Iñigo Eguzkiza. EHUko Fisika Teorikoko irakaslea

«Politagoa litzateke Higgsen bosoia ez aurkitzea»

xabier martin
Donostia
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Arreta handiz» jarraitzen ari da Iñigo Eguzkiza EHUko irakaslea Genevako Hadroien Talkagailu Handian (LHC) egiten ari diren esperimentua. Fisika Teorikoa erakusten du Eguzkizak, eta Higgsen bosoia aurkitzea zirraragarria litzatekeela dio. Ez du baztertzen azkenean lorpen hori gertatzea; aukera guztiak zabalik daudela dio.

Zientzia albisteak egunkari generalistetan ikustea ez da ohiz kanpokoa, baina fisika teorikoaz ari garenean, ez da hain ohikoa. Hain garrantzitsua litzateke Higgsen bosoia aurkitzea?

Bai, garrantzitsua litzateke, zalantzarik gabe. Baina askoz politagoa litzateke ez aurkitzea, dibertigarriagoa, lan handiagoa egin beharko baikenuke zerbait berria asmatzeko. Askoz konplexuagoak diren alternatibak badira partikulen masen auzia azaltzeko, baina teoria sinpleena, dotoreena, Higgsen bosoia da. Zerbait behar genuen partikulen masak ulertzeko, eta masen arazoa potoloa da. Partikula masadunak dira batetik eta, bestetik, nonahi simetria handiak daudela ikusten dugu. Zergatik dago hainbeste simetria naturan? Ez da erraza azaltzen. Masak eta simetriak kontrajarriak dira, eta ulertu behar dugu zergatik gertatzen den hori. Higgsen bosoia da ulermenerako tresna nagusia.

Baina teoria besterik ez da… Fede kontua?

Ez, inola ere ez. Teoria da, baina izatez mekanismo hori gauzatzen da hainbat lekutan; esaterako, super-eroaletasunean. Alor horretan ere oso antzeko mekanismoa dago. Ados: Higgsen bosoia teoria da, baina jakin badakigu gauzatzen dela. Orain oinarrizko partikuletan ere gauzatzen dela frogatu nahi dute, modu batera edo bestera gauzatu behar baitu prozesu horrek; bide errazena Higgsen bosoia existitzea da.

Higgsen bosoia ez aurkitzea ere aukera bat da, ordea. Fisikaren eredu estandarra arriskuan legoke?

Oinarrizko partikulak azaltzeko teoria mamitsua da eredu estandarra. Izatez, fisikan teoriak beti mugatuak dira, baliagarritasun eremua mugatua dute. Jakin badakigu, ordea, ziurtasun osoz, gainera, eredu estandarra baliagarria dela. Beraz, nahiz eta Higgs ez aurkitu, eredu estandarra ez litzateke apurtuko.

Bosoia ez dagoela da hirugarren aukera, ez dela existitzen frogatzea.

Bai, hori ere gerta daiteke: 'Hipotesi hauen pean ez dugu Higgsen bosoia ikusi, eta, beraz, ez dago'. Hori esan dezakete, baina beti hipotesi jakin batzuen pean. Esperimentuan ari direnek esan dute ez dutela aurkitu eremu handi batean eta posible dela beste eremu txikiago batean egotea. Ez dute baztertu eremu konplexuago batean Higgsen ondorioak aurkitzea. Guretzat, izan ere, ez aurkitzea ez egotea da. Kasu hori egia balitz, masak azaltzeko beste zerbait asmatu beharko genuke.

Puntako teknologiari esker, fisikan oinarrizkoak diren kontzeptu teorikoak frogatzen saiatzen ari dira Hadroien Talkagailu Handian, Gran Sassoko laborategian eta Fermilaben, kasurako. Neutrinoen auzia ere hor dago. Zer diozu?

Fisikari gehienak eszeptikoak gara neutrinoen kasuan. Onartu behar da CERNeko instalazioetan zientzia ona egiten ari direna. Opera esperimentuaren aurkako kritikarik ez da hau. Lan ona egiten dute. Beste kontu bat da neutrinoak argia baino azkarragoak izatea… Dibertigarria litzateke hori frogatzea. Agian bai, agian hala da, baina oso zaila dirudi.

Beraz, fisikaren eredu estandarra fidagarria da, ez du zirrikiturik?

Neutrinoen fisika osoa esplikatzeko eredu estandarra ez dela aski jakin badakigu gaur egun. Baina bere alorrean ondo dabil, benetako teoria da, gauzatzen dena; hortik kanpo, ordea, zenbait gauza badirela badakigu, neutrinoen fisikari esker batik bat. Hor fisika berri bat dagoela sumatzen da, zenbait galderak ez baitute erantzunik gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.