Patxi Etxeberria. Bertsolaria

«Plazak dena eman dit»

Historian ez da egon Etxeberriak duen adinarekin plazaz plaza ibili den bertsolaririk. Sarritan pentsatu du uztea, baina ilusioz jarraitzen du. Oso sinestuna da, eta nerabe zela itsasoan egindako urteek markatu dute haren izaera.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Lasarte-Oria
2016ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Odolean, barru-barruan» darama bertsoa Patxi Etxeberriak (Orio, Gipuzkoa, 1930). Uztapideren garaitik, belaunaldi guztietako bertsolariekin partekatu du oholtza. Urte hauetan bertsolaritza aldatu arren berak ez duela bere bertsokera aldatu dio. «Hitz egin bezala abesten dut, hori da ikasi nuena».

Xabier Amurizak erretiroa hartu berri du, eta, horri lotuta, BERRIAn ondorengoa adierazi du: «Plazako ibilerak ez dira 75 urterekin egitekoak». Zer dio horri buruzoraindik ere plazaz plaza dabilen historiako bertsolari zaharrenak? Zein da sekretua?

Ez dakit zein den sekretua. Ondo pentsatu izan banu, aspaldi behar nuen utzita. Sarritan pasatu izan zait burutik. Baina bertsolaritza odolean daramat. Saioren batera gonbidatzen nautenean, ezin diet ezetz esan. Grina eta ilusioa hor ditut. Aldi berean, osasunak lagundu egin dit, eta etxekoek ere jarraitzera animatzen naute. Asko ez naiz ibiltzen, dena den. Aurten, oraingoz, lau bat saio ditut hitzartuak, eta horrekin pozik nago. Gazte asko daude orain, oso onak. Horientzako lekua dago plazan; normala da hori.

Oraindik amorratuta itzultzen omen zara etxera bertso saioa behar bezala ateratzen ez bazaizu. Ilusio horren seinale al da?

Halaxe da. Lehen baino urduriago jartzen naiz plazan.

Plazak zer eman dizu?

Dena: lagunak, bizi esperientziak, lekuak ezagutzeko aukera...

Nolatan hasi zinen bertsotan?

Barruan betidanik eraman dudan zerbait da, beti nuen buruan bertsoa. Tolosako (Gipuzkoa) osaba aritzen zen bertsotan, Esteban. Oso ondo egiten zuen.

Orduan ez zegoen oso ondo ikusita bertsolari izatea. Gurasoek behin edo behin esan zizuten ez kantatzeko.

Halaxe da. Hernion ginen, eta arrebaren kuadrilla etorri zen eskusoinu eta guzti. Ni gaztetxoa nintzen. Bertsoa botatzera joan, eta isiltzeko agindu zidaten. Oso gaizki ikusita zegoen bertsolari izatea. Bertsolariek mozkor fama zuten, zurrutarekin lotzen zen.

Zuk, ordea, bertsotan segitzen zenuen?

Bai, bai. Gerora, gainera, lagunekin ohitura bat genuen. Ohikoa izaten zen bertsoa kantatzen ez zuenak erronda ordaintzea. Hamar zentimo inguru balioko zituen baso erdiak. Ez zen asko, baina zortzi elkartuz gero... Gainera, ohorea ere jokoan zegoen.

Lehen saioa Aginagan [Gipuzkoa] egin zenuen, Joxe Agirrerekin eta Txomin Garmendiarekin, besteak beste. Nola duzu gogoan?

Bertsolari gazteen txapelketan izan zen. Agirrek irabazi zuen. Gero, bestelako hainbat txapelketatan parte hartu nuen, eta plazetatik deitzen hasi zitzaizkidan.

Zer zenituen nahiago, plazak edo txapelketak?

Gaztetan gustuko nituen txapelketak, lehiatzeko gogoa nuen. Denborarekin, gehiago disfrutatzen duzu plazaz.

Txapela ez, baina sari bat irabazi zenuen Euskal Herriko Txapelketan. Nola hartu zenuen?

1980ko txapelketako finalean izan zen. Goizeko saioaren ostean, bazkaltzen ari ginela, Jose Antonio Arana Martija bertaratu zitzaidan, eta esan zidan artean hemeretzi doinu atera edo erabili nituela, eta beste bat ateraz gero saria emango zidatela. Doinu zaharrak ziren. Arana Martija joandakoan, Uztapidek lasai egoteko esan zidan, ez estutzeko. Atera nuen doinua, ia konturatu gabe. Erdibana izan zen saria, Amurizarekin, hark doinu berri bat atera baitzuen.

