Plazako atarian hilda

'Capuchino' zezenak Daniel Jimeno Romero gaztea hil du laugarren entzierroan, Telefonicako bukaeran, hesien ondoan

Alberto Barandiaran.
Iruñea
2009ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Jandillakoek badute fama. Orain,zezenak gihar puska dira, korrika egiteko egiten dituzte. Zezen-plazan eusteko, entzierroko 800 metro horiek arazorik gabe amaitzeko; ahal bada, azkar, gainera. Galdu egin dute zezenek nortasuna. Galdu egin dute bat-batekotasuna, animaliatasuna nahi bada, eta makina samarrak egin dituzte. Eta, orain, zezenek azkar asko egiten dute ibilbidea, iristen dira zezen-plazara, sartzen dira zezentokira eta hiltzen dituzte plazan.

Baina Jandillakoek badute fama. Ez direla erraz otzantzen, toki guztietatik iristen zaizkien deiei kasu egiten dietela, oldartu egiten direla. Atzo, Capuchino izeneko zezen batek hiru aldiz gutxienez egin zuen korrikalariengana, eta lau gizaseme zauritu zituen adarkadaz. Haietako bat, Daniel Jimeno Romero 27 urteko madrildarra, hil egin zen lepo aldean egindako zauriaren ondorioz. Bera da Iruñeko entzierroetan hil den hamaseigarren korrikalaria. Atzo, zezen-plazan bertan, minutu bateko isilunea egin zuten haren omenez, eta zezenak harrapatu zuen tokian, hainbat herritarrek zapi gorriak lotu zituzten. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatea Nafarroako Erietxera joan ziren, eta hildakoaren senideei laguntza eskaini zieten. Familiak atzo bertan eraman nahi zuten gorpua Alcala de Henares jaioterrira (Madril), baina azkenean gaur egingo dute eramango dute.

Hiru aldiz hesien aurka

Zorigaiztoko adarkada Telefonica amaieran gertatu zen, zezen- plazara sartzeko kailejoian. Capuchino oso atzeratuta zetorren, Udaletxe plazan, ohiko bidetik bere anaiei jarraitu ordez, hesiara jo zuelako zuzenean, eta tropeletik bereizita geratu zelako. Bide osoa horrela egin zuen, eta behin baino gehiagotan bihurtu zen korrikalarien aurka. Zezen-plazako sarrera korrikalariz beteta zegoen, eta 515 kiloko animalia, gazte batek egindako dei bati erantzunez, atzera egin eta ekarritako bidera begira jarri zen. Ez da horrelakorik gertatzen den lehen aldia, herenegungo entzierroan ere korrikalari batek egindako keinu baten ondorioz gertatu zen adarkadaz lehen zaurituta.

Zezena, beraz, Estafetarantz bihurtu zen.

Hildakoa babes bila ari zen

Mugimenduak ezustean harrapatu zituen korrikalari gehienak. Ohi bezala, hesiak beteta zeuden, eta asko nora igo edo nondik eskapo egin ez zekitela geratu ziren. Zezenak hiru aldiz egin zuen bazterrean zeuden gorputzen aurka. Horietako batean, gazte bati adarra ezkerreko izterrean sartu eta sekulako astindua eman zion, eta lurrera bota zuen. Han, bekokiarekin bilatu zuen, baina gaztea ondo babestu zen, eta inguruan ziren korrikalari eta unaien laguntzarekin, alde egitea lortu zuen.

Beste oldarraldietako batean, hesian zintzilik zegoen beste korrikalari baten aurka egin zuen, eta praka urratu zion. Ez zuen adar zauririk izan, hala ere. Hirugarrenean, Daniel Jimeno bete-betean harrapatu zuen.

Bideozale batek hartutako irudietan ikusten denez, 27 urteko gaztea lurrean zegoen zezena hurbildu zitzaionean. Alde egiteko toki bila, seguru asko. Zezenak, keinu bortitz eta lehor batez, lepoan kolpatu zuen gaztea. Hura bertan geratu zen zerraldo. Bi boluntariok hesien atzeko tartera erretiratu zuten orduan.

Berehala anbulantzian sartu eta Nafarroako Erietxera eraman zuten, eta, iritsi orduko, haren egoera «oso larria» zela ohartu ziren sorospeen etxeko medikuak. Zauria ezkerreko lepauztaiaren parean zen, baina adarrak ezkerreko birika, aorta eta kaba zainak hartu zizkion. Erietxera iritsi eta ordu erdira hil zen. Sendagileek esan zuten zauriak «berez hilgarriak» zirela.

Erietxean hiru ordu behar izan zituzten hildako nor zen jakiteko, ez baitzuen nortasun agiririk aldean. Senideek baieztatu zuten Daniel Jimenoren heriotza.

Atzo bertan, Iruñeko Udalak ohar bat atera zuen, entzierroaren «segurtasun baldintzak» onak direla ziurtatuz. Horretarako, lasterketa bakoitzaren aurretik banatzen diren esku orriak eta informazio kanpaina jarri zituen adibidetzat.



