Komunikazioa. Mortimer Flintx, Harry Kozkor eta Jay Zip. Info7ko kolaboratzaileak

«Rap kontzertu batean jarriko genituzke politikari mafioso guztiak»

'Xolomo Gangsta' rap irratsaioa ematen dute Info7n ostiralero, 22:00etan. Musika umorearekin uztartzen ari dira otsailetik.

BEÑAT IMAZ.
urtzi urkizu
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Euren benetako izen-abizenak zein diren ez dute esan nahi izan Mortimer Flintxek, Harry Kozkorrek eta Jay Zipek. Gure aldetik, elkarrizketa non eta nola egin dugun ere ez dugu plazaratu nahi, badaezpada ere.

Nondik nora sortu duzue Xolomo Gangsta rap saioa? Nola sortu da proiektua?

Ba, egia esan, parranda bateko gauza izan zen. Betidanik ibili gara hip hop kulturan murgildurik… Buruan geneukan irrati saio bat egiteko ideia, eta kubata artean, Info7 irratiko langile batekin egin genuen topo. Saio bat egitea proposatu zigun, eta horrelaxe izan zen gure hasiera… nanana.

Ba al daukazue Raparen inguruko beste irratsaioren bat eredutzat?

Ba, duela denboratxo bat, bazegoen Orereta aldean saio bat, Al Jazeera base, geroJesus Gileta Pasa la Vida izena hartu zuena… Oso gustuko genuen dinamika hura; rap ona entzutea eta tarteka barre batzuk botatzea. Eta Cope ere erreferentzia moduan daukagu; izugarrizko txisteak botatzen dituzte, like Kalzadako Txikito, you know.

Irratsaioaren izena berezia da. Gangsterrak zarete ala solomoa gaztarekin jaten duzue?

Izena ere parranda bateko gauza da, kasualitatea… kar-kar! Ba, ez bat, ez beste… Gangsterrekin txistorrak eta solomoak egiten ditugu geure etxeko trastelekuan, eta, ondoren, soziedadean jaten ditugu, like Azken Afaria. Edo etxe ondoko barbakoan, homie eta txakurrekin, you know.

Euskal Herriko politikagintzan zer dago gehiago, xolomotik ala gangsterretik?

Euskal Herriko politikagintzan… gangster txar asko dago; demokrazia hau like diktadura da. Baina diferentzia da hiru diktadoreren artean uzten dizutela hautatzen. Hori da gure ikuspuntua. Gustura jarriko genituzke politikari mafioso guztiak rap kontzertu baten erdian, pixka bat gozatzeko gure artean.You know what I say, dancing like Kaponata Oilaskoa. Praaaa! Josu Jonekin gatazka dezente izan dugu merka-ren monopolioa gureganatzeko. Azkenik, bere bizitza estimatu, eta jokotik alde egin zuen, running like Ben Johnson.

Rap musika da saioaren ardatza. Zer irizten diozue gaur egun Euskal Herrian egiten den rapari?

Primerakoa iruditzen zaigu euskal rapa, eta, gehienbat, azkenaldian egiten ari dena. Iparraldetik Arabaraino, Kantauritik Nafarroaraino, herrialde askotan ari dira agertzen rap talde berriak, eta guretzat albiste ezin hobea da. Duela gutxi, gauza pixka bat geldirik zegoen, baina gaur egun daukagun panorama bikaina da eta gure saioan animatu nahi ditugu talde berri nahiz zahar guztiak, gauzatxoak pasatzeko, elkarrizketak egiteko… So, promozioa egiteko, argi eta garbi! Horretarako dauzkagu geure bloga (xolomogangsta.blogspot.com) eta [email protected] helbide elektronikoa.

Euskaraz ere badago rap eta hip hop talderik. Oihartzun nahikoa dutela uste al duzue?

Gure ustez, oraindik badago pentsaera hori —es que en euskara no mola—. Baina, pixkanaka, belarria moldatzen joaten da, eta, gure ustez, ez da mola o no mola kontua, baizik eta zenbat eta euskaraz rap gehiago egin orduan eta entzule gehiago izango garela. Hartara, ez zaigu arraroa suertatuko euskaraz kantatutako rapa entzutea. Euskaraz badago rapa, eta oso-oso ona, gainera.

Eta bertsoak hip hoparekin nahastearen kontuaz zer diozue?

Ba, primeran! Like SevenUp with Ron Barcelo. Nahasketa ederra! Kar-kar! Inprobisazioak egiten dituzten bertsolariak eta freestyl-ak botatzen dituzten raperrak oso antzekoak dira. Betidanik nahastu dira rap idatziak beste kultura, musika mota eta doinuekin. Hori da hip hop —eta rapa, zehazki— kasu honetan horren handia egiten duten gauzetako bat, kulturalki oso irekia dela, like Donostia. Azken hori ironia zen, e…

Patxi Lopez lehendakariari rap bat egitekotan, nola laburbilduko zenukete?

Raparen munduan, berria denari eta kulturaren sentimendu falta duenari Chichote edo Chichi deitzen zaio. Ba, Patxi Lopezen abestiaren izenburua Pachichote Lopez izango litzateke.

Gure inguruko irrati publikoren batean onartuko al lukete zuen estiloa?

Onartu beharko lukete, ezinbestean. Glock-aren aurrean dena da laguntasuna eta irribarreak, like txiste de Al Capone.

Eta Euskaltzaindiko beteranoek zer esango dute zuen hizkeraz?

Euskaltzaindiko beteranoei belarriak lehenengo saioan lehertu zitzaizkien. Booom! Txistu zorrotza belarri guztiontzat, ostiralero, 22:00etan, Info7n.

Rap anti-nuklearrarekin pentsatu al duzue saioren bat egitea?

Egia esan, ez dugu pentsatu… eskerrik asko ideiagatik.

Musikarik gabe ba al dago bizitzerik?

Eeez. Eta forfi-an suspentsio pneumatikorik eduki gabe ere ez, ezta blokean bad boy aurpegia jarri gabe ere! Kar-kar-kar, honelakoa da geure bizitza, thug life like Dioni with furgon, you know?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.