Punturik garaienerantz

Spirit Tandem bi lagunentzako helikoptero arina sortu du Gipuzkoako Aeris Naviter enpresak, Frantziako Abiazio Zibilak kategoria horretan erregistratutako aireontzi bakarra.

Helikopteroaren %65 Villabonan ekoizten dute; etorkizunera begira, Euskal Herrian bertan osatu nahi dute guztiz. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Maialen Unanue
Donostia
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Helikoptero arina da, 280 kilo ingurukoa, eta eserlekuak bata bestearen alboan egon beharrean, bata bestearen atzean jarri dizkiote. Cicare Europe markaren pean saltzen duten arren, Spirit Tandem du izena modeloak, eta Aeris Naviter enpresarena da. Oraingoz, aisialdirako eta pilotu eskoletarako erabiltzen da nagusiki. BEZ gabe, 125.000 euroren truke eskuratu daiteke.

Spirit Tandem lehenengoa izan da, aireontzi arinen kategorian, Frantziako Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren ziurtagiria lortzen; iaz eskuratu zuen. Aratz Arregi Aeris Naviter enpresaren sortzaileetako batek azaldu duenez, halako aireontziak homologatzeko, herrialde bakoitzak bere araudi propioa izaten du, eta Frantziakoa erreferentea da Europan, baldintza zorrotzenak horrek ezartzen dituelako. «Neurririk zorrotzenak ezartzen zituen araudia bete nahi genuen: hala, eskakizun gutxiago dituztenak zuzenean lortuko genituelako».

Dagoeneko zazpi helikoptero saldu dituzte, Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak), Eslovakian, Turkian eta Frantzian. Etorkizuneko erronken zerrendan, merkatuetan presentzia areagotzea eta indartzea dute lehen lekuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoaren %40ko partaidetza du, eta Martin Garitano diputatu nagusia harro agertu da helikopteroaren aurkezpenean: «Ekonomiak duen krisi sistemikoari aurre egiteko ahaleginak denona izan behar du, eta bide berriak jorratzeak berebiziko garrantzia du».

Duela hiru urte hasi ziren Aeris Naviterrekoak Argentinako Cicare Helicopteros enpresarekin lanean, eta elkarlan horretatik sortu dute Spirit Tandem helikopteroa. Bien ezaugarriak uztartuz, marka indartsua osatu nahi izan dute.

2007an sortu zuten Arregik eta haren lagun Ugaitz Iturbe zornotzarrak Aeris Naviter enpresa. Lehenengo urteetan, hainbat ikerketa proiektutan parte hartu zuten, harik eta 2010ean Cicare Helicopteros enpresarekin elkarlanean hasi ziren arte. Enpresa gaztea izanik ere, Europan puntakoa den helikopteroen enpresa italiar baten konpetentzia zuzena da. Haiek ez zuten lortu Frantziako Abiazio Zibilaren ziurtagiria, euren helikopteroa ez zutelako moldatu legediaren azken aldaketara. Aeris Naviterrek aurrea hartu die.

Egoitza soziala Miramongo Parke Teknologikoan du, Donostian, baina Aeris Naviterren ekoizpen guztia Villabonako (Gipuzkoa) lantegian dute. Spirit Tandem helikopteroaren %65 hor ekoizten dute, baina Arregik baieztatu duenez, datozen urteetan ekoizpena guztiz Euskal Herrian bertan egin nahi dute. Nazioarteko merkatuetara iritsi nahi dute, baina etxean egindako lanetik abiatuta.

Hala, bada, ekoizpen instalazioak gune bakarrean batzea da Aeris Naviter enpresaren helburuetako bat. Hartara, helikopteroak ekoizten dituzten leku berean egin ditzakete hegaldien probak. Indarra garapen teknologikoan jartzea daAeris Naviterren hemendik denborabaterako erronka nagusia. Izan ere, bi eserlekuak bata bestearen ondoan izango dituen helikopteroa egin nahi dute: «Kabina handitu beharko genuke, eta pisu eta materialen aldetik, berrikuntza handia egin behar dugu». Hasi dira dagoeneko lehenengo bozetoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.