Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Raul Moreno, errekarri baten antzera

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Sarritan erakutsi dut leiho honetan Jerezeko ardoak zehazki, eta Cadizekoak oro har, oso gogoko ditudala. Gaurkoan ere Jerezeko ardo tradizionaletatik aldentzen den ekoizle bat dakarkizuet, bide desberdinak arakatu eta lantzen dituena: Raul Moreno. Raul sevillarra da jaiotzez eta munduan zehar ibili da urte askoan, hara eta hona. 18 urterekin Sevillako La Taberna del Alabardero-nzuen lana utzi eta Londresera joan zen, Marco Pierre Whitek zuen Mirabelle jatetxe fin eta bikainaren sukaldean aritzeko, jantokira pasatu aurretik.

Hizkuntzan eta formakuntzan lan handia egin ondoren, WSET diploma eta Master Sommelier maila gorena lortuta Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen jauzi, Joel Antunes chefaren sommelier taldean aritzeko, eta Australiara joan zen geroago; han ikasi zuen bizitzan «arriskatzea eta esperimentatzea» merezi duela.

Australiara iritsi zenean, ez zuen sommelier lanik aurkitu, eta, urpean igeri egitearen oso zalea zenez, instruktore moduan aritu zen Melbourneko akuarioan. La Gran Barrera de Coralera joan zen geroago, jendea marrazoekin igeri egitera eramateko.

Abentura sasoi hori atzean utzita, ardo-inportazio negozio bat jarri zuen martxan, eta, 30 urterekin, Ardoen Zientziak ikasketak egiten hasi zen. Ikasketak amaituta eta Melbourneko unibertsitateko irakaslea zela, munduan barrena mahats bilketak egiten aritu zen, eskarmentua hartzeko.

Ziurrenik, oso neketsua izango zen hainbeste bidaia eta mahats bilketa egitea, baina gaztetasunak eta gogoak urtean sei mahats bilketa egitera eraman zuen; mahats bilketa goiztiarrak eta berantiarrak, Australian, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan, Borgoinan (Frantzia), Portugalen, Austrian, Georgian nahiz Espainian.

Gaur egun, lasaiago bizi da Sevillan, familiarekin eta ume txiki birekin, baina ez du erabat baztertu Australiara itzultzea, han igaro baitzituen bere bizitzako ia hogei urte.

2017an izan zuen lehen aldiz harremana Jerezeko mahastiekin. Zenbait mahastizaini mahatsa erosi eta anforetan eta lurperatutako kvevri —buztin-ontzi handiak— georgiarretan egin zituen ardoak, Las Cepas de Paco eta Las Cepas de Curro izenekin, baina 2021etik aurrera Raul Moreno izenarekin abiatu zuen proiektu propioa. Gaur egun, baditu hamalau ardo merkatuan; tartean, La Pretensión, Dark ’n’ Stormy eta La Castidad, bere bizitzaren zenbait momenturi erreferentzia eginez.

El Puerto de Santa Maria, Jerez eta Trebujenako zenbait mahastizaini mahats ekologikoa erosteaz gain, Sanlucar de Barramedako Mirafloreseko behealdeko mahasti txikitxoak ere erosten hasi, eta palomino mahatsaren klon zaharren aukeraketa masalak egin ditu. Horiekin egin du El Propósito, sakona eta bikaina, legamiapean sortutako ardoa.

Beste hainbat gauza ere egiten ditu Raul Morenok, hemen sartzen ez direnak. Beste batean gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.