Plazetan egoten zen giroak ba al zuen zerikusirik gaur egun egoten den giroarekin?

Batere ez. Orduan askoz saio gutxiago zegoen, eta plazak lepoz betetzen ziren. Giro beroa izaten zen, gauza berezia baitzen. Egun, hainbeste saio daudenez, proportzioan ez doa hainbeste jende.

Garai hartan, plazetan kantatzeagatik ordaintzen al zizueten?

Bai. Ez ziguten gaizki ordaintzen, gainera. Gogoan dut, adibidez, Manuel Lasarte eta biok Eratsunera [Nafarroa] joan ginela, Retegi anaiei egindako omenaldi batean kantatzera, eta egun osoan han kantuan egotegatik 1.000 duro eman zizkigutela.

Madrilen ere entzunda omen daude zure bertsoak...

Halaxe da. Madrilen, maiatzean, Feria del Campo azoka ospatzen zen. Baxarrik deitu zidan, Gipuzkoako pabiloiak 25 urte betetzen zituela-eta bertsoak kantatzera joateko proposatzeko. Hasiera batean ezetz esan nion, ezin nuelako arrandegia utzi. Baina semeetako batek esan zidan berak egingo zituela arrandegiko lanak, eta hara joan ginen.Gu ez ezik, Endañeta harria jasotzera eta Mindegia aizkoran aritzera ere etorri ziren. Ederki pasatu genuen.

Urte hauetan bertsokera asko aldatu da?

Garai bateko bertsolariek ez genuen eskolarik. Lagun artean ikasten genuen bertsotan, berez, bat-batean, parranda giroan. Bat-batekotasun hori galtzeak ematen dit pena eta beldurra. Hori bai, egungo bertsolariek duten goi maila onartu behar dut: zer eta nola esaten dituzten gauzak, haien teknika eta hizkuntza maila. Baina nik, betiko hori maite dut. Bat-batekotasun hori galtzen badu, asko galduko du bertsolaritzak.

Eta zure bertsokera asko aldatu al da?

Batere ez. Gainera, ezingo nuke aldatu. Niri deitzen didanak badaki zein den nire bertsokera. Nik hitz egin bezala kantatzen dut, hori baita nik ikasi nuena. Ez naiz prestatu ez hizkuntzaren, ezta teknikaren aldetik ere. Bertsolari asko irakurriz trebatzen dira. Ni, ordea, alfer samarra naiz. Irakurtzen hasi, eta lo hartzen dut.

Bertsolariak trebatzeko leku inportanteak dira bertso eskolak. Zuk, ordea, ez zenituen oso begi onez ikusten hasieran.

Bertsolaritza indar asko hartzen ari da, eta onartu behar dut bertso eskolak lan handia egiten ari direla horretarako. Imanol Lazkano aspaldi hasi zen eskolak behar zirela esanez. Baginen batzuk, ez genuela hori garbi ikusten. Azken batean, gure kabuz trebatzen ginen, eta ez zitzaigun iruditzen eskola behar zenik bertsolari izateko. Konbentzitu gintuen, eta nik neuk ere gerora izena eman nuen Lasarte-Oriakoan [Gipuzkoa]. Pozgarria da orain eskolak 25 urte bete dituela ikustea. Gutxitan biltzen gara, eta faltan botatzen dut.

Zer ikasi duzu bertso eskolako urteetan?

Gauza asko. Adibidez, txanda itxaroten. Lehen, ez nekien. Bertsoa bururatu, eta bota egiten nuen. Bertso eskolan ikasi nuen lasai eta zain egon behar nuela. Gainera, gazteekin egoteak gaztetu egiten nau.

Eta Lasarte-Oriari bertso eskolak zer eman dio?

Duela 25 urte ni bakarrik aritzen nintzen bertsotan herrian. Orain, badira dozena bat, bertso eskolatik atera eta plazaz plaza dabiltzanak. Gainera, herria euskalduntzeko ere balio izan du.

Askotariko belaunalditako bertsolariekin kantatu duzu. Zein izan da ikusi duzun bertsolaririk onena?

