Proiektua ez da oraindik bukatu

Zortzi lagunen bizipenak biltzen ditu 'Labrit 65' dokumentalak. Horrekin aski ez, eta orain Labrit frontoiari buruzko beste testigantza batzuk jaso nahi dituzte. Gizarte osoari deia zabaldu diote.

Iñaki Urbina, Sergio Elia, Lucia Arrieta eta Iñaki Navarro. IÑIGO URIZ /ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kasualitatez. Hala sortu zen Labrit 65 dokumentala egiteko ideia. Iñaki Urbina Kantxa Pilotazale fundazioko kidea hemerotekan murgildurik zegoela, Labrit pilotalekuaren «inaugurazio dirdiratsua» aurkitu zuen. Otsaila zen, eta ekainean beteko ziren 65 urte. Denbora faltaz oharturik, agudo jo zuen Pandas ekoiztetxeko Lucia Arrieta eta Iñaki Navarrorengana. Emaitza, Labrit ongi ezagutzen duten zortzi lagunen testigantzak biltzen dituen 35 minutuko dokumentala. Euskaraz eta gazteleraz mintzo dira.

Arrietak eta Navarrok zuzendu dute dokumentala, Urbina produkzio lanaz arduratu da, eta Sergio Elia soinuan aritu da. Bat datoz Labrit Iruñeko historian oso garrantzitsua dela esaterakoan, eta, beraz, ardura hori antzeman dute dokumentala egin bitartean. Agenda aferak direla medio, ekainekoa atzeratu behar izan zuten, eta astelehenean aurkeztu zuten jendaurrean. Lepo bete zen Kondestablearen jauregiko aretoa. Bigarrenez irailaren 30ean emango dute.

Dokumentala ikusten denbora agudo igarotzen da, arina baita. Frontoiaren historiako hainbat une gogoangarri eta elkarrizketatuen bizipenak ditu oinarrian. Ez da hor geratuko, baina. «Ez dugu historialariaren rola jokatu, eta ez dugu kontatu Labriten gertatu den guzia. Zertzeladak dira, eta zortzi lagunen bizipen batzuk», azaldu du Navarrok.

Filmak ongi zaintzen du argazkia, eta frontoi hutsaren irudiak edukiz ongi bete dituzte. «Frontoia hutsik grabatzean, hotz sentsazioa etengabe saihestu dugu. Izan ere, frontoia beroa da. Hutsik egon arren, oso atsegina da. Beraz, plano bakoitza asko zaindu dugu», azaldu du Navarrok. «Elkarrizketatuak nabarmendu nahi genituen, baina hondoa mantenduta. Azkenean frontoiaren zoko banatan jarri genituen, dena hartuz», gehitu du Arrietak.

Bizipen gehiagoren bila

Ez dute horrekin gelditu nahi. Dokumentalarekin bota dute sakea, eta orain gainerakoei dagokie errestoa. Jendeari haien pasadizo eta bizipenak kontatzeko eskatu diete. Beraz, proiektua ez da filmarekin bukatu. «Oraindik ez dugu argi, baina hiru alor jorratu nahi ditugu: kultura, kirola eta soziala», esan du Arrietak. Urbinak jarraitu du: «Polita litzateke edizio berezi bat egitea, baina ikusiko dugu. Epe luzean ariko gara. Baina justiziazkoa litzateke hiru alorrei buruz hitz egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.