Marijaiaren mezulariak. 2001. Aitziber Irurtia

«Pregoilari izandako urtean ezagutu nuen eguneko giroa»

2001. urtean irakurri zen lehenengo aldiz pregoia Arriagako balkoitik. Antzoki pareko plazan jende andana bildu zela gogoratzen du soinu jotzaileak, eta horregatik, «une hori izugarria izan zen».

Bilbo
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
2001eko uztaileko asteazken batean, Aitziber Irurtia Gaztedi dantza taldeko egoitzara joan zen, ohiko entseguan parte hartzeko asmoz. Hura ez zen, baina, saio batere arrunta izan, soinu jotzaileak azaldu duenez. «Entsegua hastear zela, jai batzordekoak agertu ziren, eta esan ziguten gu ginela urte horretako pregoilariak izateko aukeratuak». Izan ere, Gaztedik 50 urte betetzen zituen, eta Bilboko konpartsek Santutxuko dantza taldea omendu nahi izan zuten, partaideetako bati pregoilari izateko ohorea emanez.

Hala ere, festak hasteko hilabete eskas bat falta zen, jai batzordea «presaka» zebilen, eta «egun horretan bertan» aukeratu behar izan zuten taldea nork ordezkatuko zuen. «Beraz, entseatu beharrean, batzartu egin ginen», azaldu du Irurtiak. «Izen batzuk atera ziren, baina hautatutako pertsonak une horretan bertan libre egon behar zuen. Horrela egokitu zitzaidan pregoilari izatea». Bileraren ostean, bat-bateko izendapenak sortutako urduritasuna baretzeko «jai batzordekoekin poteatzera» joan zirela gogoratu du.

Pregoilaria hautatzerakoan bezala, pregoia idazteko orduan ere dantza talde osoak parte hartu zuen. Testu laburra egin zuten, nahita. «Ordura arte, pregoiak beheko aldean bizi izan genituen, eta ez genuen gura larregi luzatzerik». Hura izan zen txupina Arriaga antzokiko balkoitik jaurti zen lehen urtea, eta plazan «jende andana» bildu zela gogora ekarri du Irurtiak. «Izugarria izan zen».

Eguneko jaiaren aurkikuntza

Pregoilaria izan arte, festan batik bat gauez aritzen zela aitortu du soinu jotzaileak. Hortaz, eguneko jai giroa urte hartako aurkikuntza izan zen harentzat. «Nire garaian, ordu horiek lo egiteko erabiltzen nituen», gaineratu du, barre artean. Bestalde, azaldu du kezkaturik zegoela gai izango ote zen egitarau zabalak jarritako erritmoari eusteko. «Lortu nuen. Ez dakit nik garai bateko gaztetasunak ematen duen indarra izan ote zen, zeren gaur egun ez dut uste lortuko nukeenik». Halaber, pregoilariaren jantzia zikintzeko beldur zen Irurtia. «Ezin duzu arropa aldatu, beste urteetan bezala! Egia esan, jendez inguratuta egonda ere, arazo barik eta zikindu gabe parranda egin nuen, gezurra dirudien arren».

Jendeak oso ondo hartu zuela dio, eta txosnetatik «primeran» ibili zela. «Alde horretatik, ez nuen inolako zalantzarik. Konpartseroak ezagutzen ditut; oso jende jatorra eta langilea da». Haurrak direla medio, aurten jaiak «lasaiago» hartuko ditu Irurtiak. 2001ean eguneko jaia ezagutu zuen, eta, denboraren poderioz, giro horretan bete-betean murgildu da. «Erraldoiak ikustera joango gara, txosnetan afalduko dugu... Umeak etxean utzita kontzerturen bat ikustera ere joango gara, beharbada». Gaur egun, batez ere Plaza Barriko musika ekitaldietara joaten da. «Txosnagunekoak jada urruntzen hasi zaizkigu». Haren iritziz, «polita» da umeek Aste Nagusia ezagutzea. Haurrak izanda, gaupasak alde batera utzi behar izan ditu, baina urteek ez diote kendu parranda egiteko gogoa. «Umeak nagusitzean, antzinako jaiak bueltatuko dira», iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.