Patxi Ganboa. Laxo jokalari ohia

«Plazera izan da laxoan jokatzea»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Doneztebe
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Patxi Ganboa (1968) Doneztebekoa da, eta 12 urterekin hasi zen laxoan jokatzen. Bi urte geroago, 1982an, debutatu zuen Malerreka eta Baztanen artean urtero antolatzen den laxo txapelketan. Txapelketa gehien irabazi duen jokalarietako bat da, hamalau aldiz irabazi du bere taldearekin txapela. Duela bi urte erretiratu zen. Zaletasunari jarraituz, laxoan aritzea plazera izan da Ganboarentzat.

Zergatik hasi zinen laxoan jokatzen?

80ko hamarkadaren hasieran berreskuratzen ari zen jokoa zen, eta jende asko bildu zen txapelketara. Nahiko oihartzun handia izan zuen. Gainera, entrenatzeko aukera izan genuen, eta gazte asko hasi ginen laxoan jokatzen.

Prestakuntza berezirik egiten zenuten?

Txapelketa iritsi aurretik egiten genuen prestakuntza, eskularruarekin entrenatu, batez ere, baina prestakuntza fisikorik ez genuen egiten. Plazan eta eskularruarekin jokatzen genuen, txapelketa hasi baino bi edo hiru hilabete lehenago.

Laxo jokalari batek zer behar du ona izateko?

Postu erabat ezberdinak daude, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Behar duena da, batez ere, zaletasuna; aritu eta aritu. Oso ona izateko, teknika ona behar du, horrek egiten ditu desberdin jokalari onak.

Eta zuk zer zenuen ezberdin?

Laxoa talde lana da, eta gure taldea ona izan zen.

Zergatik utzi zenion jokatzeari?

2007an jokatu nuen azkeneko txapelketa. Orkatila gaizki nuen, eta adinagatik ere utzi nuen.

Materiala nondik ateratzen duzue?

Hasieran herriko zapatagile batek, Eusebio Arregik, egiten zituen eskularruak. Gero lan horretan Labaingo zapatagilea ere hasi zen, baina guk ez ditugu bere eskularruak inoiz erabili, beti Eusebiorenak erabili ditugu. Gerora, Arregirekin batera, Ipar Euskal Herriko Punpa enpresa duen Ander Ugarte hasi zen eskularruak nola egin ikasten. Ugarte da egun material egile bakarra, eta pilota gehienak ere berak egiten ditu.

Hainbat urtean deus kobratu gabe eta asteburuz asteburu plazan jokatzen aritutakoa zara. Zergatik egiten zenuen?

Zaletasunagatik. Jokatu dut gustatzen zaidalako, eta ongi pasatzen nuelako. Asteburuz asteburu plazan jokatu dut plazera izan delako niretzat.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Nik ez diot etorkizun distiratsurik ikusten laxoari. Alde batetik, jende gutxi ari delako jokatzen, eta, bestetik, azpiegitura ez delako ikaragarrizkoa. Malerrekan eta Baztanen bakarrik gaude jokatzen, jende gutxik jokatzen du, eta entrenatzen are gutxiago ari dira. Gazteak gero eta gutxiago animatzen dira eskularruz aritzen. Gainera, gero eta gauza gehiago daude aisialdirako aukera gisa, bai kirol mailan bai bestela ere.

Beste kirol batek baino zailtasun handiagoa du laxoak gazte bat horretan ez asteko?

Eskularruaz aritzea futbolean edo esku-huskan aritzea baino zailagoa da. Futbola eta esku-huska telebistan ikusten dira, baina laxoa ez. Horrek erakartzen du gehiago, eta errazagoa da horretan hastea, eskularru bat hartu eta jokatzen hastea baino. Gainera, gutxieneko teknika bat behar duzu jokatzen hasteko, eta teknika hartu arte ez dago besterik, aritu eta aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.