Maria Jesus Erezuma. Argizarizko krema egilea

«Plazan saltzeko, kremek osasun kontrolak igaro behar dituzte»

Etxeko erleen argizariarekin azalerako kremak egiten ditu Erezumak. Esperientziak irakatsi dio belarrak bereiztu eta aukeratzen

Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Astelehenero-astelehenero ohikoa da Maria Jesus Erezuma Gernika-Lumoko baserritarren azokan ikustea. Ez du inoiz hutsik egiten. Eztia eta kremak eramaten ditu, eta indaba, letxuga, tomate, tipula eta aza saltzaileen erdian jartzen da bera ere. Erleak zaintzen dituzte etxean, eta haiek egindako argizaria da bere lanabes nagusia.

Kremak egiteko erabiltzen duzu zuk argizaria.

Lehen orain baino krema gehiago egiten nuen. Orain plazan saltzeko, errolda moduko batean izena eman behar dugu, eta kontrol batzuk igaro behar dira. Beraz, nire formula laborategi bati eman diot, eta haiek egiten didate plazan saltzeko krema. Hala ere, oraindik egiten dut kremarik etxean, bertara bila datozenei emateko. Betiko bezeroak dira, eta nahiago duteneuk egin dudana erosi.

Nola hasi zinen horretan?

Duela hamabi urte inguru. Senarrarekin azoketara joaten nintzen, eztia saltzera. Eta kremak egiten zituen gizon bat ezagutu nuen. Harekin hizketan, gai interesgarria dela iruditu zitzaidan, eta apur-apurka neu ere animatu nintzen.

Mota askotakoak egiten dituzu?

Laborategian egiten didatena azaleko kontuetarako da: psoriasia, herpesak, erredurak, hemorroideak. Gero, neuk etxean intsusarekin egiten dudanak ere antzeko kontuetarako balio du. Zirkulazioa hobetzeko ere egiten dut beste bat, infekzioentzat...

Hortaz, batzuen eta besteen arteko aldea egiteko erabiltzen dituzun belarrak dira. Non eskuratzen dituzu?

Bai, hala da. Batzuk etxean jasotzen ditut, eta besteak senarrak ekartzen dizkit basotik. Denak naturalak dira.

Nondik datorkizu belarren inguruko jakituria hori?

Ikastaro bat egin nuen. Horretaz aparte, gaia asko gustatu izan zait betidanik, eta liburu asko ditut etxean. Gustatuz gero, gauza asko ikasten dira. Intentzioa izaten da beharrezkoa.

Zer-nolako bezeroak dituzu?

Gehienak finkoak dira, urte askotan kremak erosten dizkidatenak. Astero etortzen dira plazara edo etxera. Ez dute kexarik agertu inoiz, beraz, gustura dauden seinale.

Noiztik zaintzen dituzue erleak zuenean?

Betidanik. Umea nintzenetik ikusi izan ditut erleak etxean, eta aurretik ere ba omen zeuden. Nire senarrari ere beti gustatu izan zaizkio, eta ezkondu ondoren ere erleak zaintzen jarraitzea erabaki genuen.

Hortaz, zure gurasoek ere erleak zituzten?

Bai, hala da. Gazte hil zen aita, baina betidanik izan zituen erleak. Gustuko zituen hark ere. Lau kutxa zituen, zaletasun modura jarrita, eta gero guk zaindu genituen.

Zuen aitak ere eztia saltzen zuen?

Ez, ez. Berak etxerako ekoizten zuen. Harentzat zaletasuna zen soilik. Lau kutxak ez dute saltzeko adina ematen. Autokotsumorako zen. Aitaren lau kutxekin hasi ginen gu ere. Senarra gero eta gehiago jartzen hasi zen, eta, hala, geroz eta ezti gehiago ekoizten genuen. Azkenean, etxekook jan genezakeena baino ezti gehiago sortzen genuen, eta saltzen hasi behar izan genuen.

Gaur egun zenbat kutxa dituzue?

Bada, asko ez, egia esan. Ehun inguru baino ez ditugu.

Non dituzue? Denak etxean?

Busturialdean sakabanatuta ditugu kutxa guztiak. Kortezubin, Lekeitio aldetik, Munitibarren, Arratzun... Etxean gutxi batzuk baino ez ditugu.

Garai batean ohikoa zen eztia hartzea. Gaur egun ere hala al da?

Bai, dezente jaten dela esango nuke. Orain ez da lehen bezala. Garai batean azoketan saltzen genuen; gaur egun, ekoizle asko garenez, dendetan saltzen da. Lehen baino eskuragarriago dago. Lehen ezti ekoizle gutxi ginen. Dendetan dagoenetik, egia da azoketan gutxiago saltzen dela. Orain gutxi arte, baserriko eztia nahi izanez gero, azoka zen eskuratzeko aukera bakarra. Edonola ere, oraindik saltzen da azoketan.

Askok osasunerako ona delako hartuko dute eztia ala?

Badago gozotasunagatik bakarrik kontsumitzen duen jendea, gozotasun hori azukrearena baino atseginagoa zaiolako. Edo besterik gabe, horretara ohitu delako umetatik. Baina badago, baita ere, osasunean egiten duen mesedeagatik erosten duen jendea. Neurrian oso ona da. Mesede asko egiten du. Eztarria zaintzeko onada, adibidez, eta azaleko gaixotasun asko sendatzeko balio du.

Zuenean asko kontsumituko da, ezta?

Egunero, beti apur bat. Nire senarrak beti eztia erabiltzen du gozatzeko, azukrearen ordez. Berak zaintzen ditu erleak eta! Nik neuk katarroa dudanean hartzen dut, eta goizetan gosaritan ogi zerraren gainean jarrita. Gurean umeei ere asko gustatzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.