Aspaldikoa da Orbaibarko ehiza esparrua; aspaldikoak, halaber, haraneko herrietako lagunen eta ekologisten salaketak. Santsoain, Leotz, Makirriain, Amatriain, Bezkitz, Olleta eta Benegorrinen (Nafarroa) 24 urte daramatzate tiro hotsak ia egunero entzuten, urte osoan ehizatzen baita Orbaibarren. Esku pribatuek jartzen dituzte arauak 6.500 hektareako ehiza barruti intentsibo batean, Leozko Udalarekin lotutako akordioari esker. Eta azken erabakia zera da: ehiztariek poltsa biodegradagarriak eramango dituztela ehiza jardunetara. Plastikozko kartutxoak jaso ditzaten poltsak banatzen hasi dira dagoeneko. Ehiztarien beste hondakinak ere, ogitartekoen paperak eta beste, poltsetan jasotzea nahi du ehiza esparruko agintariak, Juan Campos kudeatzaile nagusiak.
Alabaina, Orbaibarko ehiza esparruak hedabideei igorritako oharrean ez dute ezer esaten perdigoien berunari buruz, ez da aipatzen berunak zoruan, naturan, oro har, eragiten duen kutsaduraz. Horri buruzko informazioa Coto Valdorba basta ya Internet sareko blogean bilatu behar da. Esparrua itxi dezaten eskatzen du plataforma horrek, eta, haren arabera, «tonaka berun» dago Orbaibarko parajeetan, eta «modu larrian» kutsatzen du eremu guztia, «ehunka urteetarako, gainera».
Plastikoa, gainditutako kontua
«Bitxia da poltsena», dio Alfredo Rueda Ekologistak Martxan taldeko kideak; «ehiztariek euren kartutxoak jaso behar dituzte legez; bestela, isuna jar dakieke. Hori ez da arazoa, arazoak beste batzuk dira». Zeintzuk, orduan? Ruedak esparruak duen ezaugarri intentsiboa aipatzen du. «Urte osoan dago ehiza hemen, ez dago atsedenik, ez faunarentzat, ezta herrietako bizilagunentzat ere». Plastikoa jasotzea ontzat jotzen du, «baina hori gainditutako kontua da; garrantzitsuagoa litzateke perdigoien beruna ordezkatzea». Metal horrek ura kutsatzen duela ezaguna da, «eta Orbaibarren animaliei eta pertsonei eragiteko arrisku handia dago gaur egun».
Berunarekin batera brea ere arazo da Orbaibarren. Izan ere, plater tiroa egiteko toki bat bada han, eta plater horiek breazkoak dira. Eperrak, faisaiak, untxiak, usoak... denetarik ehizatzen da Orbaibarren, animalia asko eta asko ehiza esparruan bertan askatzen baitituzte etxaldetan hazi ondoren. Tiro egiteko hamaika aukera dago, baita paintball-ean aritzeko ere. Armen katuari eragiteko erraztasun guztiak daude Orbaibarren, dirua aurretik jarrita.
Ehiza esparruko erabiltzaileentzat 10.000 poltsa biodegradagarri erosi dituzte, edonola ere. «Ehiztariek dute interesik handiena ingurumena zaindua egon dadin, eta badakigu kartutxoak jasotzen dituztela. Poltsekin lan hori erraztu nahi diegu», dio Juan Campos esparruko kudeatzaileak. Alfredo Rueda ekologistaktestuinguru jakin batean sartzen ditu hitzok: «Esparruaren aurka dagoen kanpainari erantzuteko propaganda da. Lehen kanpotik zetorren salaketa; orain, berriz, Orbaibartik dator, barrutik».
Izan ere, herritarren gehiengoaren jarrerak ekar dezake «arazoa konponduko lukeena»: Leozko Udalak ehiza esparruko lur eremuak alokatzeari uztea. Esparruaren zati handi bat udalarena da, «eta giltza hor egon daiteke».
Plastikoa jaso, beruna utzi
Ehiztariek plastikozko kartutxoak jaso ditzaten poltsak ematen hasi dira Orbaibarko ehiza eremuan; herritarrek beruna mendian geratzen dela salatu dute orain baino lehen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu