Rol eta mahai jokoen erreinua

Rol eta mahai jokoen zale amorratuen topagunea da Gasteizko Valinor kultur elkartea 2006tik. Soslai ezberdineko pertsonak elkartzen dira mahaiaren bueltan.

Valinor kultur elkartea
Lagun talde bat 'Pandemic Iberia' mahai jokoan, Gasteizko Valinor kultur elkartean. VALINOR ELKARTEA
Unai Etxenausia.
Gasteiz
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Ikertzailea? Soldadua? Hiltzailea? Zein da zure rola? Fantasiarekin eta irudimenarekin jolasteko mila aukera daude. Risk, ¡Cabritos!, Uno edo Warhammer, besteak beste. Hainbat abentura, aulkitik mugitu gabe. Jolas batzuek parte hartzaileen arrazoibide taktikoa, estrategikoa, koordinazioa, esku trebetasuna, memoria edo beste trebetasun batzuk erabiltzea eskatzen dute; beste joko batzuk, berriz, azkar erabakitzekoak dira.

Nahi beste rol eta mahai joko daude Valinor kultur elkartearen lokaleko apalategietan. 2006an sortu zuten elkartea. Zaletasunak partekatzen zituen kuadrilla bat zen hasieran. Asko handitu da ordutik, eta herritarrei irekitako aisialdi alternatiboko Gasteizko erreferentziazko gune bilakatu da.

23 bazkide dira egun. Ez da hasierako inor geratzen, baina jende berria sartu da. Horri esker, elkartea bizirik mantentzen da. Jon Pradini bazkide da 2018tik, eta elkarteko presidente joan den urritik. Mahai jokoetan interes berezia duten lagun talde bat dira gaur egun, azaldu duenez: «Espazio honi esker, jende gehiagok jolasteko eta aisialdi mota hau ezagutzeko aukera dauka. Hasieran zeudenetatik inor gelditzen ez bada ere, inoiz baino biziago gaude».

Bazkide egin nahi duen orok 20 euro ordaindu behar ditu hilean, eta 16 urte izan behar ditu gutxienez. Bi hilean behin, gainera, jarduera ireki bat edo bi antolatzen dituzte, eta nahi duenak parte har dezake; bazkide izan ala ez. «Ateak irekita dauzkagu beti, bazkideak hurbil daitezen, guztiek dute beren giltza jokoa, eta instalazioak erabil ditzakete. Baina edonor etor daiteke gurekin gozatzera», gaineratu du presidenteak.

Estereotipoak apurtzen

Friki estereotipoarekin apurtzen duen gunea da Valinor. Izan ere, aurreiritzi horiek ez dituzte elkartean dauden pertsonak definitzen; hala zehaztu du Pradinik. Askotarikoa da bazkideen soslaia: «Oso irekiak eta, aldi berean, oso atseginak gara. Egia da nahiko gazteak garela gehienok, baina aniztasuna dago. Duela urte batzuetako estereotipoak ez du zerikusirik hemen dagoenarekin».

Bazkideak bezala, anitz dira elkarteak dituen jokoak, gustu zein era guztietako jolasak baitituzte: hamar minutuko iraupena duten jokoetatik zazpi orduko iraupena dutenetara. «Ez da berdin jolasteko hogei minutu izatea edo hainbat ordu izatea. King of Tokio jolas azkar horietakoa da. Denbora gehiago eskaini behar zaie beste joko batzuei; Twilight Imperium-i, adibidez. Herri bat bisitatzera edo mendira joatea bezala da mahai jokoekin jolastea. Entretenitzeko modu bat», esplikatu du presidenteak.

Pandemic Iberia da modan dagoen mahai jokoa. «Zaila da irabaztea. Jokalariek normalean galdu egiten dute mahai joko horretan, beraz. Hala ere, oso entretenigarria da, eta espero dugu noizbait irabazi ahal izatea», esan du Pradinik, barrez. ¡Cabritos! da presidentea lotuta daukan «joko sinplea, baina entretenigarria».

Mahai jokoen arrakastaren gakoa mahaikideen artean sortzen den «giro atsegina» izan daitekeela uste du presidenteak. Horrek ez du esan nahi lehiakortasunik ez dagoenik, hori baita mahai jokoen esentziaren parte: «Ez da inoiz gaizki eztabaidatu, eta ez da aparteko ezer gertatu. Baina jendea lehiakorra da».

«Espazio honi esker, jende gehiagok jolasteko eta aisialdi mota hau ezagutzeko aukera dauka».

JON PRADINIValinor elkarteko presidentea

Eguneroko arazoez deskonektatzeko eta mahai jokoan bete-betean sartzeko balio du Valinor espazioak. Bizkortasun mentala hobetzen laguntzeaz gain, lagunekin gozatzeko modu bat dira mahai jokoak: «Lagun giroan lasaitzeko ere balio du gune honek. Ez dugu geuri buruz hitz egiten. Beste barik, jolasean aritzen gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.