PPtik eskumara, COPE mara-mara

urtzi urkizu
2006ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
xinara bidaiatu zuen gaztetan Federico Jimenez Losantosek. Ez zion Maoren Txinak nolanahiko eragina egin. PCE alderdia utzi, marxismoa alboratu eta beste bidaia luze bat hasi zuen. Valle Inclanen Esperpentos lanaren gainean tesia egin zuen Losantos gazteak. Esperpentotzat jo daiteke (eta ez Valle-Inclanena), COPE irratian darabilen jarioa, PPtik eskuinera, mutur-muturrean. Goizero batzuk eta besteak iraintzen ditu, bai PSOEkoak bai PPkoak. Madrilgo alkate Alberto Ruiz Gallardonentzat, adibidez, goizero du perlaren bat. COPEn, Apezpikuen batzarraren irratian. Ondorioak ari dira iristen egunotan, ika-mika sutsuak baitaude Madrilgo zenbait hedabideren artean.

EGMk astebete atzeratu ditu urteko lehen inkestaren emaitzak, hilaren 25a arte. Bertan ez da COPE egongo, komunikazio sektoreak kanporatzea erabaki baitu. Ordezkatutako 89 komunikabideetatik 63k bozkatu dute irratia EGMtik kaleratzearen alde. Arrazoia ez zen nolanahikoa: COPEko kiroletako arduradun Jose Antonio Abellanen aginduz, zortzi kazetari infiltratu ziren inkestak egiteko eta 598 inkestaren emaitzak manipulatu zituzten (adibidez, Abellanen saioari milaka entzule gehiago jarriz). Infiltratutako kazetarietatik hiruk, gainera, 2005eko azken inkestan eremu lana egin zuten. Abellanek dioenez, bere helburua «EGMren neurketa sistemaren zuloak azaleratzea zen, eta gezurretan ari dira». COPEk dio kanporatze prozesuan irregulartasunak egon direla.

'ABC': «Gotzainek arazo bat dute»

Espainiako hedabide kontserbadoreen arteko gatazka berotzen ari da, zatarki. Hainbat mugimenduk izan dute eragina.

1983tik 1991ra, Luis del Olmok Protagonistas goizeko saioa egin zuen COPEn. Lidergoa ere eskuratu zuen noiz edo noiz, SEReko Iñaki Gabilondoren aurretik hala ere, SER da lider aspalditik. Ondoren, Onda Cero irratira joan zen Del Olmo, eta 1992an iritsi ziren COPEra Jimenez Losantos, Antonio eta Luis Herrero eta Jose Maria Garcia. Garai haietan ABC egunkarian zutabeak idazten zituen Jimenez Losantosek: Comentarios liberales.

ABC-n aldaketak etorri ziren duela bederatzi urte. Luis Maria Anson zuzendariak egunkaria utzi eta La Razón sortu zuen. Vocento talde indartsuak erosi zuen ABC. Eskuin muturrean oso gogor kokaturik daude La Razón (Jose Alejandro Vara da orain zuzendaria) eta El Mundo (Pedro J. Ramirezen esanetara). ABC-k, aldiz, «zentrotik gertuago dagoen eskuina» hartu nahi duela diote adituek, Vocentoren beste hedabideekin batera: Tele5, Punto Radio (Luis del Olmo) eta hainbat egunkari. Eta horien guztien aurka goizero-goizero ozen ari da Jimenez Losantos COPEn. «Luis del Olmoren saioa ez dute bere familiakoek ere entzuten», bota zuen harro ostiralean. Izan ere, Punto Radio pixkanaka ari da zabaltzen eta Luis del Olmok 420.000 entzule inguru ditu. Jimenez Losantosek, berriz, 1.600.000 entzuletik gora. Jose Antonio Zarzalejos ABC-ko zuzendariak zutabea kendu zionetik, egunkari horren inguruan denetarik esan du Losantosek. Hitz gozorik ez. Polanco eta Prisa ere egurtzen ditu. Ika-mika guztiak beste neurri bat hartu du egunotan. ABC-k editoriala eskaini zion COPEri martxoaren 6an: Gotzainek arazo bat dute. Bertan, irratiaren helburua Eliza Katolikoaren doktrina zabaltzea izan behar lukeela zioten: «...egunero sasi-kazetaritza egiten dute; isekak, jendearen izen ona zikintzeko saioak eta sektarismoa nagusitu dira». Hortik haratago, «...irratia eskandalu harri bihurtu da gizalegezko muga etikoen aldetik, eta bizikidetza demokratikoa galarazten du». La Mañana-ko irrati-predikatzaileak maiz aipatu du editoriala ordutik. Ostegunean, ABC-ko harpidetza kentzera animatu zituen entzuleak behin eta berriz, bezero arretako telefonoa emanez (ABC da Madrilgo egunkarietan harpidetza bidez gehien funtzionatzen duena).Vocento taldeak COPE eta Jimenez Losantos auzitara eramango dituela iragarri du. «Pazientzia mugaraino iritsi da», adierazi du Vocentoko kontseilari ordezkari Jose Maria Bergaretxek. Apezpikuen batzarrak bere irratian «neurriak» har ditzala nahi dute Vocenton. ABC-n bertan argitaratutako informazioaren arabera, Apezpikuen batzarrak COPEren etorkizuna eztabaidatuko du ekaineko batzar berezian.

Kataluniari eta Euskal Herriari etengabeko erasoak

Goiz batean COPE entzuten jarriz gero, entzuleak albisteen ondotik komentario iraingarriak entzungo ditu. Euskal alderdi abertzaleen aurka gogor aritzen dira. Zer esanik ez Kataluniako politikarien kontra, Estatutuari buruzko gezurrak darabiltzate etengabe. Kataluniako zenbait gotzainek gogor kritikatu dute COPEren erasoa. Eta Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak espedientea ireki dio, Espainiako Konstituzioa urratzen duen aztertzeko.

Politikari askorentzat ditu ezizenak Jimenez Losantosek. «Espainia desagertu da», dio sutsuki. 36ko Gerra sozialisten errua izan zela dio. «Zapatero Batasunaren eta ETAren desirak betetzen ari da». Kofi Annani iseka egin dio. Ostiral goiza da. Eta hamaika aldiz errepikatu du, erdi garrasika: «Ez naiz isilduko!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.