Ezarian. Historiaurrea

Pleistozenora bidean

Dolina Handia aztarnategitik argi ikus daiteke trenbideak Atapuercako mendilerroan utzitako lubakia. XABIER MARTIN.
xabier martin
Burgos
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Lubaki bat aurrera egiteko. Kontraesana dirudi, baina Atapuercan ez da horrela. Lubakiak zabaldu zuen Pleistozenora daraman korridorea. 1896tik 1901era hondeatu zuten lurra. Demanda mendilerroko mineralak Villafria herriraino eraman nahi zituzten trenez, Bilborako bidean. Hogei metro zabaleran eta luzeran kilometro batetik gora ebakia. Ez zioten etekin handirik atera azpiegiturari, urte gutxi barru itxi baitzuten. Ustekabean, baina, lubakia gizateriaren historia ulertzeko ezinbestekoak gertatzen ari diren aztarnak ematen hasi zen sedimentuen artean.

Ibeas de Juarros herrian (Burgos, Espainia) kafea bukatu dute errepide alboko tabernetan munduko aztarnategi emankorrenetako batera doazen unibertsitate ikasleek. Autobusetan sartu dira goizean goiz, eta bost minutuan Atapuercan dira, garitza horiak zeharkatuta. Gaur topatuko ote dute antzinako hominido baten aztarnarik? Esperantza horrekin doaz, urre bilatzaileen antzera.

Elefantearen Leizea

Lubakian aurrera eginez topatzen den lehen aztarnategia da Elefantearen Leizea. Rosa Oget ari da lana zuzentzen. 2008an, 1,2 milioi urteko masailezur bat topatu zuten hemen, Olduvayko 32 silex lanabesekin batera. Homo sp gisa dago sailkaturik fosila (ezezagun gisa), Dolina handian azaldutako Homo antecessor (780.000 urte) baino antzinagokoa baita oso. Kanibalismoaren ezaugarriak dauzka. «7. mailan ari gara orain», dio Ogetek; «1,2 milioi urteko mailatik harago goaz. Maila honetan hominidoen presentzia berrestea izugarria litzateke». Eguzkiak gogor jotzen duen arren, zulo sakonean ari dira, freskotasunean. «Animalien aztarnak azaldu dira, baina hominidorik ez». Azalduko balira, Atapuercako arrasto zaharrenak lirateke, eta, ondorioz, Europako zaharrenak.

Galeria

Isabel Caceresek geldialdi bat egin du Galeria aztarnategian; Elefantearen leizea bertatik bertara dauka. «Homo heidelbergensis-en arrastoak aurkitu ditugu hemen, eta haien bila gabiltza orain ere», dio Galeriako zuzendariak. Animalientzako tranpa gisa erabiltzen zen Galeria. Zulo batetik erortzen ziren (akaso bultzaturik), eta, ostean, H.heidelbergensis banakoak haien bila sartzen ziren beste pasabide batetik. «Prozesua oso ondo aztertu dugu, xehetasunez; aurten, baina, heidelbergensis-en maila atzean utzi (250.000 urte), eta zaharragoa den maila batera goaz». Pleistozeno ertainaren garaian ari dira Galerian.

Dolina Handia

Atapuercako aztarnategi handiena azaltzen da bat-batean lubakiaren azken zatian; ezagunena ere bai akaso. Dolina Handian 25 bat lagun ari dira jo eta ke euren lanabesekin lurra mugitzen, poliki eta arretaz, edozein unetan pieza baliotsu bat azal daiteke eta. Bi mailatan ari dira: batetik, TD5 eta TD4 daude; eta, bestetik, TD10 maila. 800.000 urte inguruko giza arrastoak aurkitu zituzten 1994an, TD6 mailan. Ordura arte ezezaguna zen H. antecessor espeziearen arrastoak ziren, Europako zaharrenak artean. Guztira, sei antecessor banakoren arrastoak (80 fosiletik gora) aurkitu dituzte Dolinan, denak kanibalismoaren markekin. «Orain, Ursus dolinensis hartzaren arrastoen bila gabiltza, eta hainbat fosil aurkitu ditugu jadanik», dio Jordi Rossellek, eremuko zuzendarietako batek. Izan ere, haitzuloetako hartz handiaren eta egungo hartz arrearen arbaso komuna litzateke Dolinan aurkitutako espeziea. «Hemen azaldu da bakarrik; ez da besterik inon». TD10 mailan Andreu Olletek gidatzen ditu lurra hondeatzeko lanak. «H. heidelbergensis-en ehiztari kanpaleku batean ari gara», dio kuartzitako bifaz erakargarri bat eskuan duela; maila horretan aurkitu dute 350.000 urteko aizkora ikusgarria. «Ez dugu hezurrik aurkitu, baina kanpaleku hauek testuingurua ematen diote beste aztarnategietan aurkitutako hominidoei, bereziki Hezurren Leizean aurkitutakoei».

Lubakian eta handik kanpoko beste aztarnategi guztietan, ordenagailuak, PDAk eta laserrak daude. Indusketako eremuak eskaneatu egiten dituzte. Ezin da esan itsuan doazenik lurra induskatzen. Zerbait azalduz gero, hura zegoen moduan harrapatzen dute ordenagailuek, indusketa eremua 3D teknologiaz grabatuz.

Dolina handiaren goi partetik modu erosoan beha daiteke trenbideak utzitako lubaki handia. Euskal Herrira zihoazen mineralak garraiatzen zituen trenak. Muga, izan ere, ez dago urrun paraje honetatik. Atapuerca izena ate-puerta konposiziotik etorriko ote den ere esan da inoiz, Vall d'Aran-en moduan. Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko muga zen mendilerroa XI. mendean.

Hezurren Leizea

Lubakitik kanpo, baina mendilerroan bertan dago Haitzulo Nagusia, betidanik ezagunena izan den haitzuloa. Mendiaren erraietan hedatzen den sistema karstikoa da. XX. mendearen hasieratik aztertu izan dute adituek, baina bertako Hezurren Leizean azaldutako altxorrak eman dio sona mundu zabalean. 530.000. urteko fosilak aurkitu zituzten han, Homo heidelbergensis espezieko 30 banakorenak (6.500 hezur), espezieak munduan duen erregistro osoaren %90.

Egunotan aurkikuntza handiak egin dituzte eremuan, guztira lau hezur, H. heidelbergensis espeziekoak. Tartean haur baten hatz txikiaren hezurtxo bat dago; H. heidelbergensis horiek guztiak beste hominido batzuek pilatu zituztela iradoki dezake hatz horrek, lur eman zietela alegia, sinbolismoa adierazten duen ekintza gauzatuz. Hots, gorpuak ez zituzten animaliek pilatu, haragi biltegi moduan edo. Hala uste du Juan Luis Arsuagak. Hark zuzentzen du Haitzulo Nagusiko indusketa. Hatzak haragijaleek jango zituzten lehen piezen artean leudeke, are gehiago haur batenak. Arsuagaren baieztapenak hautsak harrotuko ditu, duela 500.000 urteko izakiei sinbolismoaren gaitasuna onartzea iraultzailea bezain ausarta baita.

Bestalde, Begiralekuko Haitzuloan ere lanean ari dira, Haitzulo Nagusitik eta Lubakitik urrun, pare bat kilometrora. Eneolitoko nekropoli bat ikertzen ari dira (4.400 urte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.