Lege zaharreko irakurlea da Andoni Egaña. Goizeko zazpiak eta laurdenerako postontzian izaten du BERRIA, eta berdin dio pijaman, galtza motzetan edo bestela egon, eskailerak jaitsi eta egunkaria etxera igotzen du beti. «Goizeko egunkaria, kafea eta zigarroa sakratuak dira niretzat. Hiruretatik bat kenduz gero, akabo!». Uxue Alberdirengan belaunaldi aldaketa nabari da: «Ama izan nintzenetik zatika irakurtzen dut BERRIA, eta sarean». Zergatik egiten duten BERRIAren aldeko hautua? «Nire munduko parte sentitzen dut komunitate hori. BERRIA irakurtzean zera sentitzen dut: hau banaiz ni!», azaldu du Alberdik.
BERRIAren hamargarren urteurreneko ospakizun bira Zarautzera (Gipuzkoa) iritsiko da larunbatean, eta bertso tramaz gozatzeko aukera izango da Aritzbatalden, 22:00etan. Oholtza gainean izango dira, besteak beste, Andoni Egaña eta Uxue Alberdi. Zarauztarra lehena, getariartua bestea, eta euskal prentsarekin lotura estua dutenak biak. Bada, BERRIAren zein Urola Kosta eskualdean euskarak duen osasunaren inguruan luze eta zabal aritu dira hizketan. Biek ere gauza bera nabarmendu dute: pribilegio hutsa dela euskarazko egunkari bat edukitzea.
Egañaren hitzetan, BERRIAk asko laguntzen du euskararen normalizazioaren bidean, baina bada garaia aspaldiko joera bat gainditzeko: «Elkarren komisario izan gara euskaldun guztiok. Normalizazio linguistiko hori emana dago,eta beste ikuspegi batzuk jo behar ditugu begiz. Uste dut BERRIAk asmatu duela bere kazetaritza hizkuntzarekin». Iritzi berekoa da Alberdi: «Idazleon artean sarri aipatzen dugu ezinezkoa dela BERRIAn bezala idaztea. Literatura egitean beste eredu batzuk sortu behar dira, ahots diferenteak. BERRIA erreferentea da kazetaritza hizkuntzan». Egañaren iritziz, kazetaritzan hizkuntza estandarra behar da, eta BERRIA iritsi da horretara.
Kalitateari erreparatuta goi mailako egunkaria da BERRIA, Egañaren iritziz: «Kalitateak gauza bakoitzean parametro ezberdinei erantzuten die. Hizkuntza aldetik ez nioke aitzakiarik jarriko. Gauza batzuk sakrifikatu behar izaten ditu BERRIAk, eta bikain egiten du. Realari orri erdia eman eta Miarritzeren errugbi partidari ere tokia egitea oso ongi iruditzen zait, Iparraldean ere badira eta euskal hiztunak». Alberdik beste parametro batzuen arabera neurtzen du kalitatea: «Ideologikoki nire kalitate irizpideetara gehien hurbiltzen den egunkaria da. BERRIAren bertute bakarra euskaraz izatea dela dirudi. Duen kalitatea aintzat harturik, jende askok ez du baloratzen».
BERRIAren salmenta kopuruak handiagoa behar luke izan, Egañaren esanetan. «Askoz ere euskaldun gehiago dago BERRIAren irakurle kopuruan suma daitekeena baino». Non sartzen diren besteak? «Hor badago gure kultur eta hizkuntz komunitatearen etorkizuna aurreikusteko garaian koska ulergaitz bat. Hizkuntzaren ulergaiztasunean aterpetu izan da beti jendea, baina nik ez dut horretan sinesten». Askotan hizkera arazoa ez, ideiak ulertzeko arazoa dagoela uste du.
BERRIAk hamar urte iraun izanak adierazten du zerbait, Alberdiren esanetan: «Gure komunitateak bere buruari opa zion egunkariak hamarkada bat bete du, eta aurrera begira baikorrak izan behar dugu. Gaur egungo gazteengan asko sinesten dut». Bizi diren eskualdeak baikor izateko arrazoiak ematen dizkiela iruditzen zaio Egañari: «Zortea dugu Urola Kostan bizita. Oso natural bizi dugu egunerokotasuna, kalean euskaraz egiten dugu. Batzuetan desbirtuatu egiten zaigu Euskal Herriaz eta euskaraz daukagun irudia edo pertzepzioa. Ematen du jende guztia burmuin berean bizi dela. Horixe litzateke ideala bai euskararentzat bai BERRIArentzat».
Ezarian. BERRIAk 10 urte
«Pribilegioa da BERRIA»
Urteurreneko ospakizunak Zarautzera helduko dira larunbatean.izango da, eta bertan ariko dira Uxue Alberdi eta Andoni Egaña. BERRIAz luze eta zabal mintzatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu