Pozoiarekin zerua husten

Gorosti natur zientzia taldeak ohartarazi du miru gorria galtzeko arriskuan dagoela. Nafarroan negua pasatzen duen hegazti horren kopuruak %16 egin du behera azken urtean.

Erraz ezagutzen da miru gorria, lumadi gorrixkarengatik eta V formako buztanarengatik. Argazkian, miru gorri bat hegan. GONZALO DEAN.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hegotik hegora ia-ia bi metroko zabalera duen hegazti harraparia. 60 zentimetroko gorputza. Lumadi gorrixka eta zapelatzaren antzeko txistua. Horrelakoa da miru gorria. Euskal Herrian txori mota ezaguna da; azken urteetan, baina, zailagoa da zeruan halakorik ikustea. Gero eta miru gorri gutxiago dago. Arrazoi nagusia: txoriak pozoitzen ari dira. Gorriak ikusten ari dira miru gorriak.

Europan bizi dira, eta neguan hegoaldera jotzen dute, berotasunaren babesera, Afrikako iparralderantz. Euskal Herrian, beraz, ia urte osoan ikus daitezke, entzuten eta begiratzen jakinez gero.Orain dela urte batzuetatik aurrera, ordea, zailagoa da topatzea. Gero eta miru gorri gutxiagok pasatzen dute negua Nafarroan, gero eta miru gorri gutxiago dagoelako.

Joera aldaketa 2006tik

Hori ondorioztatu du Gorosti natur zientzia taldeak urtero egiten duen txori erroldan. Juan Ignacio Dean Gorostiko kideak azaldu duenez, 2006an gutxitzen hasi zen miru kopurua, eta ordutik joera hori ez da aldatu. Datu «larriak» dira. Zuberoan, Nafarroa Beherean, Lapurdin, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ez da zenbaketarik egiten, baina Nafarroako datuek adierazten dute galtzeko joera orokorra dela. Pentsatzekoa da miru kopuruak behera egin duela Euskal Herri osoan.

Gorostik eta Nafarroako Gobernuko Natur Zaintza eta Habitat Saileko kideek aztertzen dituzte miru gorrien joan-etorriak 1992. urteaz geroztik Nafarroan, urtero-urtero hutsik egin gabe. Ez da lan makala. Negu partean habiak begiratu eta miru gorrien zenbatekoa zehaztu, horretan datza txorien jarraipenak. Horrela ondorioztatu dute aurten 1.521 miru gorrik pasatu dutela negua Nafarroan, iaz baino 289 gutxiagok. Aurreko urteetako datuekin alderatuz gero, %16 egin du behera. Are esanguratsuagoa da informazioa, baldin eta errolda egin den urte guztietako datuak kontuan hartuz gero: %28 jaitsi da hegazti harrapari horren populazioa.

Gizakiok akabatuta

Zergatiei erreparatuz pozoia da galeraren lehen erruduna. Batzuetan, nahita pozoitzen dituzte; besteetan, nahi gabe. Horrela azaldu du Deanek. Edonola izanda, miru gorriak hiltzen dituzte. Hori dela eta, 2011. urtean, galtzeko arriskuan dauden espezieen zerrendan sartu zen miru gorria.

Ehiztari txarrak dira eta animalia txikiak jan ohi dituzte: untxiak, arratoiak edo txori txikiak. Nekazariek pozoia botatzen dute karraskariak akabatzeko, edo pozoitutako harrapakinak jartzen dituzte beste animalia batzuk hiltzeko. Miru gorriek pozoitutako animalia horiek jaten dituzte, eta hala hiltzen dira. Gainera, Deanek azaldu duenez, «zabortegietan jan ohi dute»; elikatzeko ohitura txarrak hartu dituzte. Haize errotetan kateatua geratzea da hiltzeko beste arrazoietako bat. Gainera, ehiztari batzuek egun ere ehizatu egiten dituzte miruak, debekatuta egon arren. Pozoiak, haize errotak eta ehiza: gizakiak hiltzen ditu.

Animalia horien zaintzarako proposamen zehatzak egin ditu Gorosti natur elkarteak, espeziearen iraupena ziurtatzeko neurriak. Miru gorriei buruzko informazio gehiago emateko eskatu du. Problema gizarteratzeak kontzientzia hartzeko lanean lagunduko duelakoan, erroldarekin jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu du. Gainera, Nafarroako Gobernuari eskatu dio miruak elikatzeko tokiak jar ditzan, baita bizitzeko guneak ere. Deanek dionez, «ezohiko neurriak dira, ezohiko egoera batentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.