Gorputza sendatzeko, maiz, hustu egin behar izaten dira barrenak: kanpora atera. Botaka egin eta piezak berriz osatzeko modu bat izan liteke poesia, edo munduari begiratzeko modu bat, edo bertze norbaiten barrenak ukitzeko modu bat. Dagoeneko bi liburu argitaratu ditu Leire Vargas idazle durangarrak: Dena ametsa den irudipena eta Bihotz-museo bat.
Oraingoan, baina, poesia paperetik harago eraman du: oholtzara. Bizi sintetikoak poesia musikatu emanaldia egiten ari da, eta bihar bertan eginen dute saioa Durangon (Bizkaia), hark eta Jaime Nieto musikariak. «Gure osaba da Jaime, eta joan den urte bukaeran proiektu bat bukatzen ari zenez, poesia errezital musikatu bat egiteko proposatu nion», azaldu du Vargasek. Osabarenera jo aitzinetik egin zioten gonbita Vargasi, hain zuzen ere, Bilboko 7Katu gaztetxekoek. «Emanaldi bat egiteko eskatu zidaten, eta nik pentsatu nuen ordura arte egin ez nuen zerbait egin nahi nuela; horregatik atera zen musika elektronikoaren ideia».
Bizi sintetikoak errezitala «elkarrizketa bat» dela dio Vargasek, musika elektronikoaren eta poesiaren artekoa. «Musika momentuan sortzen du Jaimek, pase batzuetatik abiatuta. Eta nik aurrez prestatutako testuak irakurtzen ditut». Sintetizadoreak, gitarra eta teklatua erabiltzen ditu Nietok.
Edukiari dagokionez, testuek, batez ere, hausnartzeko bide ematen dute, idazleak kontatu duenez. «Gaur egungo egoera sozialaren eta gure inguruko gatazken, hierarkien eta abarren inguruko testuak dira, baina orokorrean nahiko intimoak dira denak, eta barrurako begirada horixe lortu nahi nuen». Gatazka horiek denak nola lurreratzen diren, horri helduko diote osaba-ilobek.
Poesia nahiko malkartsua gerta lekioke zenbaiti, eta horretaz ere jakitun da Vargas. «Ematen du poesia ulertzeko asko jakin behar duzula honetaz eta hartaz, eta uste dut jendeari horregatik geratzen zaiola hain urrun». Hurbiltasun baten bila, testuei musika gehitzea bururatu zitzaion, «dena askoz ere errazago sartzen delako musikarekin».
Dena dela, hasierako proposamenetik nahiko urrun geratu da azkeneko fruitua; izan ere, Bihotz-museo bat liburutik abiatutako zerbait sortu nahi zuen hasieran. Testu bakoitza formatu jakin baterako idazten den legez, Vargas ohartu zen papererako sortua zenak ez zuela zertan oholtzan funtzionatu, eta bertze emanaldi bat sortu zuen. «Liburuko testu batzuek balio zuten, baina beste batzuk espresuki sortuak dira, edo lehendik eginak neuzkan batzuk».
«Sentituko den zerbait»
Forma eta testura aldatu dituzten arren, idazleak argi zeukan noraino heldu nahi zuen: «elkarrizketa bat sortu nahi nuen, baina ez betiko elkarrizketa zurrun eta arrazional bat, baizik eta musikak eta arteak orokorrean eskaintzen duten emozioen zurrunbilo hori. Sentsazioetara iritsi nahi nuen, sentituko den zerbait sortu».
Bilbon estreinatu zuen emanaldia, baina geroztik Iurretan (Bizkaia) eta Zarautzen (Gipuzkoa) ere aritu da osabarekin. Bihar, baina, jaioterrian eginen dute errezitala, eta «pozik» agertu da idazlea, lehen aldia baita espazio ireki batean eginen dutena. Aitzineko aldietan, jendeak «harrera beroa» egin zien, eta «ezusteko ona» eraman zuten ikusleekin. Beldurren bat ere bazuen hasieran, ez baitzekien testuek nola hartuko zuten lur entzuleen artean. «Jakin-mina neukan ikusteko jendeak nola hartuko zituen nire testuak, zeren nahiko intimoak dira, eta askotan ahozko testuak esplizituagoak izaten dira egin ditudanak baino. Talde sozialei gehiago hitz egiten zaie normalean, baina niri intimitateak kolektibizatzea ateratzen zait».