Karmengo jaiak hilaren 14tik 17ra egingo badituzte ere, festa horietako antolatzaileek haurrei zuzendutako ekitaldi berezi bat prestatu dute gaurko: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ongi Etorri, Pupu eta Lore ikuskizuna.
Iazko azaroan estreinatu zuten emanaldia, eta ordutik Euskal Herriko haur ugarik egin dute irri Pirritxen bikiekin. Bikietatik jaio zen aurrenekoa neska eder bat izan zen, eta «bitxilorez beteriko zelaia bezain polita zenez, Lore jarri zioten izena». Mutila zen bigarrena. Jaio orduko Porrotxek besoetan hartu zuen, baina urduritasunaren urduritasunez, lurrera erori zitzaion. Koxkor txiki bat atera zitzaion, eta horregatik darama orain tirita bekokian. Mina hartu zuenez, Pupu izena jartzea erabaki zuten.
Ikuskizunean agertuko diren pertsonaien artean, bestalde, Tiritatxo medikua dago. Osasuntsu egoteko kontuan hartu beharreko aholkuak emango ditu hark. Largabista basozaina, berriz, animaliak eta natura biziki maite dituen gizona da, eta txakurrak nola zaindu behar diren azalduko du. Marikalanbre zientzialaria eta Txintxo robota ere ez dira oso urruti ibiliko. Kantuan eta jolasean ibiliko dira denak, alaitasunez hezteko asmoarekin.
PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS
Noiz. Gaur, 18:30ean.
Non. Donostiako Trinitate plazan.
Sarrera. 8 euro.
Pupu eta Lore, Donostian
'Ongi etorri, Pupu eta Lore' ikuskizuna eskainiko dute gaur Pirritxek eta Porrotxek Trinitate plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu