Baionarra

Nahia Comet Etxeberri: «Prebentzio eta formakuntza handiagoa egin behar da, batez ere ostatuetan»

Baionako bestak nola handitzen diren ikusi du txikitatik. Aldaketa eta ardura ugariren artean hausnartzera gomitatu du.

Nahia Comet, asteon, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Nahia Comet, asteon, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Baiona
2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahia Comet Etxeberri (Baiona, 2004) betiko irriarekin agertu da. Ongi ezagutzen ditu Baionako karrikak, eta gogoeta bat baino gehiago eragiten dio ikusten duenak. Haurtzaroko nostalgiaren eta gaur egungo arranguren artean, baikor eutsi nahi die Baionako bestei.  

Noiztik parte hartzen duzu Baionako bestetan?

Uste dut sei hilabetetan hasi nintzela bestetan parte hartzen... Baditut argazkiak! Guraso eta aitatxi-amatxiei esker izan da. Haiek Lous Tilholes izeneko peñaren kide dira, eta han pasatu dut Baionako bestetan denbora asko. Lanean ari zirelarik, nik ahal nuen maneran laguntzen nituen, edo beste haurrekin jostetan aritzen nintzen, dantzan, kantuz... Besta giroan. Orokorrean, besta horien oroitzapen biziki onak ditut; bereziki txikitakoez gogoratzen naiz.

Bestei begira, erranen zenuke Baionan sortu eta bizi izanak emozio berezi bat sentiarazten dizula?

Bai, noski. Herri edo hiri guzietan bezala, badugu denek gure atxikimendua. Adibidez, besten bilakaeraren gaineko ardura berezi bat badugu, ez dugulako nahi zernahi bilaka dadin. Nahiz eta pixka bat hala bihurtzen ari den... Hiriarekiko lotura honek gaitu gogotsu mantentzen bestei begira. Horrela, Baionako besta alternatiboen antolatzeko emeia ematen du. Eta, horrekin batera, esperantza pixka bat ematen du bestak zer bilakatzen ari diren pentsatzeko orduan. 

Txikitatik orain arte, zure begirada aldatu da segur aski. Hainbeste urtez bestak gertutik ezagutu ondoren, zuk aipatu bezala, bilakaera bat ikusten diezu?

Erran bezala, gure begirada aldatzen da, anitz aldatu gainera. Handitzean desberdinki pentsatzen dugu, eta, ondorioz, besta egiteko modua ere aldatzen da. Hala ere, iruditzen zait aldaketa nabarmenak izan direla azken urteetan. Datorren jende kopurua asko emendatu da, eta etortzen den publiko hori ere aldatu da: kanpotik etorritako turista gehiago daude. Herriko etxea saiatzen da kudeaketarako zenbait neurri plantan ezartzen, baina ikusten da biziki zaila dela horrelako mugimendu handi baten kontrolatzea.

Gaur egungo bestak nola deskribatuko zenituzke, beraz?

Erabiliko nukeen hitza masiboa da. Horretara jo dute, geroz eta gehiago. Alde guzietatik. Alkohola erruz kontsumitzera dator jende asko, musika komertziala bozgoragailuetan masiboki entzuten da... Horrelako faktoreek egiten dute bestak aldatuz joan izana. Nire iduriko, orokorrean, besta oso komertzialak dira, hala ere. Erran gabe doa bestaren egiteko non zauden, ba, horren araberakoa dela. Nik gogoratzen ditudan txikitako lekuetan ez zen «besta txar» giro hori.

Besta egiteko guneak aipatu dituzu. Zein da zuretzat aproposena?

Euskaldunontzat, Patxa plaza izaten da besta egiteko gunerik hoberena, seguruena. Zuzeneko musikaz baizik gozatzeko aukera ematen duen lekua da, gaztetxeak kudeatuta. Herri bestetara gehien hurbiltzen diren bestak dira alternatiboak. Horrelako bestak ditugu maite, eta horrelako bestak ditugu nahi Baionan ere.

Zein bestelako neurri plantan emango zenituzke besta hobea izan dadin?

Interesgarria atzematen dut Itaiak [emakumeen antolakunde komunistak] plantan emandako gunea. Biziki garrantzitsua iduritzen zait besta ahal bezain seguruenak izateko. Eraso bat ikusi edo jasan duen pertsona oro horrelako gune batera joan ahal izatea bermatu behar da. Baionako bestak bezalako besta handietan ere bai.

Bestalde, prebentzio eta formakuntza handiagoa egin behar da, batez ere ostatuetan. Horrelako egoerak ongi kudeatzeko gai diren pertsonak izatea komeni litzateke. Alternatiba desberdinei begira, musikaren aldetik izan daiteke zuzeneko musika gehiago eta gune gehiagotan izatea. Bide berean, ona litzateke musika komertziala pasatzen duten bozgorailu guttiago egotea. Zuzeneko musika eta herrikoia sustatu behar da. Arazoa da gaur egun, batzuetan, karrika punta batean talde bat jotzen ari dela, baina ber momentuan beste puntan ostatu bateko bozgorailuan La goffa Lolita  eta halako kantu komertzialak pasatzen dituztela.

lotsabako

Baionako ostatu bat?
Kalostrape.

Besta egiteko edari bat?
Gin-tonica.

Besta egiteko kantu bat?
Itoizen 'Hegal egiten'.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.