Manuel Lasarte esango nuke. Ahotsez, neurriz, belarriz... Ikusle guztien arreta erakartzen zuen, erraz. Ustekabeko ateraldi ugari zituen Uztapidek ere. Egaña ere handia izan da, eta da.

Arrantza eta itsasoa izan dira zure bizimoduko beste bi zutarriak. Nola bizi izan zenuen 13 urterekin arrantzan hastea?

Asko ikasi nuen, baina, aldi berean, urte oso gogorrak izan ziren. Ni 1930ean jaio nintzen. Etxean gurasoez gain zortzi anai-arreba ginen. Berez, Orioko baserri txiki eta koxkor batekoak gara. Oso leku polita da, zoragarria. Baina baserri gisa oso aldrebesa, lurrak oso banatuak zeudelako. Hortik gauza gutxi ateratzen genuen. Behar handia zegoen, 1936ko gerra hasi baitzen. Aita hara eta hona ibiltzen zen, ahal zuen lekuan lanean. Sarritan, aste osoa etxetik kanpo ematen zuen. Gu etxean laguntzeko oso gazte hasi ginen lanean. Itsasoan lehorrean baino gehiago irabazten zen, eta horregatik hasi nintzen arrantzan. Ez ginen oso urrutira joaten, hemen bazegoelako arraina garai hartan. Baina gauez ateratzen ginen. Oso gogorra izaten zen, batez ere antxoa sasoia. Hotz handia pasatzen genuen, gau osoa bustita ematen baikenuen. Gainera, lo gutxi egiten genuen. Nire izaera gogortu egin zen urte haietan.

Nolatan erabaki zenuen itsasoa uztea?

Urteak aurrera joan ahala, atunetan ere hasi nintzen, eta, horretarako, urrutirago joaten ginen. Neska-laguna nuen, eta lanagatik denbora gutxi nuen ikusteko. Orioko ontziolan lan egitea proposatu zidaten, eta onartu nuen.

Ezkondu eta Lasarte-Oriara joan zineten bizitzera, baina lanera Oriora joaten zinen. Goi mailako txirrindularien pare, joan-etorriak bizikletaz egiten zenituen.

Orduan ez genuen autorik, eta eguzkia, euria edo elurra egin arren, egunero bizikleta hartu eta lanera joaten nintzen. Lanera 08:00etan sartzen nintzen, eta etxetik 06:30 aldera irteten nintzen. Hamar ordu lan egin, eta buelta bizikletan. Azkenerako, emazteak eta biok Lasarte-Orian arrandegia jartzea erabaki genuen. Ordutik eta erretiroa hartu arte hortxe aritu ginen borrokan. Beti egongo gara eskertuta Lasarte-Oriari. Lehen unetik herriko gisa hartu gintuzten.

Goizean goiz jaiki beharko zenuen arrain bila joateko. Bezperan gauean bertso saioa bazenuen, nola moldatzen zinen?

04:00-04:30 aldera jaikitzen nintzen arrain bila joateko. Bezperan bertso saioa edukiz gero, ia lo egin gabe joaten nintzen. Izan ere, erraz samar entretenitzen nintzen: lagun giroa, jana, edana... Erlojuari ez nion erreparatzen.Merkatutik itzuli, arraina jarri, eta emazteak zabaltzen zuen arrandegia. Ni ordu pare bat joaten nintzen etxera, behintzat ohean etzan eta ahal banuen lo kuluxkaren bat egitera. Arrandegi atzean genuen txokoko hamakan ere kuluxka egiten genuen.

Oso fededuna zara. Zer ematen dizu horrek?

Bai. Oso tarteka joaten naiz elizara, baina etxean bi meza entzuten ditutigandero:Euskadi Irratikoa Arantzazutik 08:00etan, eta, gero, ETBkoa 10:00etan. Fedeak asko ematen dit. Ez dakit oker edo ondo nabilen, baina hala da. Autoan bi irudi ditut: Arantzazuko amabirjinaren eta jesusena. Autoan asko ibili izan naiz, bertsotara joateko, eta beti eskatu diet joan-etorria ona izateko.

Paseoan ere maiz ikusten zaituzte.

Paseoan ibiltzea asko gustatzen zait, Oriara edo Zubietara joaten naiz. Txirrindularitza eta pilota ikustea ere oso gustuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.