«Ikastolen sorreraren eta arrakastaren meritua ez da nirea, gurasoena eta irakasleena baizik». Pello Joxe Aranbururen ustez (Alkiza, Gipuzkoa, 1936), liburuaren eskaintzan ageri den esaldi horrek, ongi baino hobeto laburbiltzen du ikastolen mugimenduaren bultzatzaile izan zen Hiazinto Fernandorenaren izena eta izana. Atzo aurkeztu zuten hari buruzko liburua. Aranbururekin batera idatzi dute liburua Iñaki Elortzak, Koro Etxeberriak, Maria Jesus Iartzak eta Xabier Lasak.
Nola hartu du Hiazintok berari buruzko liburuaren aurkezpena?
Iaz egin genion omenalditik sortu zen ideia. Bera oso pertsona umila da, eta halako gauzak gehiegizkoak iruditzen zaizkio. Umiltasun horren barruan hartu du liburua ere.
Aitzindaritza ere izan da haren bizimoduaren ardatz, ezta?
Nik esango nuke profeta bat izan dela. 1936ko gerraren ostean, euskararen etorkizunerako beharrezkoa ikusi zuen ikastolak sortzea, eta haietan ikasketa metodo bizi bat ezartzea, praktikan oinarritutakoa. Gaur egun, gaitasunez hitz egiten den honetan, esan daiteke aitzindariak izan zirela Hiazinto eta haren inguruan lan egin zutenak. Haiek sortu zituzten, gainera, horretarako material guztiak, eta irakasleak ere trebatu zituzten. Dena den, berak beti dio gurasoena eta irakasleena izan zela ikastolen sorreraren eta arrakastaren gakoa.
Nondik zetorkion euskararekiko eta hezkuntzarekiko interes hori?
Gerra hastean, 6 urte zituen; artean,meza mutil zebilen Urnietako ermita batean. Haren bidez egin zen abertzale. Abertzaletasun horren erdian kokatu zuen euskara, eta hura sustatzeko gakoa hezkuntzan ikusten zuen. Horrek bultzatu zuen Lazkaoko ikastola sortzera, eta ikastolen mugimenduan lan egitera.
Nola lortu zuen jendea ikastolen proiektura erakartzea?
Oso pertsona argia eta jasoa izan da beti, eta ideiak modu berean azaldu izan ditu. Asko bidaiatu izanak lagundu dio horretan. Harekin lanean aritu zirenek argi esaten dute hasieratik sinetsarazi ziela ikastolek izan behar zutela Euskal Herriko etorkizuneko eskolak, eta denborak arrazoia eman dio. Hainbesteko gaitasuna zuen jendea konbentzitzeko, Lazkaoko taxi gidari bat, Jose Mari Soroa, konbentzitu zuen, musu truk hara eta hona eramateko.
Orain, hitz egin ezinda dago, iktus batek eman ziolako. Baina, horren aurretik, nola ikusten zuen ikastolen mugimendua?
Erretiroa hartu aurreko urteetan,Hernaniko kultur dinamizatzaile moduan aritu zen lanean, eta han ere oso pozik egon zen. Baina gertutik kasu egiten zion ikastolen mugimenduari, eta beti esan izan digu indartsu ikusten duela, eta pozik dagoela hainbeste ikastola ikusita.
Ikastolei lotuta, udalekuen bultzatzaile izan zen; egun, oso ohikoak dira. Nola sortu zitzaion ideia hori?
Udako oporrak hain luzeak izanda, ikasleek euskara maila galtzen zutela ikusi zuten, eta hori saihesteko jarri zituzten martxan udalekuak.
Euskalki guztiak hitz egin arren, euskara batuaren defendatzaile sutsua zen. Harrigarria, ezta?
Ikastolen mugimenduan zebilenetik argi izan zuen hori. Zentzugabea iruditzen zitzaion ikasliburu bat euskalki guztietan argitaratu behar izatea, adibidez. Horregatik iruditzen zitzaion ezinbestekoa euskara batua. Euskara batua kolokan egon zenean, Euskaltzaindiak Baionan egindako bilera batean agertu zen, eta Txillardegirekin eta Julen Lekuonarekin euskara batuari buruzko konpromisoak lortu zituen.
Artean, bere beste lanbidearekin segitzen zuen: mezak ematea. Izan ere, apaiza baita lanbidez. Liburuaren sarreran ikusten denez, ordea, ez dago oso pozik egungo Elizarekin.
Hortaz hitz egitea ez zaio gustatzen. Baina ez dago oso pozik. Argi du Elizaren dogma eta lege guztien gainetik, Ebanjelioa dela fedearen oinarri, eta Jesusen jokabidea eredu.
Egun Andoaingo zaharren egoitzan dago. Nolako bizimodua du?
Hitz egin ezin duen arren, eguneroko bizimodua egiten du. Egunkaria, adibidez, egunero irakurtzen du. Zaintzaileak oso pozik daude haren jarrerarekin.
ATZEKOZ AURRERA. Pello Joxe Aranburu. 'Jaxinto, ikastolen lemazain' liburuaren egileetako bat
«Profeta moduko bat izan da beti Hiazinto»
Ikastolen mugimenduaren sustatzaileetako bat izan zen Hiazinto Fernandorena. Haren ibilbideari buruzko liburua egiten dute lagunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu