ATZEKOZ AURRERA. Asier Andueza Elia. Antzerkigilea

«Pobrea bazara, maritxua zara; aberatsa bazara, berriz, gaya»

'El jugador' antzezlana egingo dute gaur Donostiako Antzoki Zaharrean, Realaren Korner festibalaren barruan: futbolaren munduak homosexualitateari dion erdeinua salatu du Anduezak.

Maialen Unanue Irureta.
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoetan egiten du lan Asier Andueza Eliak (Iruñea, 1976). Zineman eta telebistan aritu izan da teknikari, hainbat urtean gidoilari ere izana da, eta, azkenaldian, antzerkian murgilduta dabil. Homosexualitatea eta futbola uztartu ditu El jugador (Jokalaria) lanean.

XXI. mendea: futbola eta homosexualitatea gutxitan doaz esaldi berean, ezta?

Esango nuke askotan doazela esaldi berean, baina beti erdeinuz. Maritxu da futbol estadioetako irainik gogokoena: askotan doaz elkarren ondoan, baina gutxiesteko, beti.

Zerk bultzatu zaitu gai hau antzerkira eramatera?

Lehenik eta behin, kirola oro har, eta futbola zehazki, beti saltzen digutelako zerbait positiboa balitz bezala, eta, aitzitik, giro guztiz negatiboa delako sortzen duena. Futbolaren balio handiena ez dago kirolari lotua: gezurra da, inporta duena beste zerbait da, eta negozioarekin eta oso maskulinoa eta oso matxista den gizarte eredu batekin du zerikusia. Hori bai, beti biltzen dute zelofan oso positibo batekin; esaterako, talde lanaren garrantziarekin: baina, izatez, lehiaketa bat da, gerrarik gabeko gerra bat, identitateen artekoa.

Zergatik jarri fokua futbolean?

Giro oso-oso matxista da, eta sinekdoke gisa balio dit: futbolaren bidez erakutsi nahi dut gizartea noraezean dagoela azkenaldian, nire ustez. Homosexualen aurkako erasoak gero eta gehiago dira: egunero esnatzen gara eraso homofoboekin. Halako jarrerak zigorgabe gelditzen dira futbolean, eta, aldi berean, estereotipo eta maskulinitatearen irudi oso zehatzak saltzen ditu: eskema oso matxista eta oso heteropatriarkala saltzen du, oso kaltegarria dena. Iruditzen zitzaidan interesgarria izan zitekeela fokua hor jartzea, mobilizazio sozial gehien eragiten duen fenomenoa delako.

Zeintzuk dira erresistentziak?

Erresistentziak, batez ere, komertzialak dira. Gurpil zoro bat da: egunen batean norbaitek puskatu beharko du kate hori. Klubek diru eskerga mugitzen dute futbolari esker, eta ez dute hori galdu nahi: uste dute, beren jokalarietako batek homosexuala dela esango balu, jarraitzaileek ez luketela ulertuko eta zigortu egingo luketela. Eta, horregatik, gaia isilaraztea erabakitzen dute. Denborarekin hori amaituko dela uste dut: futbolari bat armairutik aterako balitz, heroi bihurtuko litzateke. Baina ez da hori gertatzen ari, oraingoz.

Zerk izan dezake pisu handiagoa, zaleen erreakzioak edo klubek eta babesleek egin dezaketen presioak?

Zalantza asko ditut. Jesus Tomillero epaileak homosexuala zela esan zuenean, gorriak ikusi zituen, eta futbola utzi behar izan zuen: heriotza mehatxuak jaso zituen bere etxean, eta epailea baino ez zen.[Andres] Iniestak esan zuen elkarrizketa batean: «Hori egin badiote gizon honi, zer ez ligukete egingo guri?». Zalantzak ditut: uste dut Messi armairutik irtengo balitz, ez litzatekeela ezer pasatuko; ez dut uste haren babesleek bizkarra emango lioketenik.

Edozein futbolariren esku dago armairutik ateratzea?

Betikoa da: zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta arazo gutxiago. Gauza bera gertatzen da etorkinekin: aberatsak ez dira etorkinak. Kasu honetan, berdin: pobrea bazara, maritxua zara, eta aberatsa bazara, berriz, gaya.

Antzezlanean, Jorge, futbolari profesionala, homosexuala da, baina ez daki inork. GIBa diagnostikatzen diotenean, gezurra esango du, gaya dela esan behar ez izateko. Ez al da erabateko tragedia norbere burua ukatu beharra?

Tragedia bat da zentzu askotan, gainera. Beldurra nion homosexualitatea eta GIBa uztartzeari, askotan baitoaz eskutik, eta ez da egia; edo ez beti. GIBa bonba isil baten modukoa da, ikaragarria, eta hori erakustea interesatzen zait. GIBa gaixotasun moral bat da: Mendebaldean, gaur egun, hiesa ez da hilgarria, kontrolpean dago. Arazorik handiena soziala da, beti baitoa nola galderari lotuta: «Nola kutsatu zara?». Erantzunaren arabera absolbitzen edo kondenatzen da GIBduna: horra iritsi nahi nuen.

Epaitu bihurtzen da GIBduna.

Kasu sonatuenetako bat Magic Johnsonena izan zen: prentsa aurrean nola galderari erantzutera behartu zuten, eta prostituta batekin oheratu zela esan zuen. Egia edo gezurra izan, sozialki, mundu matxista honetan, gizon bat prostituta batekin joatea onargarria da. Antzerkian planteatu nahi dudan galdera da: prostituta batekin joan beharrean, gigolo batekin joan izan balitz, zer pasatuko litzateke? Homosexuala delako kutsatu bada, berdin onartuko genuke, ala kondenatu egingo genuke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.