Itxaro Bordak Bizkaiko hondartzetan eta labarretan bilatu du bere barneko paisaia. Ogella Line poema bilduman Ogella, Ispaster, Laga, Natxitua eta beste hainbat lekutako oihartzuna hizki bihurtu zuen. Hainbat errezitaldi eman ditu poemok aireratzeko, eta orain izen bereko diskoan bildu du. Gaur aurkeztuko du, hitzez eta musikaz, Baionan.
Mylene Charrier du lagun diskoan, poemei ahotsa jartzeko orduan, eta berak lagunduko du gaur jendaurrean. Bordak liburua euskaraz eta frantsesez argitaratu zuen, berak itzulita. Bi emakumeekin batera Olivier Cavalie Kako soinu sortzailea arituko da. Kakofoniak eta bestelako soinu paisaiak margotu ditu Cavaliek diskoan poemei laguntzeko. Les Productions de l'Orchestre Maigre diskoetxeak argitaratu du CDa. Lana zabaltzen du Argi(i)tsua olerkiak, eta Laga beach du bigarren izenburu. «Nondik dator itsutzen nauen argi hori. Nondik dator haizea. Nondik datoz malkoak bailiran begi ezpalak hezetzen dizkidaten euri ttanttak?», galdetzen du ondar gaineko poetak. Otoitza poemaNatxituak sortu zion: «Gauez itsaso guztiak, gatuen pare denak, beltzak dira. Zeru mugetan, itsasargiak kliskari iragartzeanzure begiak dakuskit. Irriz. Gauez. Irriz. Lur mugetan. Gauez. Gaur ez».
'OGELLA LINE' ERREZITALDIA
Noiz. Gaur, 17:00etan, Baionako Elkar liburu dendan. 19:00etan, Euskalduna ostatuan.
Poemak, olerkariaren ahotsez
'Ogella Line' poema bildumarekin disko bat grabatu du Itxaro Bordak, eta gaur aurkeztuko du Baionan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu