Pukas, mundura irekita

Surf oholak ekoizteko Zarauzko tailerrarekin eta arropa saltokiarekin sortu zen Pukas, 1976an. Beranduago mundu osoan ospea hartu zuten txapelketak antolatu zituzten, eta gaur egun surf eskolak ere badituzte.

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Australiar eta estatu batuar surflarien artean oso ohikoa zen furgoneta hartu eta Frantziako iparraldetik Portugal eta Marokoraino bidaiatzea, 70eko hamarkadan. Itsasoan surflariak ikustea gertakaria zen urte haietan, atzerritar horiek hondartzaz hondartza olatuak hartzen ematen zuten eguna. Ile luzeko hippy horien artean geraleku ezinbesteko bat zegoen. Kantabriako Lola etxea. Surf oholak ekoizten zituzten komuna hippya. Surfaren meka. Euskaldun batzuk zeuden han bizitzen: Iñigo Letamendia eta Marian Azpiroz. Gerora, Pukas surf ohol eta arropen enpresaren sortzaile izango zirenak. Han jarri zituzten munduan sona hartu duen markaren oinarriak.

Oso oroitzapen onak ditu urte haietaz Letamendiak. «Surf oholak egiten genituen, eta olatuei begira bizi ginen lau lagun ginen». Garai hartan ez zen erraza surf ohol bat lortzea; eta haiek izan ziren oholak ekoizten profesionalki hasi ziren lehenak. Surflari guztiek familia bat osatzen zuten. «Herrialde askotako jendea geratzen zen han, surflarientzat erromesaldi leku bilakatu zen». 1973a zen. Hara iristeko bidea egina zuten, ordea.

Zazpi urte lehenago hartu zuen lehendabiziko olatua Letamendiak. «Atletico San Sebastian elkarteko kide nintzen. Frantzian erositako ohol batzuekin agertu ziren behin batzuk, eta probatu egin nuen. Ohol gainean zutik jartzearen sentsazioak erabat katigatu ninduen». Geroztik, ahal zuen guztietan sartzen zen itsasora. Ez zegoen gaur egungo aurrerapenik, ordea. Abentura bat zen neguan olatuak hartzea. «Neoprenorik ez zegoen merkatuan, eta alkoholarekin bustitzen genuen gorputza berotzeko».

Eta surfarengatik bizitza aldatu zuen eguna iritsi zen. «Emaztea, Marian Azpiroz, Niza hoteleko zuzendaria zen, eta ni ekonomatuko burua. Bizitza erosoa generaman, baina egun batean lagun batzuen bisita jaso nuen. Laredo inguruan (Kantabria) surf oholak egiteko asmoa zutela esan zidaten». Ez zuen bitan pentsatu. «Nire ametsa zen». Hasieran Azpiroz erabakiarekin bat ez zetorren arren, azkenean hura ere hara joan zen.

Lola Etxean ekoizten zituzten surf oholek sona handia hartu zuten, berehala. Santa Marina, Jeronimo eta Geronimo markekin saltzen zituzten, eta Azpiroz bikiniak diseinatzen hasi zen, lagunentzat hasieran, eta saltzeko ondoren.

«Osagarri izan ziren biak. Aitaren eromen puntua eta surflariekiko harremanak, eta amaren fundamentua. Ama izugarri langilea da; beti zerbait egiten ari da, eta, haurra nintzela, berari lana kentzea zen nire desioa». Adur Letamendiak, bikotearen semeak askotan entzun ditu urte haietako istorioak gurasoen ahotik. Surfarekiko maitasun bera sentitzen du. Punta Galeako olatu handien txapelketa irabazi du aurten.

1976an eman zuten hurrengo pausoa. Zarautzen (Gipuzkoa) surfeko lehen saltokia ireki zuten, eta Azpirozen anaia, Miguel, sartu zen 78an enpresan. Pukas izena hartu zuten orduan, Hawaiiko lepokoen omenez. «Urak zulatutako maskorrez egiten zituzten lepokoak. Surflariek haien herrialdeetan saltzen zituzten gero, bidaia ordaintzeko. Puka hitza hawaiieraz zuloa da, eta zulo hitza oso sinbolikoa da guretzat, surflari guztiok bilatzen dugun hodia», esan du Adurrek.

Lola etxea utzi, eta Zarautzen jarri zuten surf oholak egiteko tailerra. Oraindik luxua ziren 80ko hamarkadaren hasieran. «50.000 pezeta, 300 euro, balio zuten, eta bi lagunen artean erosten zuten bat. Hogeita hamar urteetan ez da oholen prezioa aldatu».

Txapelketak antolatzeari ekin zioten, ondoren. Donostiako Gros auzoan lagun talde bat biltzea zen hasierako asmoa. Ekitaldia sona hartuz joan zen, ordea, eta 1988an Zarautzen jokatutako proba nazioartekoa izan zen. Zarauzkoa ASP World Tourreko txapelketarik onena izendatu zuen Tracks aldizkariak hurrengo urtean. Surflari profesionalek Pukas markako oholekin hartzen zituzten olatuak. «Etxera etortzen zitzaizkigun lotara». 1999an egin zuten azken lehiaketa, baina arrastoa utzia zuten. Harrobiari bultzada eman zioten txapelketek. «Aritz Aranburuk beti esan izan du haurra zenean txapelketen giro hori bizitzeak eragin diola gerora».

Pukasi erabat lotuta dago egun Aranburu. Ibon Amatriain, Hodei Collazo, eta Acero eta Muniain anaiak ere babesten dituzte. Hainbat lekutan, Pukasen surf eskoletatik atzetik datoz beste asko. Nazioarteko surflari askorekin ere lan egiten dute. Sunny Garcia munduko txapeldun izan zen 2000. urtean, eta sei aldiz irabazi zuen Vans Triple Crown of Surfing olatu handien lehiaketa, errekorra lortuz. Gabriel Medina gaztea munduko laugarren geratu zen iaz.

Gaur egun Internetez jarraitzen dituzte txapelketak. «Atzo goizeko hirurak arte egon ginen aita eta biok ordenagailuaren aurrean». Kirola asko aldatu da hamarkada gutxitan. «Surfa irekia zen lehen, partekatzea zen. Surfean aritzen ginen guztiek parte hartzen genuen txapelketetan, mailak ez zion axola. Leku bakoitzean surflari talde txikiak zeuden, eta elkarren artean senidetasun moduko bat sortzen zen. Orain olatu gutxiegi dago hainbeste jenderentzat», dio aitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.