Nola ari zara artikulua irakurtzen? Betaurrekoekin? Ikusmena nekatu egiten zaizu denborarekin? Bada, baliteke presbizia izatea. Ez kezkatu, oso arrunta baita. Gaur da Presbiziaren Nazioarteko Eguna.
Alesander Bilbao oftalmologian espezializatuak zehaztu du presbizia ez dela eritasun bat. «Giza gorputzaren zahartzearen ondorio bat da. Zimurrak ateratzen zaizkigun bezala edo ilea urdintzen den moduan, adinarekin kristalinoak malgutasuna galtzen du». Kristalinoa begiko atal bat da, irisaren eta niniaren atzean dagoena, eta haren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da formaz aldatzeko duen gaitasuna. Prozesu horri «egokitzapena» esaten zaio. Hurbileko objektuak ikusteko, uzkurtu egiten da, eta kristalinoa konbexuago bihurtzen da. Kurbaduraren areagotze horrek fokatzeko ahalmena areagotzen du, eta hurbileko objektuak argi ikusteko aukera ematen du. Urruneko objektuei begiratzean, kristalinoa lasaitu egiten da, lautuz. Urruneko ikusmena fokatzeko ahalmena zorrozten du horrek.
Malgua da gazte garaian, baina urteen poderioz geroz eta zurrunagoa bilakatzen da, eta, ondorioz, fokatzeko zailtasunak izaten dira. Esfortzu handiagoa egin behar izaten da behar bezala ikusteko, eta gehiago nekatzen du. Horregatik, presbiziari ikusmen nekatua esaten zaio kale hizkeran.
Normalean, 40 eta 45 urte bitartean hasten da kristalinoa malgutasuna galtzen, eta, hala, presbizia garatzen. «Neurri handiagoan edo txikiagoan, baina mundu guztiak pairatzen du presbizia», azpimarratu du Osakidetzako Basurtuko ospitaleko langileak. Berak ere nabari duela aitortu du. «Ezinezkoa da ekiditea».
Ezin al daiteke ezer egin? Hiru aukera aurkeztu ditu medikuak: farmazietan eta optiketan saltzen dituzten ohiko betaurrekoak erabiltzea. «Aukera errazena da»; bestela, lentillak. Eta hirugarrenik, kirurgia. «Kristalinoa operatzeko aukera dago. Gogortzen ari den kristalinoa urrutira zein gertura fokatzeko balio duen lente batekin ordezkatzen da». Hau da, funtsean hiru aukeren konponbidea oso antzekoa da: kristalinoaren jarduna erdian lodiagoa den lente ganbil batekin ordezkatzen da; diferentzia da begiaren aurrean, azalean edo globoaren barruan jartzea lentea.
«Presbiziak ohiturak ere aldatu ahal dizkigu. Irakurtzea kosta egiten bazaigu, posible da uztea»
ALESANDER BILBAOBasurtuko ospitaleko oftalmologoa
Presbiziak bizitza «asko» mugatzen duela kontatu du Bilbaok. Hasieran, objektuak aldentzeko keinu txikiak egiten dira —lepoa atzera bota, besoa luzatu, eta halakoak—, baina denbora kontua da betaurrekoak erabiltzen hasi behar izatea. «Nik etxean, autoan, lanean... ditut. Ez badut ongi ikusten, ezin dut gidatu edo behar bezala lan egin». Ikusmena, bost zentzumenetako bat izanik, oinarrizko ahalmen bat dela laburbildu du. «Azkenerako, ohiturak ere aldatu ahal dizkigu. Irakurtzea kosta egiten bazaigu, posible da uztea, nahiz eta gustatu», jarri du Bilbaok adibide gisa.
Kataratak eta beste zenbait kasu
60 bat urterekin, kristalinoa erabat zurrunduta egoten da, eta presbizia egonkortu egiten da. Orduan hasten da, gutxi gorabehera, beste ikusmen arazo bat garatzen: kataratak. Presbiziaren hurbileko ahaide bat dira, kataratek ere kristalinoaren degradazioarekin baitute lotura. Baina, kasu horretan, gardentasuna galtzen du, malgutasuna galdu beharrean. Ondorioz, ikusmena ez da behar bezain garbia.
Bilbaok, adinarekin lotura duten ikusmen arazoez gainera, beste hainbat gaixotasun artatzen ditu bere kontsultan. Konjuntibitis kasuak aipatu ditu, esaterako. «Urtarrilean eta otsailean konjuntibitis biriko asko izan genituen. Birus batek eragiten du, gripeak bezala, eta oso kutsakorra izan daiteke». Glaukoma kasuak ere egunerokoaren parte direla kontatu du. «Nerbio optikoari eragiten dio, tentsio handiegia izateagatik. Jende askok arterietako tentsioa ezagutzen du, besoan hartzen den hori. Baina begiak ere badu bere tentsioa, eta, presioa handiegia bada, glaukoma garatu daiteke. Tratamendua du».
Azken urteetan gehien ugaritu den gaixotasuna adinari lotutako makula endekapena izan dela ez du zalantzarik Bilbaok. «Duela hamabost urte ez zegoen tratamendurik, baina gaur egun begian egiten diren injekzio batzuen bidez tratatzen da. Urtean 12.000 bat injekzio jartzen ditugu Basurtuko ospitalean, beste edozein tratamendu baino gehiago. Eta gora doa kopurua, adinari lotutako patologia bat izanik». Halere, ez dira 12.000 paziente. Izan ere, hiru edo lau hilabetean behin jarri behar izaten da. «Okerrena da tratamenduak ez duela gaitza sendatzen: eragina moteldu edo atzeratzen du. Tratamendu garestia da, gainera». Makula erretinako atal bat da, koloreak eta xehetasunak bereizteko ahalmena duena, eta, denborak eragindako degenerazioaren ondorioz, bereizmena galtzen du.
Geneak, elikadura eta eguzkia
Gaitz edo arazo askoren muina adina da, baina ez denena. Glaukomak, adibidez, ezaugarri genetikoak ditu, eta hereditarioa da. Familia aurrekariak izateak bederatzi bider biderkatzen du glaukoma izateko arriskua. Bestelako gaixotasun batzuk pairatzeak ere eragin ditzake ikusmen arazoak: diabetesak, esaterako, erretinopatia eragin dezake, eta, kasurik larrienetan, itsutasuna. Halaber, glaukomaren eta kataraten agerpena ere errazten du diabetesak.
Elikadurak ere eragina du. «Esaten da azenarioa ikusmenarentzat ona dela, ezta? Bada, barazki berdeak are hobeak dira. Espinakak, lekak, brokolia...». Omega-3 eta omega-6 gantzak ere onuragarriak dira, begiko zelulak berritzeko ezinbestekoak baitira. Arrain urdinean topa daitezke gantz horiek. Fruitu lehorrak ere mesedegarriak dira. Intxaurrak, hurrak, almendrak... «Hiru talde horiek babestu egiten dute gure begia degeneraziotik».
Eguzkiak ere eragin dezake ikusmenean. Beharrezkoa da, baina neurrian, bestela begiak erre egin daitezke eta. «Eguzkitako kremekin azala babesten dugun moduan, komenigarria da eguzkitako betaurrekoekin begiak babestea ere».
Eta pantailak? Nola eragiten diete ordenagailuek, sakelakoek, tabletek, telebistek eta halakoek ikusmenari? «Pantailek, gehienbat, begi globoari eragiten diote, lehortu egiten baitute», erantzun du adituak. «Pantailari begira gaudenean, inkontzienteki, gutxiago kliskatzen dugu, eta kliskatzea oso garrantzitsua da malkoak berriztatzeko. Malkoen pelikula lehortzean, begiak gehiago nekatzen dira, ikusmena lausotu egiten da...». Beraz, filtro horiko pantailek zerbaitetarako balio dute? «Ikusmen osasunaren aldetik, ez». Bilbaok dio gakoa kliska kopuruan dagoela pantailen argian baino gehiago. «Ikusmenarentzat hobea da letren tamaina handitzea kolorea aldatzea baino, begiak gutxiago behartzeko».
Betaurrekoak, modako elementu
2025eko udaberri-udarako betaurreko graduatuen eta eguzkitako betaurrekoen joerek aniztasunaren alde egingo dute. Armazoi arinak eta minimalistak izango dira nagusi, ia ikusezinak, neurri handiko siluetak eta vintage ukituak dituzten azetatozko beste aukera batzuekin batera. Cat-eye estiloko betaurrekoak eta metalezko muntaketa finak itzuliko dira, baita zubi bikoitzekoak ere.
Eguzkitako betaurrekoei dagokienez, handira joko dute: XXL tamainako lentea duten hegazkinlari estiloko betaurrekoak izango dira nagusi, kirol estiloko inguratzaileak ahaztu gabe. Koloretako kristalak gailenduko dira.
Bilbaok herritarren artean ohitura aldaketa ere nabari du duela ia 30 urte lanean hasi zenetik hona. Orain ikusmen osasunari garrantzi handiagoa ematen zaiola uste du, informazio gehiago dagoelako eta kontzientzia hartu delako. «Kontsultak beteta dauzkagu, eta asko prebentzioagatik etortzen dira. Zoritxarrez, Osakidetzaren baliabideak mugatuak dira, eta ezin dugu herritar guztien ikusmena aztertu. Baina kontsulta pribatuak ere ugaritzen ari dira, eta hori ere bada seinale bat».