Musika klasikoak ez du zertan serioa izan. Horixe aldarrikatzen du Ara Malikian (Beirut, Libano, 1968) biolin jotzaile birtuosoak bere kontzertuetan. Bach dantzan eta jauzika jotzen du. Berrogei herrialdetan baino gehiagotan ibili da bakarlari gisa, eta Donostiara iritsiko da gaur. Viktoria Eugenia antzokian 15 aurkeztuko du, 21:00etan.
Atzera begira jarri zara '15' proiektuan.
Bai, halaxe da. Espainian, Madrilen bizitzen jarri nintzenetik hamabost urte pasatu dira, eta hori ospatzeko egin dugu. Artista askorekin kolaboratu dut, eta urte hauetako ibilbidea errepasatzen da kontzertuan. Abesti berriak ere joko ditugu. Bach, Paco de Lucia, Radiohead eta Chick Corea entzun ahal izango dira, besteak beste. Ia hiru orduko kontzertua emango dut.
Hiru orduko kontzertua?
Bai. Nik denbora gehiago pasatuko nuke oholtza gainean, baina ikusleek ez lukete jasango [barrez].
Ohikoak dituzun txantxak egingo al dituzu? Oso umoretsua dirudizu.
Bai. Umorea nire bizitzaren zati bat da, eta musika eta umorea uztartuta arrazoi gehiago dauzkat zoriontsu izateko.
Ikusleekin gertutasuna ere lortzen duzu.
Ikusleak hurbil sentitzea asko gustatzen zait. Ikusleen eta musikarien arteko hesia apurtzen saiatzen naiz. Instrumentu bat jotzen duzunean, zailena musika transmititzea da. Teknika ikasi egin daiteke. Publikoaren arimara eta bihotzetara iristea da gakoa.
Musika armeniarrean, arabiarrean eta flamenkoan sakondu duzu, eta rock eta jazz musikariekin elkarlanean ibili zara. Mugarik ez al duzu?
Musikak ez dauka mugarik. Denetik egin daiteke, errespetua, maitasuna eta gustua dagoen bitartean.Estilo asko gustatzen zaizkit. Leku askotan bizi izan naiz, eta kultura bakoitzetik zerbait hartzen saiatu naiz. Beti dago ikasteko zerbait. Ez da osasuntsua gailurrera iritsi zarela pentsatzea.
Leku askotan bizi izan zara, baina erroak Armenian dauzkazu. Ehun urte bete dira aurten Armeniako genozidioa gertatu zenetik.
Bai, kontzertu berezi bat prestatzen ari naiz horren inguruan. Musika armeniarra joko dut, batez ere, eta aktoreren batek parte hartuko du.
Batez bestean 450 kontzertu ematen dituzu urtean. Nola egiten da hori?
Ez dago giltzarik. Jotzea da kontua; egiten duzuna gustatzen bazaizu, ez da zaila.
Zaintzen al duzu zeure burua erritmo horri aurre egiteko?
Bai. Sasoiko egon behar da biolina jotzeko, teknika handia behar delako eta ez delako erraza. Kontzertuei eta bidaiei erantzuteko garrantzitsua da.
Biolinik jo gabeko egun bat irudikatzen duzu?
Ezta pentsatu ere! Ezin dut jo gabe egun bat bera ere pasatu. Praktikatzea ezinbestekoa da sasoian egoteko.
Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa Libanon?
Nire aita biolin jotzailea zen. Biolin bat jarri zidan kokotsean, eta hantxe gelditu zen. Ez nuen erabakirik hartu behar izan musikari izan nahi nuen edo ez. Oso naturala izan zen guztia.
Libanoko gerran, aire erasoetarako babeslekuetan jotzen zenuen.
Bai. Ordu asko pasatzen genituen gordeta. Bizitzak jarraitu egiten du han azpian. Batek danborra jotzen zuen, besteak abestu... Egoera tragiko batean geunden arren, musika egin eta festak antolatzen genituen.
Eta Alemaniara alde egin zenuen gero, musika ikastera, 15 urterekin, diru laguntza batekin.
Gaizki ulertu bat egon zen, eta, iritsi nintzenean, diru laguntza 18 urtetik aurrera emango zidatela esan zidaten. Denetik egin behar izan nuen bizitzeko.Ikasketa basatia izan zen, baina zoragarria era berean. Geroztik, edozein egoeratan irauten ikasi dut.
ATZEKOZ AURRERA. Ara Malikian. Biolin jotzailea
«Publikoaren arimara iristea da gakoa»
Bizitzako azken hamabost urteetako musika ibilbidea laburbildu du '15' proiektuan Ara Malikian musikariak. Soka boskote bat eta bi perkusionista lagun dituela izango da gaur Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu