Euskal Herriko izakiak dira, Europako arrazarik zaharrenetarikoa da haiena, eta orain dela gutxi arte galzorian egon dira: hain zuzen, «mamuten garaiko zaldia» da pottoka, eta Pottokaleku, berriz, haien «santutegia».
Pottokaleku Pottokaren Interpretazio Zentroak eta Arantzazu Parketxeak pottokak herritarrei gerturatzeko jardunaldi bat egingo dute bihar. Egitasmoa Pottokalekun bertan izango da, hots, Aizkorri-Aratz natura parkeko egoitzan. 11:00etan hasi eta bi ordu iraungo du. Hasteko, Jon Elorza pottoken zentroko jabeak animalia horien historia azalduko die gonbidatuei; izan ere, Paleolitotik, Euskal Herrian bizi izan dira zaldi txiki horiek, eta ordutik hainbat euskal kondairaren parte izan dira. Halaber, urteak joan urteak etorri, Euskal Herriko herritarrek askotariko hartu-emanak izan dituzte pottokekin; euskal kulturan eta ohituretan ikus daiteke horren isla.
Izaki iletsu horiek ukitu, orraztu edo haiei jaten emateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Nerea Pagaldai Arantzazuko Parketxeko ingurumen hezitzaileak esan du etxeko txikienak, «nahi izanez gero», pottoken gainean ibili ahal izango direla. Helduek ezingo dute gauza bera egin; Pagaldaikargitu du animalia txikiak direla eta ez dutela jasaten pertsona heldu baten pisua.
Pottokak nola dauden
Orain dela gutxi arte, pottokak galzorian egon dira, eta, gaur egun, ehunka gutxi batzuk bizi dira Euskal Herriko larreetan. Aizkorri-Aratz natura parkean hamabost pottoka bizi dira; horietatik hiru, Pottokalekun bertan. Pagaldaik esan du urtaroaren arabera pottoka kopuru desberdina egoten dela animalien egoitzan.
Ingurumen hezitzaileak azaldu du zaldien zentro hori Jon Elorzak sortu zuela, 2012an: batetik, espeziea babesteko leku gisa, eta, bestetik, terapiak egiteko gune bezala. Elorza «naturaz eta zaldien laguntzaz» baliatzen da, besteak beste, jendeari laguntzeko. Bestalde, biharkoaren antzeko jardunaldi gehiago antolatu izan ditu.
Aurreko aldietan familiek, lagunek, ingurukoek eta turistek parte hartu zutela azaldu du Pagaldaik: «Gehienetan, zaldiekiko interesak ekartzen ditu Pottokalekura». Era berean, hezitzaileak gaineratu du jendeak «oso harrituta» alde egiten duela zaldien babeslekutik. Askok pottoken inguruko aurretiko informaziorik ez dutela gehitu du: «Ez gara espezie horrek daukan garrantziaren jakitun».
Beste data batzuk
25 lagunentzako tokia zegoen jardunaldian, baina dagoeneko denak beteta daude. Aurrez izena eman behar zen. Hala ere, bihar beste zeregin batzuk dituztenentzat edo tokirik gabe geratu direnentzat irtenbide bat proposatu du Pagaldaik. Izan ere, jardunaldia hurrengo igandean, uztailaren 27an, errepikatuko dute. Abuztuaren 9an, 16an eta 30ean ere bai.
Izena emateko, 943-78 28 94 edo 699-33 51 83 zenbakira deitu behar da. Beste aukera [email protected] helbide elektronikora idaztea da. Egitasmoa publiko guztiarentzat dago pentsatua, eta prezioa adinaren araberakoa da: 3-12 urte bitarteko haurrek 13 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek, 17 euro. Pottokaleku Arantzazun dago, eta autoz joan behar da. Gainera, jardunaldira oinetako erosoak eramatea gomendatu dute.
Arantzazuko Parketxeko langileak arrazoi ugari eman ditu biharko ekintzan parte hartzeko. Besteak beste, pottokak «oso animalia sentiberak» direla gogorarazi du: «Haiekin kontaktu fisikoa izatea beti da oso berezia». Era berean, paisaian jarri du arreta: «Pottokaleku naturan murgilduta dago. Bertan, bakea da nagusi».
Horiek horrela, Arantzazun bi santutegi daudela dio Pagaldaik; bat, pertsonena; eta bestea, animaliena.