Rabanne, hamar urratsetan

'Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak' erakusketak Paco Rabanneren eta Pasaiaren bilakaera islatzen du hamar espaziotan. Asteartean zabalduko ditu ateak.

Irudimenezko basoa-n, El acomodador operan erabilitako jantziak gatzezko Estigia lakuaren gainean daude, eta ikusleak inguratu egiten ditu. ANDONI CANELLADA / ARP.
Kerman Garralda Zubimendi.
Pasaia
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Pasaiako (Gipuzkoa) herriak aspalditik zuen gogoa Paco Rabanne herritarraren omenezko tarte bat zabaltzeko. Urteetako lanaren ondoren, asteartean irekiko ditu ateak Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak erakusketak. Urte amaierara arte egongo da bisitagai, Trintxerpeko Ziriza eraikinean. Rabannek horrela izatea nahi izan du: beste hiri batzuk ere interesatu dira berari buruzko museo bat egiteko, baina jostunak Trintxerpen izatea nahi zuen, jaioterrian.

Erakusketak, hamar espazioren bitartez, Rabanneren eta Pasaiaren bilakaera islatu nahi du. Horretarako, antolatzaileek Rabanneren jantziak, ikus-entzunezkoak, egunkarietako zatiak... bildu dituzte, Enrique Santiago zuzendari artistikoaren hitzetan, «bidaia emozional eta espiritual» bat egiteko.

Bidaia 1936. urtean hasten da. Aitak errepublikaren alde egin zuen borroka. Ama, berriz, alderdi komunistako kidea zen. Ondorioz, Rabanne oraindik haurra zela, Rabaneda Cuervo sendiak Pasaia utzi eta Bretainiara ihes egin behar izan zuen. Pasaia suntsitzen espazioan, Jone Aranzabal artistak gerrak eragindako itolarria irudikatu nahi izan du. «Argi gutxiko tokia da, musika ilunarekin, eta bero handia egiten du... Rabannek bizitako egonezina jaso nahi izan dut», azaldu du Aranzabalek. Era ilunpetsu batean, Rabaneda Cuervo familiaren suntsitutako etxea irudikatu du Aranzabalek; tartean, fusilatu aurretik aitak idatzitako eskutitza dago. Francok Pasaia bisitatu zueneko argazki bat ere ikus daiteke.

Ane Baztarrikak jaso du familiaren ihesa: geroz eta argiagoa den oihalezko tunel bat egin du horretarako. «Herdoilaren kolorea erabili dut oihalak tindatzeko. Oso pigmentu primitiboa da, eta, gainera, kresalaren erruz, Pasaia ongi islatzen du», esan du Baztarrikak. Eta, gaineratu duenez, tunelean aurrera egin ahala, geroz eta pigmentu gutxiago erabili du, argi gehiago sar dadin: «Gerraren iluntasunetik, askatasunaren argitasunera goaz».

Tunelaren amaieran hirugarren espazioa dago: Itzulerak. Rabannek 1996, 2002 eta 2003. urteetan Pasaiara egindako bidaiak gogoratzen dira. Hor ere, Baztarrika oihalekin eta pigmentazioekin jolastu da. «Kasu honetan, pigmentazio urdina erabili dut, inguratzen gaituen itsasoa irudikatzeko. Behealdean gatza ere bota dut, eta, gazitze prozesu baten ondoren, oihalak xurgatu egin du».

Pigmentazioarekin era ekologiko batean lan egiteko, Baztarrikak Japonian eta Herbehereetan ikerketa lana egin du. Rabannek erakusketa ez du itxia eta zurruna izatea nahi, esperimentazioa eta ikerketa bultzatu nahi ditu.

Rabannek, Illunbe musika elkartearekin eta Barañain fundazioarekin batera, El acomodador opera sortu zuen, 2003an. Irudimenezko basoa espazioan, Gema Duran artistak opera museora eraman du. «Bisitariak Estigia lakua inguratuko du, eta, bitartean, operan erabilitako jantziak ikusiko ditu», azaldu du Duranek.

Baina, Rabanneren bizitzaz gain, Trintxerperen bilakaera ere ikus daiteke erakusketan. Wichita zinema espazioan —portuak ekarritako aberastasunengatik, Wichita, Dolarraren Hiria deitzen zioten auzoari—, Trintxerperi buruzko dokumentalak ikus daitezke. Eta, Paristik Maitasunez tartean, egunkarietako zatien eta bozetoen bidez, proiektuaren bilakaera ikus daiteke.

Lehen ideiatik azken emaitzara, asko aldatu da proiektua. Tartean bete ez diren promes asko egon dira. Baina muina, Rabanneren nahia, bete da. «Urteak daramatzagu horrelako zerbait egin nahian. Duela urtebete hasi ginen Ziriza eraikina moldatzen», adierazi du Xabier Baztarrika aholkulari artistikoak. Muntatze lanetan, Gurutze Gorriak eta errefuxiatu talde batek lagundu diete: «Rabanne errefuxiatua izan zen. Orain, errefuxiatu talde batek lagundu digu proiektua gauzatzen», gaineratu du Baztarrikak. Esaterako, museoaren erdigunean, saharar bikote batek egindako oihal koloretsu bat dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.