Marijaiaren lagunak. Aitziber Irurtia

«Pregoilari izatearen esperientzia ez dit inork kenduko; izugarria izan zen»

Gaztedi dantza taldeko kidea da Aitziber Irurtia; 2001ean pregoilari izan zen, Gaztediren 50. urteurrenaren kariaz. Bereziki gogoratzen du Arriagan bizitako unea.

Aitziber Irurtia, Gaztedi dantza taldeko kidea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Pregoilari izatea oso polita da. Esperientzia hori ez dit inork kenduko, txunditzekoa izan zen». Hala azaldu du Aitziber Irurtiak, memorian hamar urtez atzera eginda, pregoilari izatea nola bizi izan zuen. 2001ean egokitu zitzaion Irurtiari pregoilaria izatea. Izan ere, kide den Gaztedi dantza taldeak 50 urte bete zituen urte hartan, eta, taldean eztabaidatu ostean, bera izendatu zuten pregoilari, baina talde osoaren parte hartzea handia izan zen pregoilariaren eginkizunean.

Aste Nagusi hartatik hamar urte luze pasatu badira ere, oroitzapen politak gordetzen ditu Irurtiak. Gaztedi dantza taldeko kideek izandako parte hartzea azpimarratu du Irurtiak: «Ni izan nintzen Udaletxearekiko eta jai batzordearekiko pregoilari irudia ematen zuena, baina dantza taldekoek ekintza ugari egin zituzten: 50. urteurreneko elastikoa atera zuten, hori kolorekoa, eta pregoilariaren txapelaren antzekoak erosi zituzten. Izugarrizko taldea batu ginen, konpartsa berri bat ematen genuen!». Pregoilariaren irudiak talde guztiaren zatitxo bat izatea lortu zuela uste du Irurtiak: «Oso zabala izan zen pregoilariaren irudia».

Pregoia ez du ongi gogoratzen; bai, ordea, leihoak ireki bezain laster hartutako sustoa: «Lehen aldiz egin zen txupinazoa Arriagan; aurretik, udaletxean eta Plaza Barrian egin izan zen. Ez zen jende askorik espero, baina izugarria izan zen, jende pila bat hurbildu zen. Urte hartan hasi zen txupinazoa gaur egun dena izaten». Txupinazoa plazatik bertatik bizitzea zer den jakinda, pregoi labur eta zuzena egitea erabaki zuten Gaztedikoek: «Jendeak azkarra izatea nahi izaten du, 'goraka' hastea eta Marijaia ikustea. Nahiz eta une horretan ohore bat den pregoilari izatea, eta diskurtsoa luzatzeko gogoa izan, entzuten daudenak suziria bota eta txosnak zabaltzeko gogotsu daude», aitortu du parrandazaleekiko enpatia erakutsiz.

Ildo horretan, txosnen garrantzia nabarmendu du Irurtiak, etajaien erdigunea direla iritzi dio: «Egia esan, ni txosnetatik ez naiz asko mugitzen, berdin da umeekin egon edo ez, ni txosnen inguruan beti, eta oso gustura, gainera». Horrela, Bilboko Aste Nagusia berezi egiten duen gunearen aldeko apustua egin du, bederatzi egunetan txosnetan egon ahal izatea luxu bat ere badelako, haren ustez. «Txosnetan denetik daukazu, eta oso giro polita egoten da. Nik ez dut gehiagorik eskatzen, horixe baitira niretzat Bilboko jaiak, eguna txosnen inguruan pasatzea».

Azken urteetan Aste Nagusia egunez bizi duela azaldu du Irurtiak: «Orain hamar urte, pregoilari izan nintzenean, gehiago bizi izan nuen eguneko jaia, eta, orain ere, seme-alabak ditudanez, hala izaten da». Gazteagoa zenean gaupasa eginda joaten zen erraldoiak ikustera; orain alderantziz izaten omen da, etxean gosaldu ondoren joaten dira familia giroan. «Eta gero gerokoak», gaineratu du barrez.

Urteroko saioan hutsik ez

Bada, ordea, Irurtiak huts egiten ez duen ekitaldi bat Aste Nagusian: Gaztedi dantza taldeak Plaza Barrian egiten duen urteroko saioa. Aurten, gainera, ospakizun berezia egingo dute, Gaztedik 60 urte betetzen baititu. Pregoilari izatearen oroitzapen txikia berreskuratu ahal izan du, gainera, 60. urteurrenaren harira Santutxuko jaietako pregoilaria izan baita Irurtia.

Aste Nagusia sortu zenetik, pregoilari lana egin duen emakume bakanetakoa da. Irurtia bezala, Amalia Iglesias idazlea, Alicia Carreño kirolaria eta Loli Astoreka eta Maribi Bilbao aktoreak aritu dira zeregin horretan. «Egia da azkenean asko lotzen dela pregoilariaren irudia gizonarekin; jantziak berak ere hori iradokitzen du», aitortu du Irurtiak. «Gure kasuan, hasieratik erabaki genuen neska bat izango zela pregoilari», gaineratu du. Hala, pregoilariaren aukeraketa, taldearen eta pertsonaiaren araberakoa izaten da askotan, eta, aurrera begira, gizarteko beste arlo batzuetan bezala, gauzak aldatuko direlakoan dago Irurtia. «Ikusten da gizonezkoek azkenean goiko guneetan presentzia handiagoa dutela. Eta, auskalo, txupineraren kontrakoaren zain ere bagaude, ezta?», dio txupina botako duen gizon bat etorriko ote den galdeginda. Bitartean, lagunarteko eta pregoilari izan zeneko gomutak gordeko ditu aurrerantzean ere hurrengo jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.