Orain hamalau urte hil zen Matthew Peter Tasio gaztea, 'Castellano' zezenak adarkatuta. 1910. urtean hasi zen entzierroetan jazotako heriotzen errenkada.

Zerrenda lazgarria

A. Barandiaran. Iruñea

Sanferminetako entzierroetan orain arte hamabost gizaseme hil dira, zezenen adarkadengatik edo izandako kolpeengatik. Daniel Jimeno hamaseigarrena izan da.

Fermin Etxeberria(2003)

63 urteko iruindarra, eta Eskarmentu handiko lasterkaria. Cebada Gago ganadutegiko zezen baten kolpea jaso zuen Mercaderesen. Traumatismo larria izan zuen, eta erietxean bi hilabete eta erdi igarota hil zen.

Matthew Peter Tasio (1995)

Uztailaren 13an korrikalariz beteta zegoen bidea; Castellano zezena aurretik zihoan. Peter Tasio, 23 urteko estatubatuar gaztea, Udaletxeko espaloiarekin behaztopa eginda, zutitu nahian zebilen. Sabelean adarkatu zuen 575 kiloko zezenak, eta aorta eten zion.

Vicente Risco eta Jose Antonio Sanchez (1980)

Sanferminen historiako entzierrorik luzeenetariko batean (10 minutu eta 55 segundu), bi gaztek galdu zuten bizia Antioquio zezenak adarkatuta, bat Udaletxe plazan eta bertzea zezen-plazan. Zezenak Jose Antonio Sanchez Udaletxe plazan adarkatu eta metro batzuetan arrastaka eraman zuen, Mercaderes karrikaraino. Nafarroako Ospitalean 15 litroko odol transfusioa egin zioten, baina hil egin zen. Antioquio-k, plazara sartzean eskuinera jota, Vicente Risco harrapatu eta eskuineko adarretik zintzilik eduki zuen. Aske utzi zuenean berriro eraso zion, eta hil.

Jose Joaquin Esparza (1977)

Miura ganadutegiko Silletero zezenak 17 urteko gaztea adarkatu zuen plazako sarreran.

Gregorio Gorriz ( 1975)

F. J. Osborne ganadutegiko Navarrico zezenak plazako sarreran harrapatu zuen 41 urteko Aratzuiko gizasemea.

Juan Ignacio Eraso (1974)

18 urteko iruindarra. Estafeta karrikaren bukaeratik korrika egina zen bi zezen atzeraturen aurretik, atzetik geratu zen bertze bat zetorrela ohartu gabe. Plazara heltzeko hamar metrora gelditu zen eta hesira igotzen saiatu. Ustekabean, Palmello topatu zuen.

Hilario Pardo (1969)

Murtxantekoa, 45 urtekoa. Nafarroako Museoko aldaparen hasierako txoko ezagunean. Reprochado zezenak, lurrean botata zegoen Hilario Pardorengana egin zuen. Bi adarkada emanda hil zuen.

Vicente Urrizola (1961)

32 urteko iruindarra Santo Domingoko aldapan harrapatu zuen zezenak. Ospitalera eraman zuten, eta handik 30 ordura hil zen.

Casimiro Heredia etaJulian Zabalza (1947)

Heredia Estafetan harrapatu zuen Semillero-k. Kale erdian erori zen eta, beharbada, bere burua lurrera botatzeko saioak adarkadari lagundu zion. Zezenak, adarra behin eta berriz sartuz, kale erditik espaloiraino eraman zuen; gero, Atarrabiako Julian Zabalza zezen-plazan harrapatu eta hil zuen.

Gonzalo Bustinduy (1935)

Sei zezenak ukuilura sartzerakoan, arduragabe batzuek zezen bat bereizi zuten taldetik. Bustinduy 29 urteko mexikarra agertu zen bat-batean, jaka eskuan animalia deitu zuen. Zezenak erasota, lurrera erori zen eta besapean adarkada jaso zuen.

Santiago Martinez (1927)

Plazan hil zen 34 urteko iruindarra. Ukuilura bidean, zezen bat taldetik bereizi zen eta 8. harmailako lehen ezkutalekuan babes hartu nahi zuen Martinez hil.-

Esteban Domeño (1924)

Telefonicako tartean harrapatu zuen zezenak 22 urteko zangozarra. Jendea eskuinaldekoaren ondoan pilatu zen eta taldeko zezenetariko bat han zirenen kontra joan zen. Burua sartu etabete-betean harrapatu zuen Domeño.

Francisco Garcia (1910)

El Pensamiento Navarro egunkariaren1911ko urtarrilaren 18ko alean: «Francisco Garcia Gurrea 21 urte zituela zendu da hiri honetan, sanferminetako azken festetan izan zen zezen entzierroetako batean jaso zituen zauriengatik. Goian bego».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.