Azokako tomaterik bikainena eta legatzik freskoena bilatzea produktu horiek sukaldean eraldatzen jakitea bezain ezinbestekoa da. Josema Azpeitia kazetari gastronomikoak produktua sukaldaritzaren erdigunean kokatu du Sasoian sasoiko sukaldaritza liburuan. Produktua da liburuaren ardatza; lehenengo sektoreak ematen dituen produktuei dagokien garrantzia aitortzen die Azpetiaren lanak.
Gida hirukoitza da sasoiko sukaldaritzari buruzko liburua. Batetik, hilabetez hilabete sasoiko produktuen azalpen zehatza ematen du, sasoiaren arabera azokan eta dendan zer produktu eskura daitezkeen adieraziz.
Produktuak erosteko gida izateaz gainera, sasoiko produktu horiek prestatzeko errezeta sorta ere eskaintzen du. Erositako produktu horiei ahalik eta etekinik handiena ateratze aldera, hilabete bakoitzean zazpi produkturekin egiteko errezetak bildu ditu Azpeitiak. Produktu bakoitzarekin prestaturiko errezeta bat edo bi eskaintzen ditu. Izen handiko sukaldarien aukerak txertatu ditu Azpeitiak. Besteak beste, Juan Mari Arzaken, Pedro Subijanaren eta Pilar Idoateren sasoiko produktuekin osatutako errezetak aurki daitezke.
Azkenik, erosketak egiteko edo sukaldean aritzeko denbora nahikorik ez dutenek jatetxe gida gisa erabil dezakete liburua. Urte sasoi bakoitzean azokako sukaldaritzaz gozatzeko tokirik egokienetara jotzeko proposamenak bildu dituzte.
Ttarttalo argitaletxea eta BERRIAk argitaratu dute errezeta liburua, Fagorren laguntzarekin. BERRIAko harpidedun eta irakurleek erdi prezioan eskura dezakete liburua, 12 eurotan. Euskarazko lehen sukaldaritza bildumaren seigarren liburua da. (0034) 943-30 43 45 telefonora deituta egin daiteke eskaera, abenduaren 11 baino lehen.
Produktuari gorazarre
BERRIAren irakurleek 'Sasoian sasoiko sukaldaritza' liburua eskura dezakete erdi prezioan. Sasoiari dagozkion produktuekin errezetak proposatzen ditu lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu