Asteburuko proposamenak

Putxeren epeltasunean

Euskal Herriko Putxera Txapelketa egingo dute gaur Loiun. Aurtengo txapelketan 140 taldek baino gehiagok hartuko dute parte

Euskal Herriko Putxera Txapelketak herritarren artean ikusmin handia sortu ohi du. JON HERNAEZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Historiak dio putxeraren jatorria XIX. mendean dagoela. Negu hotzari aurre egiteko, trenbide sareko langileek makinetako ikatzaren berotasunarekin prestatzen zituzten jaki beroak. Horretarako, gaur egun, putxera izenez ezaguna den eltzean kozinatzen zituzten babarrunak, poliki-poliki egin zitezen.

Usadio horrek bizirik jarrai dezan, Euskal Herriko zenbait udalerrik putxera lehiaketak antolatzen dituzte urte osoan. Loiun (Bizkaia), esaterako, herritar gutxi batzuek putxerak erabiltzen dituzte babarrunak edota babak prestatzeko. Hala, tradizioari jarraipena emateko eta ezagutarazteko, Euskal Herriko Putxera Txapelketa egingo dute gaur.

Josu Andoni Begoña Loiuko alkatearen esanetan, urte osoan herrian antolatzen diren ekitaldiek herriari «herri izaera» ematen diote, eta Putxeren Txapelketa horietako bat da. Aurtengoa, bederatzigarren aldia izango da. «Aurtengoan, ordea, Euskal Herri mailara jauzi egin nahi genuen, eta Loiuko txapelketa izan beharrean, Euskal Herriko Putxera Txapelketa izenez izango da». Herriko gastronomia islatzeko parada handia dela ezin da ukatu. Gaur egingo den jaia herritarrek azkeneko asteetan erakutsi duten borondatearen fruitua izango dela nabarmendu du alkateak.

Urtez urte, parte hartzaile kopurua handituz doa Loiuk antolatzen duen putxera txapelketan. Iaz, esate baterako, 140 putxera inguru aurkeztu zituzten. Parte hartzaile gehienak herrikoak bertakoak izan arren, Euskal Herriko txoko askotatik joandakoak ere badira, baita atzerritik ere.

Izena eman duten taldeak 11:00etan hasiko dira babarrunak prestatzeko lanetan. Talde bakoitzak sekretupean dituen osagaiak bota ditzake lapikora, eta, 12:30etik 14:30era bitartean, epaimahaikideen aurrean aurkeztu beharko dute. Ondoren, herriko frontoira bertaratu diren 400 lagun ingururen aurrean erakutsi, eta herri bazkariaegingo dute, putxeren epeltasunean.

Otordu emankor horretan musika doinurik ez da faltako.Luhartz taldeak girotuko du arratsaldea. Tarte batean, ordea, etenaldi bat egingo dute sari banaketei bide emateko. Euskal Herriko Putxera Txapelketako talde irabazleak 600 euro, txapela eta garaikurra eramango ditu etxera. Lehen hogeietan sailkatu diren partaideak ere ez dira esku hutsik aterako. Euskal Herriko Txapelketa izan arren, herrialde mailan onenak izan direnei ere aitorpena egin eta saria emango diete.

Sari banaketak, ordea, ez dio egunari amaiera emango. Eguzkia sartzearekin batera, jaia frontoitik herriko tabernetara igaroko da, eta elektrotxarangak jarriko dio ginga egunari.

Putxera Txapelketa



Gaur, 09:00etan hasita, Loiun (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.