarrik ez du balio. Horrelako estrategiak ez dira eraginkorrak, hainbat arazori egin behar dietelako aurre: tokian tokiko irtenbide bat gauzatzen bada, arazoa beste herri batera pasatuko da ziurrenik.

Adibide bat jar dezakezu?

Herrialde batek oso politika zorrotza egin dezake energia kutsagarrien aurka, baina herrialde horretan dauden enpresek energia kontsumo handia badute, azkenean erabaki dezakete beste herrialde batera joatea, politika malguagoa duen leku batera, noski. Azkenean, inportazioaren eta esportazioaren arteko orekak ezerezean uzten du kontsumo energetiko kutsagarri horren aurkako saioa; tira, gauza bi aldatzen dira: politika gogorra ezarri duen herrialdean enplegua galdu dela eta herrialde batean eragin ez den CO2a beste herrialde batean eragin dela.

Dena den, norberak bere etxean energia aurrezteak balioko du klima aldaketaren aurkako borrokan, ezta?

Ez ezazula pentsa. Informazioa eman eta kontzientziak pizten dituzte: etxean bero gutxiago behar da, autoan kilometro gutxiago egin behar dira… Politika horrek errebote efektua dauka, ordea. Energia aurrezten badu pertsona batek, gero aurreztutako diru hori beste zerbaitetan erabil dezake, eta objektu hori edo bidaia hori egiteko energia behar da, halaber, etxean (bizitza pertsonalean) aurreztutakoa baino energia gehiago akaso. Oso zaila da sistematik ihes egitea. Ikerketa batzuen arabera, aurreztutako energia baino %10 handiagoa da errebote efektua. Beste batzuek diote askoz ere gehiago dela, %30-60 artekoa.

Banakoaren ohiturei erreparatzen dien gobernuen deiak, orduan, ez dira eraginkorrak?

«Mundu hobea zurekin hasten da», esaten zaio banakoari. Hiritarren bizkarrean jartzen da kargaren pisu handi bat, ardura handi bat. Ondo dago, baina sistema aldatzen ez den bitartean, kontsumitzaile gisa dugun jarrerak ez du askorik aldatuko. CO2aren salneurria askoz ere garestiago ipini behar da, sistema energetikoaren aldaketa sorrarazteko.

Jar ezazu errebote efektuaren adibide bat, mesedez.

Autoan joan beharrean bizikletan joan naiteke, eta energia nahiz dirua aurreztu, baina aurrezki horiek hegazkin bidaia batean gastatzen baditut, energia aurrezpena galdu egingo da; are gehiago, errebote efektua eragingo da. Eta irrigarriena da igual lagunei esango diedala energia aurrezten ari naizela, jarrera ona dudala klima aldaketari begira. Ez dugu behar bezain ikuspegi zabala, hori da arazoa.

Mundu mailako neurriak proposatzen dituzu, orduan.

Nazioarteko benetako akordioa behar da klima aldaketari aurre egiteko, ez dago beste erremediorik. Jende askok dio ezinezkoa dela, ezin direla ados jarri munduko agintari guztiak, eta, horregatik, tokian tokiko irtenbideak hartu behar direla; baina horiek ez dira eraginkorrak, bistan da.

Sistema aldatzea eskatzen ari zara, finean, baliabide energetikoetatik hasita. Oztopo gehiegi ez ote dago egungo egoera ekonomiko larrian?

Enplegua berreskuratzearen eta iraunkortasuna lortzearen artean gatazka badela ez dut ukatuko. Ekonomiaren hazkundea hein handi batean oso kutsatzaileak diren alorrek sorrarazten dute; kutsatzailetasuna eta produktibitatea oso lotuak daude. Kontzeptu horiek banatzen ez ditugun bitartean ez gara ekonomia berdera abiatuko. Ekonomia berdeak ez du eskainiko produktibitate eta hazkunde handia, hasiera batean behintzat, baina epe luzera hazkunde ekonomikoa eskaintzeko gai dela uste dut.

Eta enplegua zer? Enplegua sortzeko balioko du?

Enpleguari begira hazkundetik at bilatu behar ditugu irtenbideak. Espainian, adibidez, gazteen erdiek ezin dute enplegurik aurkitu, eta hiru urteko epean aurkitu ezean, egoera hori bizitza osoan luza dakieke, soilik oso kalitate txarreko enpleguak lortuz. Ezin gara hazkundearen zain egon,B plana behar dugu.

Zein da B plana?

Dagoen lana hobeto banatzea. Banatzea oso hitz itsusia da ekonomian, soldata jaitsiera dakarrelako, baina mundu guztiak eman behar du zerbait egoera arintzeko. Inork ez du nahi hori, ordea: Aberatsak aberats izaten jarraitu nahi du, lana galtzen duenari begiratu gabe. Gehien irabazten dutenak gutxiago irabazi beharko lukete gutxien edo ezer irabazten dutenak gehiago edo zerbait irabazteko. Nik neuk ongi irabazten dut, zortea daukat, eta aldaketa horren aldeko naiz. Egituraren aldaketa bat ari naiz proposatzen, goitik beherakoa. Sindikatuak ere horren alde egon beharko lukete, baina askotan ez daude.

Rio+20 garapen iraunkorrari buruzko goi biltzarrari begira, zer? Zein erronka ezarri beharko lukete munduko agintariek?

Sortutako euroko gas igorpenak %90 jaistea. Ia ezinezkoa da, baina lortuko balitz, soilik bi graduko igoeran eutsiko genioke planetaren tenperaturari. Bi graduko igoera ezin da saihestu jada, egiten dena egiten dela ere; marra hori ez gurutzatzea gure esku dago, ordea. Gaurko egoera aldatu ezean, hortik gora ibiliko gara, tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.