Rolwaling, ibar ezezaguna

Khumbun izan zirenean Rolwaling ibarraz liluratu ziren Jonatan Larrañaga eta Manu Cordoba. Noiz edo noiz hara joango zirela hitzeman zioten elkarri.

Ainhoa Lendinez
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Manu Cordoba eta Jonatan Larrañaga lehenengoz joango dira Rolwalingera, Himalaiako ibar basatira. Orain bost urte, Khumbun izan zirenean, Tengkampoche (6.500 m) eskalatu zuten, eta orduan liluratu zituen Rolwaling ibarrak. «Gailurrez eta glaziarrez beteriko eremu ikaragarri bat» ikusi zuten tontorretik, eta noiz edo noiz espedizio bat egingo zutela zin egin zioten euren buruari. Rolwaling ibarra nahiko ezezaguna da, eta oso informazio gutxi dago hari buruz. Gaurisanka (7.100 m) da inguruko mendi garaiena, eta iparraldean, Txinan, Melunche (7.175 m) dago, beste tontor handietako bat. Nepal osoan bezala, 2.500 metroraino oihana da nagusi Rolwaling inguruan. Hortik gora, pinu eta errododendro basoak 3.200 metroraino. Larrañagak azaldu duenez «oso leku ugaria» da 4.500 metroraino, orotariko floraduna. Goialdean, berriz, zuritasuna da nagusi. Glaziarrek biltzen dute inguru osoa. Espedizio komertzialek ez dute begiz jo Himalaiako altxor ezezagun eta basati hori, eta horrek ere erakarri ditu bi alpinistak.

Oraindik ez dute erabat zehaztu zein mendi igoko duten. Eguraldiaren eta baldintzen arabera erabakiko dute. Baina hainbat aukera dauzkate buruan: Dragna Ri (6.604 m), esaterako, Ripimo Shar glaziarrean. Eskalada mistoan ariko dira Larrañaga eta Cordoba, halako mendi garaietan edozer aurki dezaketelako: elurra, izotza nahiz biak uztarturik. 1.800 bat metroko desnibela duten hormak igo beharko dituzte, eta bi edo hiru bibak ere egin beharko dituzte horman.

6.000 metrotik gora, hotzak eta garaierak nabarmen gogortuko die eskalada. Hori guztia kontuan hartuta, bi mendizaleak estilo alpinoan arituko dira, horman azkarrago mugitzeko. Izan ere, halako mendietan «arrisku objektiboak» handiak dira, eta azkar eskalatzea oso garrantzitsua da eremu arriskutsuetan ahalik eta denbora gutxiena egiteko.

Eguraldi oneko lau edo bost egun beharko dituzte helburua betetzeko. Gutxieneko materiala, bi soka lagun eta bide berri bat Himalaiako mendi garai batean. Larrañagak berak esan duenez, «artista batentzat mihise bat margotzearen parekoa» izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.