Maratila

Polizia txosten 2

Aurelia Arkotxa.
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Marie Darrieussecq-en Rapport de police interesantea da plagioaz egiten den gogoetaren bitartez idazte esperientziaz ari delako. Plagioa, faltsutzea («contrefaçon») eta hipertestualitatea hitzen alor semantikoak argitu beharrak direla dio autoreak. Plagioa, kazetaritzatik ateraia den hitza. Faltsutzea, zuzenbidetik. Hipertestualitatea, literatura erkatuaren eremutik. Plagioa, termino lainotsua da literaturan. Arrazoi sistemikoengatik : «Edozein liburu estruktura bat delako, eta estrukturan den edozein bariaziok metamorfosia badakarrelako». Plagiatuak «onak» ote dira? Eta plagiatzaileak «gaiztoak»? Autorearen sufrimendua literatura irizpidea ote da? Kasu honetan, Camille Laurens-ek bakarrik zilegi ote du haurraren heriotzaz idaztea bere haurra galdu duelako? Aldiz Marie Darrieussecq ez ote dezake «berreskribi» haurrik ez duelako galdu? Bi idazlesen P.O.L. argitaletxeko editoreak dioen bezala : «Camille Laurens-ek Marie Darrieussecq-i leporatzen dioena hau da: haurrik ez duela galdu». Bizi behar ote dira gauzak idazteko deretxoaren ukaiteko? Zabalduz problematika, kolonizatuak izan diren herrietan zergatik hain dute beharrezko berreskribitzea? Ez ote da ebatsi zaien Historiaren berreskuratzeko moldea? Ez ote da hori «literatur esklabotza»-ri uko egiteko bidea? Gogorarazten du Darrieussecq-ek anglosaxoi kritika poskolonialistaren iritziz berridazte hori «konponketa historikoa» dela. Septentrio-n Marko Poloren eta Jean de Mandevilleren bidaia narrazioak berridatzi nituelarik helburu hori bera nuen nik ere: euskal literaturaren sisteman falta zitzaizkigun Erdi aroko bidaia-narrazioak berreskuratzea. «Arrainatze historikoa» jolaste literarioaren bitartez. Sublimazioa? Ez dakit. Plagiarism, playarism? Bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.