Psikologoa ordezkatzeko, arteterapia

Adierazpen artistikoak terapiarako erabiltzeko prestakuntza eskaintzen hasi da Gasteizko zentro bat

Sonia Ruiz de Arkaute da arteterapeutak sortzeko ikastaroaren zuzendaria. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Autoestima baxua, beldurrak, familia arazoak… orain arte buruhauste horiek tratatzeko psikologoarenera joatea zen arruntena. Gasteizko En Cuerpo y Alma zentroak, ordea, arteterapia darabil aspalditik barne arazo horiek hobeto ulertzeko. Gainera, Euskal Herrian lehenengo aldiz arteterapia prestakuntza eskaintzen hasi da berriki.

Arteterapeutak sortuko dituen lehenengo eskola izan arren Euskal Herrian, historia luzea duen diziplina da arteterapia. Sorkuntza prozesuak laguntza terapeutikoa eskain dezakeela defendatzen du. Modu horretan, pertsona bakoitzaren barne arazo eta ezinegonak artearen ekoizpenaren bidez pazienteak berak lantzen laguntzen du. Arteterapia eta horretan prestakuntza eskaintzen ditu En Cuerpo y Almak. Prestakuntzak, gainera, aukera askeko kredituak eskaintzen dizkie EHUko ikasleei.

Arteterapeutak sortzeko ikastaroaren zuzendaria da Sonia Ruiz de Arkaute. Bere bizitza profesionala arteari lotuta eman du beti, zehazki, bitxigintzari lotuta: diamanteetan aditua da Bartzelonako Unibertsitatean. Azaldu duenez, berak ere ez daki zehazki nola bukatu duen Arteterapian: «Nik argi neukan artearekin zerikusia zeukan zerbaitetan bukatu nahi nuela. Beti pentsatu izan dut artea eta adierazpen pertsonala lotzen dituen zerbaitek egon behar zuela, eta hori existitzen zela aurkitu nuen Amerikan duela ehun urte Arteterapiarekin lan egiten zela konturatu nintzenean».

Diziplina ugari

Madrilen hasi zen Ruiz de Arkaute Arteterapian. Ondoren Malagara (Espainia) jauzi egin, eta, azkenean, sorterrian amaitu du; haren hitzetan, «artea ez da soilik helburu estetikoarekin erabiltzen, baizik eta pertsonak ere laguntzeko». Haatik, ez dago zertan arazorik izan arteterapia egiteko. Terapia egitera animatzen den jendea egonezin eta jakin-min handikoa izaten da, Ruiz de Arkautek esan duenez: «Norbere pertsonalitatea hobeto ezagutu nahi duen jendea etortzen da». Ikastaroa jende guztiarentzat dago irekia, eta ez dago zertan aditua izan diziplinaren batean, «ez da beharrezkoa artista bat izatea terapia hau egiteko; alderantziz, arteterapiak barruan daukagun umea, izaki emozional hori ateratzen laguntzen du».

Bakoitzaren alderdi intuitibo eta kreatibo horrekin lan egiteko, artearen diziplinak ukitzen dira: marrazketa, musika, dantza, idazketa, antzerkia... Hori dela eta, eta, programazio zehatzik ez dagoenez, deskribatzen zailak izaten dira eskolak. «Ikasleek ez dakite ze erreminta artistikorekin lan egingo duten», azaldu du Ruiz de Arkautek. Tailerrak ez dira solteak, jarraipen bat daukate bata bestearen artean; izan ere, En Cuerpo y Alma eskolak eskaintzen duena ez da terapia okupazionala: «Hemen ez da margoketa edo antzerkigintza irakasten».

Artearen bidezko gestio emozional hori egiteko adi egoten da Ruiz de Arkaute: «Taldearen eguneroko jarreran arreta handia jartzen dut, egun batean nekatuago egon daitezke eta beste batean energia handiz». Hortik aurrera prestatzen dituzte eskolak, nahiz eta aurretik eskola finko bat prestatuta izan, «taldearen energiaren arabera izaten da, horretan ez gara batere zurrunak».

Eskola baten adibide bat izan liteke honakoa: musika instrumentuak lurrean. Ikasle bakoitzak bat hartu, eta horren inguruan ze esango lukeen galdetzen diete. Ondoren, galdera berdina itauntzen zaie, baina lehenengo pertsonan. Hau da, bakoitza instrumentua bera balitz. Esandakoek bakoitzaren izaerari buruzko argibideak ematen dituztela baieztatu du Ruiz de Arkautek: «Joko baten bidez, nahiz eta jokoa ez den, kanpora proiektatzeko modu bat da».

Beste adibide bat da honako hau: familia arazoak lantzeko orduan, gerta liteke norberaren aitari buruzko zerbait idaztea eskatzea, «Pertsona horrek, gogorik izan ez dezakeelako, papera zimurtu eta lurrera botatzen du. Ondoren, beste paper bat ematen diot, eta gauza bera egiten du. Orduan nik biak paretan eskegi, eta izenburu bat jartzeko eskatzen diot. Eta pazienteak erantzun dezake, hau nire aita da, eta beste hau, lana». Horren bitartez, bakoitzaren izaeratik asko esaten duen keinu bati izena jartzen zaio. Arteterapiarekin ez da beharrezkoa hitzen bidez komunikatzea, ezta adimenaren bitartez ere, pertsonen alderdi oldarkorrarekin egiten da lan, benetan izaera onartzen eta ezagutzen laguntzen duenarekin.

Etorkizunean horretan jarduteko aukera ematen du En Cuerpo y Almak. Hiru urte irauten du prestakuntzak. Oinarrizko ikastaro horretan, hamar topaketa egiten dira hilean behin. Topaketa bakoitzean diziplina ugari landuko dira: musika, antzerkia, eskultura, pintura, antzerkia, idazketa, collageak, argazkigintza eta bitxigintza. Azken topaketan, ikasleak naturarekin kontaktuan jarriko dira, irteera baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.